Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

24/09/2009 GMT 1

Zazpi etxe Frantzian (4)

martinez @ 13:14

Irakurri lehen, bigarren eta hirugarren atalak.

Harridura irakurraldiaren hasieran bakarrik gertatu zitzaidan. Apur bat geroago, ez. Apur bat geroago, nahi gabe bezala, ankerkeriak eman zidan aurreneko atzaparkada: kanpalekuko buruak, kapitainak, astero ere bortxatzen du hamalau bat urteko neskatila bat, oihaneko herrixka batetik bortxaz, animaliak bezala, harrapatuta eta kaiola batean gordeta.

Eta gero beste atzaparkada bat etorri zen: tiro txapelketa batean, Gilem Tell modukoan, haurren buruen gainean jartzen dituzte sagarrak. Eta gero beste bat: beste txapelketa batean tximu bizien burura egiten dute tiro behin eta berriro. Eta beste asko: soldaduek oso kartutxo gutxi zeukatenez gero, ehizarako bat erabiltzen bazuten, kautxu-biltzaile beltz bat hil behar izaten zuten kulata edo matxete kolpeka eta gero gezurrez esan "kartutxoa haren gorputzean geratu zela". Eta langile esklabuei, ihes egiten saiatuz gero, eskua mozten diete.

Atxagak, dena den, ez du fokorik jartzen krudelkeriaren gainean, aipatu besterik ez du egiten eta darabilen tonoa friboloa, arina, zentzubako eta iluna da aldi berean;"komikotasun beltza" erabili duela dio elkarrizketaren batean. Badio, halaber, oso efektu zehatza lortu nahi duela irakurleengan: hots, irakurraldia etengo zutela, ankerkeria itzela sumatuta, eta atzera joko zutela benetan irakurri ote zuten egiaztatzeko. Niri dagokidanez behintzat, lortu duzu nahi zenuen efektu hori, Atxaga jauna.

Asmoa da, antza, abentura nobela itxuraz errugabeen beste aldea erakustea, alde ilun beltza, hain zuzen. Abenturazale eta konkistatzaileen nobelek eta filmek alde fotogenikoa besterik ez digute erakutsi orain arte. Nolabaiteko "garbiketa" egin dute, egun telebistetan egiten den bezala, kameren aurrean jende guapoa bakarrik ager dadin, itxura bikanik gabeak obszenoak balira bezala. Yanganbiko kanpalekuan horrelako zerbait egiten dute erregeak bisita egin behar duenean. Langile beltz itxura onik gabeak hartu eta oihanean gordetzen dituzteĀ eremu itxi batean, edan gabe, jan gabe, argazkietan ager ez daitezen. Itxusia, ankerra, iluna ez ohi da agertzen ez nobela ez film ez eta telebistan ere.

Erantzunak

Erantzunak(4) »

  1. Hau irakurri eta gero liburua irakurri egingo dudala uste duzu? Lehen zalantzak nituen arren, gaurkoan zalantza guztiak kendu dizkidazu. EZ dut liburua irakurriko; beste batean beharko du, sentitzen dut, Atxaga jauna.

    Miren | 2009-09-25 - 11:04:06 GMT 1 #

  2. Nire asmoa ez zen Atxagari irakurleak kentzea, gehitzea baizik. Porrot hutsa naiz.

    martinez | 2009-09-26 - 11:13:17 GMT 1 #

  3. Nola esan dezakezu porrot hutsa zarela? Ez, mesedez! Zuri blogari begiratzea nahiko da hori ez dela horrela ikusteko. Liburua, berriz, nik gaur egun nahiago dut indarkeriarik gabeko liburuak irakurri, gauza handirik kontatzen ez dutenak, eguneroko bizitzako gorabeherak kontatzen dituztenak... inoiz ez zaizkit gustatu indarkeria gai nagusitzat duten liburuak, filmak... Soinujolearen semea bera nahiko gogorra iruditu zitzaidan, ongi pasatzeko irakurtzen dut, lasai eta gustura egoteko eta nahiago dut oraingo hau ez irakurri. Lasai, Obaban jarraituko dut, lasai-lasai.

    Miren | 2009-09-28 - 14:15:04 GMT 1 #

  4. Bilatzen nuen efektuaren kontrakoa lortu dut. Hori ez al da porrota?
    Dena den, porrotaren estetika aldarrikatu beharko genukeela uste izan dut beti. Niretzat porrota ez da guztiz negatiboa. Musu pila.

    martinez | 2009-09-29 - 06:59:14 GMT 1 #

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!