Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

05/10/2009 GMT 1

Kaleen izenak

martinez @ 06:58
 
 
 
Kale izendegiak: izenak hautatzeko irizpideak eta erabiltzeko arauak

Iturria: www.erabili.com

Nik laburtuta.

Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak antolatuta, "Toponimia gizarteratzea: aukerak eta egindako lana" izeneko ikastaroan (Durango, 2009-6-4) Mikel Gorrotxategik emandako hitzaldia irakur dezakezue jarraian.

Atarikoak

a) Izenen aukeraketa. Toponimoak pertsona izenak?

Izendegi bat osatzean lehenengo puntua izenen aukeraketa da. Euskal Herrian ez dago hori arautzen duen legerik, baina nazioartean badira lege batzuk nola edo hala alde hau ukitzen dutenak.

  • Gomendio nagusia tokian tokiko izenak (toponimoak) erabiltzea da. 2007an Izen Geografikoen Normalizazioari buruzko Nazio Batuen 9. Konferentziak ebazpenean toponimoak kultura-ondare ukiezinaren parte direla zehazten du.
  • Ondorioz pertsona izenen erabilera murriztu beharko litzateke, Nazio Batuen aholkua jarraiki. Aipatutako erakundeak bi proposamen ditu, bizi direnen izenak ez erabiltzea eta heriotzatik erabili arte epe bat jartzea.

Bigarren arau hori leku askotan dago indarrean. EE.BB-etan eta Kanadan, besteak beste, debekatuta dago legez bizirik dagoen inoren izena erabiltzea. Lehenengo kasuan hamar urte eman behar dira hiltzen denetik izena erabili arte, Kanadan berriz urte osoa nahikoa da espedienteari ekiteko. Suitzan eta Nicaraguan ere antzeko legediak daude. Lege hauen helburua jende ezagunaren, kirolarien, kantarien eta abarren heriotzak dakarren beroaldia baretzea da.

b) Estandarizazioa zertarako?

Nazio Batuek azpimarratu dute estandarizazioaren beharra, besteak beste, arrazoi praktikoengatik. Baina ez da bakarrik, eta hemen aipatutako gomendio horiek labur gelditzen dira, arautu behar, normalizatu ere egin behar da.

Kontzeptu bi horiek argi eduki behar dira.

Arautzea maila landuari dagokio, idazteari batik bat, eta izen horiek erabilera estandarra finkatzean datza: Bilbo edo Idiazabal.

Normalizatzea izenaren egoera soziolinguistikoari dagokio eta izen hori ongi erabiltzea litzateke. Lehen aipatutako kasuetan Idiazabal ongi normalizatuta dago. Hiztunek ezagutu eta erabiltzen dute, nahiz eta inguruan ahoz Izaal modukoak arruntak izan. Izena ofiziala ere bada. Bilbo, ere, nahiko normalizatuta dago, nahiz eta, harrigarria bada ere, ofiziala ez izan.

c) Proposamenak egiteko aukerak

Biderik eraginkorrena udalak Hirigintzara jotzea da. Bertan, kalea eraikitzeko espedientearen barruan edukitzen dituzte espropiatutako lurren dokumentazioa eta izenak agertzen dira. Bat baino gehiago ageriko balitz egokiena hautatu beharko litzateke. Izena aukeratze lan horren barruan idazkera egokia zein den ere aztertu beharko dugu.

Eredua izan zen garai batean Getxo. Bertako toponimoak erabiltzen zituzten kale berriak izendatzeko eta izenik ez zegoenean herrian bertan galdutakoak berreskuratzen zituzten, hala nola desagertutako baserriak. Hau aski ez zenean mendi izenak erabiltzen hasi ziren, izen hauek erabat neutro eta hizkuntza bietan erabilgarriak zirelako.

d) Hiritarren parte-hartzea

Aukera hau bereziki baliagarria dela izenak aldatzeko, ez berriak jartzeko.

1. Kale, plaza eta besteen izenak

Komeni da izen bakarra jartzea. Izen bikoitza bakar bakarrik onartuko dela desberdinak direnean, Donostia / San Sebastián edo Askatasuna / Libertad modukoetan bezala.

Izenak finkatzean erabilgarritasuna bilatzen saiatu behar da. Hori dela eta, izenak bortxatu gabe, hizkuntza bietan ahalik eta hurbilenekoak aukeratzen ahalegindu gara.

