Euskarazko testuen komunikagarritasun-problema larriak (3)
Irakurri lehen eta bigarren atalak.
2) Adierazpen grafikorik gabeko pausaldia eta "Velcro efektu" gogaikarria
Euskaraz ahoz ari garenean egiten dugu pausaldi bat, zeina idatziz ez baita adierazten inolako zeinu berezirekin. Ondorioz, idatzitako testua irakurtzen dugunean, grafikoki adierazteko inolako etenik ikusten ez dugunez, ez dugu detektatzen, eta horrek atea irekitzen die gaizki-ulertuei.
Testu bateko ondoz ondoko edozein bi hitz sintaktikoki uztartzea bideragarria den bakoitzean, uztardura hori egiteko berezko joera sortuko da irakurlearengan, eta horrenbestez, hitz horiek bata besteari semantikoki lotuta daudela interpretatuko du, baita berez halako loturarik ez dagoenean ere. Horrenbestez, ez bada argi agerrarazten halako loturarik ez dagoela eta, are gehiago, pausaldi edo eten bat egon badagoela, arriskua da irakurleari iradoki ahal izatea testugileak bilatzen ez duen esanahi bat.
Pausaldi horrek ez dauka antzik ikur berezi batekin adierazten direnekin. Koma batena baino eten laburragoa da.
Horregatik uste dut komak euskaraz egun daukan erabilera-eremua zertxobait zabaldu beharko genukeeela eta pausaldi berezi hauek ere koma bidez adierazi.
Ikus ditzagun adibideak:
- "Infernua ez maitatzean datza". Zer datza, ba, infernua ez maitatzean? Ez, ez da horrela interpretatu behar, baizik eta honela:"Infernua(,) ez maitatzean datza". Baina pausa hori ez dago grafikoki adierazita. Eta adierazi beharra dago. Nik komari ez diot problemarik ikusten.
- "bienes de fácil realización" = "diru erraz bihur daitezkeen ondasunak". "Dinero fácil"?
- "Hemen daude pilatuta(,) dauzkadan fitxa bibliografiko guztiak" / "Hemen daude(,) pilatuta dauzkadan fitxa bibliografiko guztiak"
Eta ikus ditzagun orain kasu berezi batzuk:
a) Izenlagunak erabiltzean, pitz bedi alerta gorria
Euskaraz izenlagunak ez dauka malgutasun handirik. Izenlagunak eta izenak osatzen duten multzoa unitate zabalagoetan txertatzean, ulermen-problemetarako bidea irekitzen dugu.
Adibidez:
- "informe favorable" = "aldeko txostena". Baina "Es preceptivo el informe favorable de la Intervención" = "Kontu-hartzailearen aldeko txostena...". "Kontu-hartzailearen aldeko"?
- "interés legítimo" = "bidezko interesa". Baina: "El interés legítimo de la institución" = "Erakundearen bidezko interesa". "Erakundearen bidezko"?
b) Izenlaguna ala adizlaguna?
"Eskarmentuak margolana ikusteko mihisetik urrundu behar dela irakasten du". Esaldi hau bi modutara uler daiteke: 1) Mihisetik urrundu beharra dagoela helburua (margolana ikustea) lortzeko. 2) Velcro efektuaren eraginez "margolana ikusteko" eta "mihisetik" elkarri itsatsita daudela interpretatzen dutenek ulertuko dute badagoela "margolana ikusteko mihise" halako bat, eta bertatik urrundu behar dela.
[Interpretazio zuzena lehena delakoan, Martinezek honako idazkera proposatzen du: "Eskarmentuak irakasten digu, margolana artez ikusiko badugu, mihisetik urrundu behar garela".]
c) Lehenaldiko aditza eta erlatibozko perpausak
"Zure anaiak aipatu zuen kirola eta margolaritza bere zaletasunik kutunenak direla." Arazoa konpontzen da hitzen ordena aldatuz. [Martinezek gaineratzen du halaber konpontzen dela -tako erlatiboa erabiliz, erlatiboa dagoenean, noski.]

Zabaldu
del.icio.us
Ze interesgarriak/jakingarriak hiru artikulu hauek! Eskerrik asko!!
Miren | 2010-01-21 - 14:46:26 GMT 1 #
Ez horregaitik, Miren. Gehiago etorriko dira gero. Adi!
martinez | 2010-01-22 - 06:25:06 GMT 1 #