Euskara-gaitasun tituluak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Marko Bateratuan uztartu dira
Iturria: www.erabili.com
Euskara-gaitasun agirien baliokidetza sistema guztiz osatu du Eusko Jaurlaritzak. Euskarazko egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetzen dituen eta Europako Erreferentzi Markoan uztartu dituen sistema honek eragin zuzena du orain arte egiaztapen-sistema guztietan agiria duten milaka herritarrengan eta hemendik aurrera euskarara tituluren bat eskuratzeko bidean izan daitezkeenengan, gainera, baliokidetza eta aitortza sistema osorako da eta betirako da.
Euskararen gaitasun egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetuko dituen Dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak, Kultura Sailak aurkeztutako proposamenaren harira, eta honen bitartez euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura finkatu zituen 64/2008 Dekretua egokitu du eta handik kanpo geratu ziren titulazioak sartu ditu bere baitan, baliokidetza sistema gutiz osatuz.
Apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuak euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitu zituen, euskararen egiaztagirien arteko baliokidetzak beraien artean eta hauek Europako Erreferentzia Markoarekiko ezarriz. Hala ere, kanpoan utzi ziren hezkuntza arloko titulu eta ziurtagiri batzuk, dekretuan gerora sartzeko asmoarekin. Orain gehitu diren titulazioak, Hezkuntza Sailaren Irakaspostuetarako Hizkuntza-Eskakizunak eta Hizkuntza Eskola Ofizialen plan zaharreko eta berriko titulazioak dira. Gainera, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak ematen duen EGA eta Euskaltzaindiaren D agiria ere baliokidetza koadroan jaso dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak kudeatzen duen HLEA geratu da oraingoz kanpoan, hainbat epai eta gorabeheraren ondoren Hezkuntza Saila euskara-agiri horren sakoneko aldaketa bat egiteko asmotan dabilelako. Aldaketa hori aztergai dago, eta azken erabakia hartzean argituko da orain arteko HLEAren baliokidetza eta, kasua balitz, berriarena.
Baliokidetza sistema honen bitartez, euskara-agiri guztiak Hizkuntzen Europako Markoarekin homologaturik geratu dira, eta elkarrekin baliokidetuta. Guztira 34 titulu desberdin. Horietako batzuk 1975az geroztik ematen hasiak dira. Euskararen egiaztagirien arteko baliokidetzak beraien artean eta hauek Europako Erreferentzia Markoarekiko ezarri dira. Dekretuak Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Marko Bateratuaren B-1, B-2, C-1 eta C-2 mailekin parekatzen ditu HAEE-IVAP-ek, HABEk, Osakidetzak, Ertzaintzak, Hezkuntza Sailak, Euskaltzaindiak (D agiria), Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak (EGA) eta Hizkuntzetako Eskola Ofizialek emandako agiriak, bakoitzaren baliokidetzak ezarriz.
Baliokidetzak
- Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B-1 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:
- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 1. hizkuntza eskakizuna.
- Kultura Sailak emandako 1. mailako ziurtagiria, (HABE).
- Osakidetzako 1. hizkuntza eskakizuna.
- Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako antzinako ikasketa planaren euskal ikasketen 3. maila.
- Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialek egungo ikasketa planaren baitan emandako Tarteko Maila.
- Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B-2 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:
- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 2. hizkuntza eskakizuna.
- Kultura Sailak emandako 2. mailako ziurtagiria (HABE).
- Justizia Administrazio langileen 2. hizkuntza eskakizuna.
- Osakidetzako 2. hizkuntza eskakizuna.
- Ertzaintzako 1. hizkuntza eskakizuna.
- Irakaspostuen 1. hizkuntza eskakizuna.
- Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako euskal ikasketen antzinako ikasketa planeko 4. maila.
- Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialek egungo ikasketa planaren baitan emandako Maila Aurreratua.
- Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C-1 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:
- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 3. hizkuntza eskakizuna.
- Kultura Sailak emandako 3. mailako ziurtagiria (HABE).
- Justizia Administrazio langileen 3. hizkuntza eskakizuna.
- Osakidetzako 3. hizkuntza eskakizuna.
- Ertzaintzako 2. hizkuntza eskakizuna.
- Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) (Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak emana eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak emana).
- Euskaltzaindiaren D agiria.
- Irakaspostuen 2. hizkuntza eskakizuna.
- Antzinako Ikasketa Planaren baitako Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Madrilgo Hizkuntza Eskola Ofizial Nagusiko 5. maila edo euskal gaitasun maila.
- Egungo planaren barrruan Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako menderatze operatibo eraginkorreko Gaitasun Maila.
- Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C-2 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:
- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 4. hizkuntza eskakizuna.
- Kultura Sailak emandako 4. mailako ziurtagiria (HABE).
- Justizia Administrazio langileen 4. hizkuntza eskakizuna.
- Osakidetzako 4. hizkuntza eskakizuna.

Zabaldu
del.icio.us