Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

20/01/2010 GMT 1

Euskarazko testuen komunikagarritasun-problema larriak (2)

martinez @ 08:06

Irakurri lehen atala.

Komunikagarritasun-problemak banan-banan

1) Atzerakarga
2) Adierazpen grafikorik gabeko pausaldia eta "Velcro efektu" gogaikarria
3) Marratxoa eta izen-elkarteak
4) Marratxoa eta izen berezien deklinazioa
5) Kutsu inpertsonaleko esaldiak

1) Atzerakarga

1.1) Aditzaren atzerakarga

Ideia okerra da euskaraz aditza esaldiaren amaieran jartzearen ezinbestekotasuna. Luzera jakin batetik gorako esaldi gehienak irakurraldi batean ulertezinak dira, aditza esaldiaren amaieran ipintzen bada. Eta ulertezina dena baztergarri bihurtzen da, eraso egiten diolako komunikazioari.
Ideia oker hori suposamendu oker batean oinarritzen da, zeinaren arabera euskararen "berezko" hitz-ordena bailitzateke perpaus bakunean.
Hitz-ordena hori baliagarria da esaldi sinpleetan; ez, ordea, konplexuetan. Eta zein irizpideren arabera erabakiko dugu perpaus bat konplexua dela eta, beraz, aditza aurreratu beharra dagoela? Erreferentzia objektiboa perpaus txertatu baten presentzia da.
Ulergarritasunaren logikak ezartzen duen beharkizun horren erakusgarri, ikus ditzagun alemanetik hartutako adibide batzuk.
 Walter hat die Wahrheit gesagt.
 Walter hat gesagt, dass Europa die deutsche Siegermentalität fürchtet.
Euskaraz horixe egiten dugu ia beti solasean ari garenean.

1.2) Atzerakarga arintzearren, atzerakarga bikoiztua

Adibidez: "Jaurlaritza ez dela neurriak hartzeko gai diote ekologistek." Aditza atzeratuta dagoela konpontzearren, eta subjektutik hurbilago egotearren, aditza aurreratu beharrean, subjektua ere atzealdera eraman da. Beraz, bi atzerakarga dauzkagu: aditzarena eta subjektuarena. Horrelako esaldiak errealitatean inork ez ditu esaten. Gainera, lortzen duten onura bakarra da esaldiaren amaiera arte ezin jakitea subjektua nor den.

1.3) Ezezkoak

Ezezko perpausetan aditz laguntzailea eta nagusia bereizi egiten dira eta nagusia esaldiaren amaieran ipintzen da. Adibidez: "Zergatik ez da Foru Aginduak ezartzen duen diru-kopuru osoa erabili?".
Ez al dago honela idazterik?: "Zergatik ez da erabili Foru Aginduak ezartzen duen diru-kopuru osoa?".

1.4) Izenaren atzerakarga

"Ez dago egin beharreko aldaketa guztia burutzeko nahikoa indarra duen eragile publikorik".

1.5) Atzerakarga, testuek erdietsi beharreko konplexutasunaren oztopo. Proposamena.

Zenbat aholku-emailek diote testu konplexuak sinplifikatu, deskonposatu, xehatu behar ditugula euskaraz. Hori orain arte hobetsitako euskara-eredu batek esaldi konplexuak adierazteko dituen muga edo ezintasunak mozorrotzea besterik ez da.
Ni sinplifikazioen kontra nago. Horretarako proposatu diren zenbait teknikak (esaldia zatikatu, erlatibozkoak disolbatu) ez dituzte sendotuko euskararen adierazpideak, baizik eta hizkuntza-eredu apal, indargabe eta trauskil batera eramango gaituzte.
"Aitona-amonen euskara", jakingarri, argi-emaile eta inspirazio-iturri oparoa izanda ere, ez da baliagarria hizkera espezializatuen konplexutasunari eta sotiltasunei erantzungo dien eredu bat eskaintzeko.
Euskaraz badaude zenbait espresio, jatorriz enfatikoak izan arren, atzerakarga arintzeko oso aproposak direnak: noiz eta, zertaz eta, zertarako eta, non eta eta tankerakoak. Haien jatorrizko esanahi enfatikoa ez da oztopoa modu ez enfatikoan erabiltzeko.

Erantzunak

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!