Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

13/02/2009 GMT 1

85 obra berri ikusmen urritasuna duten euskaldunen eskura

martinez @ 14:16
Iturria: www.erabili.com

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) eta Espainiako Itsuen Elkarte Nazionalak (ONCE) bi erakundeak lotzen dituen lankidetza hitzarmenaren orain arteko emaitzen berri eman dute. Hitzarmenaren asmoa da ikusmen urritasuna duten euskaldunek aukera edukitzea euskaraz kaleratzen den literatura irakurtzeko, bai euskal literatura bai unibertsala. Gaur egun 300 dira egokituta dauden obrak.

Patxi Baztarrika sailburuordearen hitzetan, "ikusmen urriko euskaldunen kopurua ez da handia, baina ikusmen urritasuna duten pertsonek, asko edo gutxi izanda ere, gainontzeko herritarrek bezalaxe beren hizkuntza eskubideak dituzte. Are gehiago, ikusmen urritasuna duten euskaldunek, hizkuntza eskubideak ez ezik, euskaraz argitaratu den literatura gozatzeko eskubidea ere badute. Horregatik lantzen ari gara, hain zuzen ere, HPS eta ONCEren arteko lankidetza".

ONCE elkarteak ikusmen urritasuna duten pertsonen alde egiten duen lanaren baitan, euskal hiztunen eskubideak bermatzen joateko "ahalegin berezian" diharduela era nabarmendu zuen Baztarrikak. "Horrela, aldi berean, euskararen normalizazioari ekarpen handia egiten dio. Testuinguru honetan, eta beste zenbait ekimenen artean, hiru urte badira ONCE eta HPS elkarlanean euskarazko literatura braillez eta Daisy sisteman eskaintzen ari garela", esan du sailburuordeak.

Egun guztira 300 bat obra dira aipatu sistemetara egokitu eta ikusmen urritasuna duten euskaldunen esku jarri direnak. Joan berri den 2008 urtean beste 85 obra gehitu dira bildumara; besteak beste, eta batzuk aipatzearren: Mariasun Landaren Festa aldameneko gelan, Iban Zalduaren Traizioak, Joxe Austin Arrietaren Terra sigillata, edo Anjel Lertxundiren Ihes betea. "Euskarazko testuak erabiltzeko baimena eta erraztasun guztiak eskaini dizkiguten euskal idazle eta argitaletxeak" gogora ekarri eta eskertu zituen Patxi Baztarrikak balantzearen aurkezpenean.

IKTak ere bai

Ardatz nagusia euskarazko edo euskarara ekarritako literatura izan bada ere, badago besterik: adibidez, ikusmen urritasuna duten euskaldunentzako baliabide informatiko berria sortu dute: Elhuyar hiztegi elektronikoa.

HPSren arduradunak nabarmendu zuenez, "euskal hiztunentzat aukera berriak eskaintzeko ahalegin honetan, garrantzi handikoak dira Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak, euskarazko IKTak, hain zuzen. Eta are garrantzitsuagoak izango dira etorkizunean. Bide horretan, beraz, bidelagun izango gaitu ONCEk, bide horretan bidelagun izango gaituzte ikusmen urritasuna duten euskaldunek. Ondoan izango gaituzte aukera berdintasunerako printzipio nagusia hizkuntzaren esparruan gauzatzeko bide berriak urratzen".

Erantzunak

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!