Zazpi etxe Frantzian (3)
Irakurri lehen eta bigarren atalak.
Esan bezala, irakurtzen hasi bezain pronto harritu nau ZEFk, hasiera batean abentura nobela edo aspaldiko zaldunen nobela arruntaren itxura hartu nion-eta, epiteto epiko eta guzti. Merezi du epiteto epiko horietako batzuk aipatzea, benetan urriak direlako eguneko literaturan. Leopoldo erregea, esaterako, "Belgikako palmondorik altuena" da; Chrisostomek piloa du: "soldadurik onena", "Guillaume Tell", "Kongoko tiratzailerik miragarriena", "Britancourteko semea"...
Beste pertsonaia batzuek, zaldunen nobeletan bezala, izen bana baino gehiago dute: Toisonet, Cocó, Moustachu esaten diete adiskideek, "Tximu Moskorra" edo "Zakur Lepoluze" etsaiek eta izen horiek benetakoekin tartekatzen dira kontakizunean.
Beste zenbaitetan, zentzu hertsiko epiteto epikoak izan barik, esapide batzuek horrelaxe funtzionatzen dute, pertsonaien aurkezpen modura. Horiek horrela, protagonista, Chrisostome, aurkezteko edo, ia beti aipatzen du narratzaileak "alkandora askatuta" eraman ohi zuela, "bere zinta urdina eta bere urre eta zilarrak" erakusten zituela. Lalande Biran kapitainaren begiak "d'or et d'azur" dira. Beste pertsonaia bati, Van Thiegel-i hain zuzen, buru barnea, pentsamendua, banatu egiten zaio, bi, hiru edo zati gehiagotan. Eta Livok "oimbe"a dauka, kolorea aldatzen duena: "batzuetan iruditzen zaio argitasun bat daukala inguruan, lurrun moduko bat. Ez bapore bezalakoa, beti zuria, baizik eta kolore askotakoa. Zer aldarterekin dagoen, kolore bat edo bestea hartzen omen du oimbeak."

Zabaldu
del.icio.us