Zazpi etxe Frantzian (1)

Jakinminaz nintzen zer zela eta aukeratu zuen Atxagak horrelako motiboa nobela baterako. Oro har jakinminaz izaten naiz sarritan zerk bultzatzen ote dituen idazleak gai zehatz, leku zehatz, kontakizun zehatz bat hautatzera, munduan eta mundutik kanpo dauden milakakakoen artetik.
Atxagaren kasuan erantzun moduko zerbait topatu dut Interneten, idazleak berak nobela jendaurrean aurkeztu dituenetan aztarnaren bat eman duelako horretaz. Irakurri dut hasiera batean pentsatu zuela Kaliforniako trenbidea egin zuten txinatarrei buruz idaztea, benetan bizimodu latza eduki baitzuten. Geroago erabaki omen zuen, Jonathan Swift, Ambrose Bierce eta soldadutzan eman zituen hamalau hilabeteak inspiragarri hartuta, Kongo Belgikarra eta Leopoldo II.a erregearen garaia hautatzea, konkista hartan (genozidio eta holokausto hutsa) hamar-hamabost milioi lagun hil baitziren eta, Auschwitz-en hurrena, horrorearen metaforarik garbiena baita.
Baina azalpenok nobela osoa bukatuta baino ez ditut irakurri eta, beraz, hasi berritan pentsatu nuen nekez topa zitekeela nigandik urrunagokorik, "Zazpi etxe Frantzian"ek zekarrena baino. Izan ere, benetan arrotza zait guztiz planteamendua, hautaketa gaitza, bitxi eta arriskutsua iruditzen zaidan bezala: belgikar soldadu batzuk, metropoliaren diru interesen alde ari direnak, Afrikako kolonietan, XX. mende hasieran, eta denak gizonezkoak, noski. Emakumerik ez da agertzen nobelan 26. orrialdera arte eta 26. orrialde horretan ere honela aipatzen dira emakume horiek: "Zerbitzatzen ari ziren hamar emakume beltzek". Horrela, besterik gabe, izenik gabe, identitaterik gabe. Benetan arrotzak zaizkit gerra istorioak, arma eta tiratzaileenak, baina, kasualitatez, tiroa eta armak direla medio agertzen dira pertsonaien ahuleziak eta kezkak eta une horretantxe hartzen du interesa istorioak.

Zabaldu
del.icio.us