Letra larriak idazteko irizpideak (5)
2.2.2.- Animalia-izen bereziak
Izen bereziak, larriz:Pintto txakurra, Rocinante zaldia, Dolly ardia, Txita txinpantzea, Flipper izurdea, Islero zezena, Moby Dick balea...
Arrazak eta aldaerak, xehez:dobermana, pertxeroia...
2.2.3.- Gauzakien izen bereziak eta abstrakzioak
2.2.3.1.- Abstrakzioak eta pertsonifikazioak
Letra larriz hasita idazten dira izaki bizidun gisara aurkezten diren izen arruntak: Gure artean Bakea betiko bizi izango da. Gauaren erdian etorri zen Herio. Orduan Justizia agertu zitzaidan, eskuan balantza zuela. Agur eta ohore, andre Askatasuna!
Ikurritz, goiburu eta leloetan ageri diren hitz nagusiak ere letra larriz hasita idatz daitezke:
“Ekin eta Jarrai” da Euskaltzaindaren ikurritza. “Asmoz eta Jakitez” Eusko Ikaskuntzarena. Hona hemen Frantziako Errepublikaren ikurritza: “Askatasuna, Berdintasuna, Elkartasuna”.
Luzeagoak edo esaldi osoak direnean, berriz, letra xehez:
Muxika arerioagaz haginka (muxikatarren leinuaren goiburua).
Fidelissima Vardulia nunquam superata (Gipuzkoaren armarriko goiburua).
2.2.3.2.- Gauzakiak
Izen berezia dutenean, letra larriz hasita: Excalibur (ezpata), Tizona (ezpata), Max Luzea (kanoia)...
2.2.3.3.- Ibilgailuak
Berdin: Enola Gay (hegazkina), Apollo 11 (espazio-ontzia), Prestige (itsasontzia), Ama Guadalupekoa (trainerua)
2.2.3.4.- Produktuak
Sor-marka ofizialen hitz guztiak letra larriz hasita idazten dira: Getariako Txakolina, Errioxako Ardoa, Idiazabalgo Gazta...
Horietaz aparte, generikoak, xehez:
Zer nai duzu: Bakiko txakolina ala Getarakoa?
Errioxako ardoa gero eta garestiagoa da.
Erabilera metonimikoetan (lekua produktuaren ordez), letra xehea:
Atera bi erroixa eta rueda bat.
Enpresen produktu eta zerbitzuen izenak, larriz:
Euskaltel Leihoa zerbitzua, Kredikutxa Pertsonala kreditua, Visa Classic txartela...
2.2.3.5.- Markak eta modeloak
Letra larriz hasita idazten dira: Bi Kas, Cinzano bat eta hiru Campari. Minak dago eta Nolotil bat hartzeko esan diot. Microsoften Word, Excel eta Powerpoint dira erabilienak.
Hala ere, batzuetan izen arrunt bilakatu dira eta horrelaxe agertzen dira hiztegietan. Orduan, letra xehez: aspirina, zelofana, uralita...
Teknologia eta aplikazio informatiko izenekin bi erreferente aipa daitezke: bata, aplikazioa bera (Powerpoint aplikazioa, adibidez), eta bestea, horren emaitza (“powerpoint bat bidaliko dizut posta elektronikoaz”). Oso formalak ez diren idazkeretan xehez idatz daitezke, beraz.
2.2.3.6.- Internet
Hizkuntza guztietan bezala, letra larriz idazten da eta izen berezi gisa deklinatu. Letra xehez idatzi behar dira, berriz, Internet ez diren gainontzekoak: intraneta, estraneta...

Zabaldu
del.icio.us