Arrazoi beragatik inoiz azaltzen diren izen luzeak eta erabilgaitzak, bereziki generikoa baduten izenekin, erraztera jo dugu. Generikoa dutenek arazo bi sortzen dituzte: batetik izenak bikoizten dira, generikoak desberdinak izateaz gain joskera dela-eta lekune bana hartzen dutelako (Calle del Doctor Begiristain / Begiristain Doktorearen kalea); bestetik generiko horiek gehienetan eguneroko jardueran desagertu egiten dira, jendeak izen berezia baino ez baitu erabiltzen. Hori dela-eta, nahiz eta proposamenean azaldu, izen ofiziala aldatzea erakunde honi ez, baizik udal agintariei baitagokie, izen generikoa kentzea proposatzen da, hortaz Begiristain kalea / Calle (de) Begiristain.

1.1. Izen bereziekin

Egitura orokorra honako hau da: [ Izen berezia + kalea ]. Adibidez: Aizkorri kalea, Ibaeta plaza, Castelao kalea, etab. eta ez *Aizkorriren kalea, *Ibaetako kalea edo *Castelaoren kalea. Beraz ez da gaztelaniaz maiz agertzen den de preposizioa itzuliko: Calle de Cervantes / Cervantes kalea, Xabier Lizardi kalea, etab.

Gaztelaniazko kale-izenetan lehenbiziko osagaian bertan batzuetan de preposizioa agertzen da izena eta deitura lotuz, (Telesforo de Aranzadi, Juan de Antxieta...). Horrelakoetan, preposizioa kendu egin dugu gehienetan, beregainki tradizio luzerik ez dutenetan: Telesforo Arantzadi, Juan Antxieta, e.a. Erdal deituretan, ordea, de hori gorde egin dugu: Antonio de Sucre kalea, Diego de Rojas kalea. Besterik da, jakina, deitura konposatuetan agertu ohi diren de hori: Torcuato Luca de Tena, esaterako. Hauetan preposizioari eutsi egin zaio, deituraren parte delakoan.

1.2. Izen arruntekin

  • 1.2.1. Izen elkartu gisa

    Konstituzio plaza, Foru pasealekua, Dendari kale, Merkatari plaza, etab. Eta ez Konstituzioaren plaza, Foruen pasealekua edo Dendarien kalea gramatikalki egokiak badira ere.

  • 1.2.2. Genitibo markarekin

Hala ere, zenbaitetan, ez zaigu iruditu bidezko artikulua ezabatzea. Izan ere, batzuetan, sintaxiak hala eskaturik, genitiboaren hondarkia nahitaezko gertatzen da: Probostuen plaza / Plaza de los Probostes, Agirre Lehendakariaren kalea / Calle del Lehendakari Agirre, esaterako, Arbos Musikariaren pasealekuaAreiltza Doktorearen kalea, e.a.

Hala ere, gorago esan bezala, erabilerak generikoa desagertarazi duenean hobe da izen berezia soilik ematea: Jose Elosegi kalea, Areiltza kalea, etab. Ez da horrelakorik proposatzen generikoa kentzea nahasgarria izan daitekeenean, izen berezia errepikatzen den kasuetan esaterako. Horren adibidea Jauregi kalea eta Jauregi Jeneralaren kalea lirateke. Gogoratu bestalde, egungo erabilera ofiziala ez dela bat ere sistematikoa eta era askotan ager daiteke: deitura soila (Elhuyar), deitura bi (Agirre Miramon), deitura eta generikoa (Arbos Musikaria), izen deitura (Arturo Campion) eta izen deitura eta generikoa (Doctor Klaudio Delgado).

Genitibo marka ezin ezabatua gertatzen da, orobat, artikulua nahitaezkoa dugunean: Abuztuaren Hogeita Hamaikako kalea(6), Alfontso VIII.aren kalea, Ternuako Arrantzaleen kalea.

  • 1.2.3. Leku-genitiboarekin

    Batzuetan, -kasu gutxitan, egia esan- deizioak leku bati erreferentzia egiten dionez gero, -en genitiboaren ordez, -ko leku-genitiboa izango dugu. Ategorrietako galtzada zaharra, Areatzako zubia, Amaragañeko kalea, etab. Nongo kasua erabiliko da bestalde zubi edo tunel izendatzean, hori baita erabilera jatorra.

    Baina betiere, sintagma mugatua dugun neurrian, hondarkia (-en nahiz -ko) agerian izango da: *Gurutze Zuria kalea ez, Gurutze Zuriko kalea; *Doktore Begiristain kalea ez, Begiristain doktorearen kalea, baizik.

1.3. Kale izena toponimo zahar bat denean

Horrelakoetan izena bere horretan errespetatzen da, forma ihartutzat emanez. Horrek esan nahi du batzuetan artikuluarekin agertuko dela eta beste batzuetan artikulurik gabe. Nolanahi ere, kasu batean eta bestean hitza oso-osorik gordeko da, izen berezia balitz bezala. Horrela, Errotaetxea kalea edo Urartea kalea, alde batetik, eta Illunbe kalea bestetik.

