Euskaldunberri
Ramon Etxezarretak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, badio Euskararen Berripaperan 'euskaldunberri' kontzeptua desagerrarazi beharko litzatekeela euskal hizkeratik.
Eta estatistika ikerkuntzatik ere bai, sailburuorde jauna? Eta soziolinguistikatik ere bai? Jakina. Estatistikatik eta soziolinguistikatik kendu beharko genituzke bai berba bai kontzeptua. Eta, are inportanteago, euskaldunberritzat jotako guztien burutik, bihotzetik, barnetik eta gogotik. Zergatik? Oso ondorio latzak ekarri dizkiolako euskarari.
Euskaldunberri ia guztiengan sumatu dut gutxiago izateko, gutxiago balio izateko konplejua; euskaldunzaharren aldera, noski. Zer pentsa, bestela, bigarren mailako sailkapen-laukitxo batean sartuta?
Gutxiago izateko uste horrek segurtasun eza ekarri du. Segurtasun ezak areagotu egin du gutxiago izateko ustea eta horrek ezinbestez dakar berez gauzak gaizki, oker eta gogo barik egitea.
Ezagutzen dudan euskaldunberri bat hizlari bikaina da. Euskaldunzahar askok uste dute euskaldunzaharra dela, euskaraz primeran hitz egiten duelako eta sekula ez duelako aitortzen euskaldunberri izate hori. Zuzen-zuzen galdetuz gero, erantzun ohi du "kaleko euskara" ikasi duela, non eta andaluziarrez jositako Bilboko auzune batean! Delirantea benetan.
Beste euskaldunberri bati entzun diot unibertsitateko irakasle batekin hitz egin zuen aurreneko aldiz, irakasleak hauxe galdetu ziola: "Zu euskaldunberria zara, ez da?". Ez zen batere hasikera ona. Ikasleak berehala jakin zuen irakasleak ez zuela berarengandik gauza handiegirik espero eta uste on ez horrek bere isla izan zuen kalifikazioetan.
Horren guztiaren ondorioz, euskaldunberri bat baino gehiago ikusi ditut gogogabeturik euskaratik aldentzen, urruntzen, nazkatzen: "Bigarren mailako hiztuna naiz? Ez naiz fidatzekoa, kalte edo egingo diodalakoan euskarari? Gorde ezazue, bada, zeuen hizkuntza zeuentzat y dejadme en paz."

Zabaldu
del.icio.us
Gaur aurkitu dut zure bloga: oso interesgarria iruditzen zait.
Hala ere, posta honekin ez nago ados. Desagerrarazi behar dena ez da euskaldunberri-kontzeptua, baizik eta jendeak euskaldunberriekiko duen jarrera. Soziolinguistikazko kontzeptu gisa baliagarria da, eta gainera soziolinguistikan aritzen garenok normalean ez diogu kontzeptuari konnotazio negatiborik gehietzen. Gizarteak du arazoa.
Beste posta batean idazten duzu neska eta emakume hitzak iraintzeko erabili ohi direla euskaraz. Horregatik ez ditugu hitzak kendu behar, baizik eta sexismoarekin akatu.
Ez naiz euskaldunberria, baizik eta soziolinguistikari finlandiarra, momentuz hitztegi barik liburutegian dagoena. Espero dut mezuaren edukia ulertzen dela.
Hanna Lantto | 2009-10-22 - 13:14:05 GMT 1 #
Ederto ulertu dut zure mezua eta neurri handi batean bat nator zurekin. Kontua da soziolinguistikako euskaldunberriaren kontzeptu teknikoak gainditu egin dituela soziolinguistikaren mugak eta kalera, gizarte arruntera egin duela salto, zoritxarrez egin ere. Beraz, kalean erabiltzen duenak zientziaren bedeinkazioa du. Eta badakit soziolinguistikan kontzeptua guztiz neutroa dela, ez bero ez hotz, baina hortik kanpo jendea sailkatzen, maialakatzen, hierarkizatzen, baztertzen du.
Oso pozik zurekin hitz egiteko aukera izateaz. Espero dut hurrengo batean ere iritziak trukatzeko modua edukitzea.
martinez | 2009-10-25 - 09:13:31 GMT 1 #