1.4. Bide osagaia duten kaleak

Hauetan, bide osagaiak aski informazio ematen duenez, kale hitza ez idaztea gomendatzen da. Batzuetan artikuluarekin emango da: Amezketabidea, Agitibidea, etab., eta beste batzuetan artikulurik gabe: Aldapabide, adibidez. Horren arazoia berezko erabilera da, bide-dun toponimoak horrela ibiltzen direlako. Oro har, toponimoa berria denean artikuluarekin emango da.

Bide osagaia aurreko hitzari itsatsia idatzi behar da, Altxuenebidea, Errotazarbidea, Murgilbidea, salbu ezkerreko elementu hori bi hitzez edo gehiagoz osatua egon edo gaztelaniazkoa denean. Adibidez: Elbira Zipitria Andereñoaren bidea edo Aingeru Zaindariaren bidea.

Bideak nondik norakoa aipatzen duenean, berriz, ohikoa izan da Arkaia-Otazu bidea moduko egitura erabiltzea.

1.5. Letra moldeen erabilera

Euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz ez bezala, generikoa atzean doa eta hitz hasieran ez doanez letra xehez idatzi behar da, izen berezia ez bada Kale Txikia edo Plaza Barria kasuetan bezala. Izenaren gainerako osagai guztiak espezifikotzat jo behar dira eta letra larriz idatzi, barnean generikoa badago ere. Hortaz Alamedako Markesaren plaza edo Arteta Margolariaren kalea eta ez *Arteta margolariaren kalea edo *Arteta Margolariaren Kalea.

2. Pertsona izen-deituren grafia

Dudarik ez dago arlo hau dela korapilatsuena eta zailena ebazteko. Bidezkoena hizkuntza bakoitzari berea ematea denez deiturak jatorrizko hizkuntzaren idazkeran emango dira, inguruko auzo hizkuntzetan egiten den bezala, Nebrixa>Nebrija.

Hala ere Espainia edo eta Ameriketan euskal deitura dutenak ugariak izanik gogorra litzateke haiei ere aldatzea, Bolivar askatzailea, esaterako, eta horrelakoetan bere horretan uztea proposatzen da. Gauza bera gertatzen da garaikideak izan eta deitura euskalduntzeko aukera edukirik ere euskaldundu ez dutenekin (Gabriel Celaya edo Pío Baroja modukoak).

Ponte izenen kasuan berriz jabeek erabili zuten moduan jartzea erabaki zen, izen bikoitza, hala erabili zutenentzat gordez. Hala ere Euskal Herriko zenbait pertsonaia historikoren kasuan bidezkoa da euskaraz ematea, Bernat Etxepare, konparaziorako. Ez da gomendatzen mende honen hasierako idazkera. Beraz, Uriarte’tar Joseba Andoni-ren ordainez, Jose Antonio Uriarte emanen da.

2.1. Erdal izenak

Oro har, erdal izen-deiturak, dauden-daudenean utzi behar dira: Calle Ignacio Mercader / Ignacio Mercader kalea, Calle Ramon y Cajal / Ramon y Cajal kalea, Calle Arturo Campion / Arturo Campion kalea.

Dena dela, azentuari dagozkion seinu diakritikoak, hots tilde ikurrak ezaba daitezke.

2.2. Euskal izen-deiturak

Gorago esan bezala euskal deiturak euskal ortografiarekin eman dira, soil soilik. Ponte izenak, berriz, bere horretan utzi dira, idazkera bikoitza pertsonaia historikoa izan edo hala erabili zutenentzat utziz. Beraz: Calle Isidro Antsorena / Isidro Antsorena kalea, Calle Javier Barkaiztegi / Javier Barkaiztegi kalea, baina Calle Bernat Etxepare / Bernat Etxepare kalea, Calle Juana de Albret / Joana Albret kalea, etab.

3. Leku izenen idazkera

3.1. Euskal leku izenen idazkera

Euskal toponimo batez osatutako izenak, euskal grafiara egokitu dira, izen bakarra emanez: Zarautz, Zuhatzu, Munaitz, etab.

Aurreko irizpidearen salbuespena hizkuntza bietan tradizio desberdinak daudenean gauzatu da eta honelakoetan biak eman dira. Beraz, Nafarroa Beherea kalea / Calle Baja Navarra, etab.

3.2. Hitz arrunten itzulpena

Erdal izen arruntak (Ferrerias, Marina, Astilleros etab.) euskarara itzulita eman dira: Oleta kalea (ez Olaeta), Itsas kalea, Ontzitegi kalea, etab.

Badira, ordea, beste deitura berriagoak, erakunderen bati dagozkionak (Ur Zaleak, etab.), hauek izen berezitzat har daitezke eta, horrenbestez, tradiziorik ez den bitartean, ez dugu ukitu beharrik ikusi.

4. Santu izena duten kaleak

Gure tradizioan, bai literaturan, bai onomastikan eta bereziki hagiotoponimian horrela agertzen diren santu izen zaharrekin, aposizio honetaz horniturik azaltzen direnekin(7), Done, Dona erabiltzea gomendatzen da, San, Santa adjektiboak gainontzekoentzat utziz. Hortaz, Done Bikendi kalea, Done Eztebe kalea, Done Joan kalea, baina San Frantzisko kalea. Kristoren ama izendatzeko Andre Maria hobesten da, baina Andra erabiltzen den inguruan azken hau ere erabil daiteke arauan zehazten den bezala.

5. Kale edo plaza hitza aipatu gabe aritu behar denean nola joka?

Errotulaziotik aparte, "kale" hitza eman gabe hitz egin nahi denean, toponimoak, izen sintagma normaltzat deklinatu beharko lirateke: baldin artikulua badute, artikuluarekin (Harrian, Harriko, Harritik, etab.) eta ez badute, gabe, izen propio gisa: Gaztelubiden, Gaztelubidetik, etab.

Pertsona izena duten kaleetan ere, izen hori osorik hartuko da: Antonio Gaztañetan, Nemesio Otañotik, etab.

Baina izen elkartu modura eratutako izenetan (Konstituzio plaza, Foru pasealekua, Bake plaza, etab.) arazoa sortzen da. Izan ere, kasu batzuetan pluralean eman beharko litzateke: Foruetan; beste batzuetan berriz singularrean Konstituzioan. Beste zenbaitetan, azkenik zentzugabekeria litzateke generikoa kentzea: Bakean, Geltokian edo Eskolan esaterako. Hortaz, izen elkartu gisa emandako kale izenetan ezin da generikoa (kale, plaza, etab.) kendu: Posta kalea, Foru plaza, Iturri kalea, etab.

Bestalde, eta hau inportantea da, sarritan helbideak jartzerakoan, ez da "kale" hitza agertzen. Orduan, absolutiboan emango da kalea: Done Bladi, 4; Joan XXIII.a, 3; etab. Baina Konstituzio plaza, 5; Foru pasealekua, 12, etab.

6. Azken oharrak. Xaflen diseinua bideratzeko irizpideak

Euskara eta gaztelania, hitz ordenari begira, aski desberdinak direnez, biderik egokiena hizkuntza bakoitzari bere xafla eskaintzea da. Leku askotan plaka bakar batean eta sarritan elkarren hurren eman dira kale izenak Avenida de Algortako etorbidea, esaterako, erabilera okerrak (batez ere gaztelaniaz) sortuz: "vivo en la calle Algortako". Beraz egokiena holakoetan xafla bitan ematea da.

Bestalde, euskaraz artikulua eta kasu marka hondarkian bat eginik azaltzen baitira, ezin daitezke bi osagaiak berezirik idatzi, gaztelaniazko de preposizioarekin gertatzen denaren kontra. Hori dela-eta Antso Jakituna-ren kalea moduko idazkerak okertzat aitortuko ditugu. Holakoetan bereiz liteke Antso Jakitunaren kalea moduko idazkerak erabiliz, baina sistema honek ez luke balioko pluralerako, pluralean artikulua eta genitibo marka bat eginda agertzen baitira. Nafarroako Errege-erreginen kalea-ren kasuan, adibidez. Aurrekoa ikusita bereizketarik ez egitea proposatzen da.

MIKEL GORROTXATEGI NIETO Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko idazkaria da

  • Estreinekoz Plazaberri agerkari digitalean argitaratua (2009-6-22)

Oin-oharrak

  • (6) Abuztuaren Hamaika kalea ere egokia bada ere, gaur egun usadio zabalduena denbora marka erabiltzea denez horrela proposatzen da.
  • (7) Dona: Alodia, Grazia / Garazi, Julia, Maria, Mariana, Pia. Done: Agustin, Bikendi/Bizente, Blas/Bladi, Emiliano/Millan, Erroman, Eztebe, Felix, Fruktuoso/Murtuts, Jakue (Donejakue bidea Compostelara zihoan bidea izendatzeko), Joane (Donibane), Julio, Jurgi, Kosme, Kristobal / Kristobare, Laurendi, Leon, Martie / Martin, Martzelo, Meteri, Mikel, Paulo, Pelaio, Petri, Salbatore, Saturdi, Sebastian, Tomas eta Zipriano.
Erantzunak

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!