Itzulpen automatikoa arrakastatsu
Itzulpen automatikoak ez du aipu onegirik gurean. Horregatik irakurri dut arreta biziaz Iñaki Irazabalbeitiak Senez aldizkarian (35. alean) agertutako artikulua, gehien bat itzulpen automatikoa arrakastatsu dabilen bost kasu azaldu dituenean.
Hauexek dira, laburtuta, bost kasu horiek:
La Voz de Galicia egunkaria
2006an deliberatu zuten edizio digitala galegoz ere argitaratu behar zutela eta gaztelaniatik automatikoki itzuliko zutela Opentrad erabiliz.
Horretarako, egokitu egin behar izan zuten Opentrad. Gehienbat hiztegiak behar izan zituzten handitu eta moldatu, esaterako "Pilar del Castillo"ren ordez "Alicerce do Castelo" eman ez zezan.
Hortaz, La Voz-en edizio digitala gaztelaniaz idazten eta publikatzen da eta galegozko bertsioa automatikotik sortzen da, unean-unean, internautak eskatzen duen aldioro. Irakurleak Opertraden emaitza gordina ikusten du, inolako zuzenketarik gabe. Akatsak geroago zuzentzen dira, irakurleek edota erredaktoreek detektatu ostean.
Argi eta garbi adierazten da galegozko bertsioa automatikoki egina dagoela eta akatsen berri emateko eskatzen da. Itzulpenaren errore tasa % 2tik beherakoa da.
Hasiera batean zalaparta handia ibili zen Galizian horretgatik. Jendea akats bila ibili zen eta barregarri uztez aritu zen blogetan eta foroetan. Geroago auzia baretu zen eta ohiko bihurtu da kontua. Galiziako beste egunkari batzuk ere hasi dira edizio digitala Opentradez publikatzen.
Ford
1998az gero ari da Ford itzulpen automatikoa baliatzen autoak muntatzeko argibideak ingelesetik alemanera, gaztelaniara, nederlanderara eta portugesera itzultzeko.
Darabilen sistemak Systran du oinarrian eta hizkuntza kontrolatua baliatzen du. Hizkuntza kontrolatuak dira hiztegi eta sintaxi mugatua erabiltzen dutenak hizkuntza arruntaren anbiguotasuna gainditzeko eta semantikoki ahalik eta hizkuntza zehatzena izateko. Fordenak Standard Language du izena eta 5.000 hitz ditu, akronimoak, laburtzapenak, izen propioak eta Forden terminologia zehatza barne. Etengabe aldatzen den hizkuntza bizia da. Ingelesetik alemanerako itzulpenetan % 95eko zehaztasuna lortu da.
Kataluniako gobernua
Generalitatea itzulpen automatikaoren bultzatzaile sutsua da, helburu argia duelarik: katalanaren eta munduko hizkuntza nagusiaren arteko zubiak egitea, alegia.
Generalitateak zerbitzu on-line bat du herritarrek testuen eta web guneen itzulpen automatikoa egin dezaten: http://traductor.gencat.cat. Web horretan katalana gaztelaniarekin, frantsesarekin, ingelesarekin eta alemaniarekin eskaintzen da, Translendium teknologiaz baliatuta.
Gipuzkoa-Donostia Kutxa
Kutxak bulegoak Euskal Herrian, Katalunian, Galizian, Valentzian eta Estatuko beste hainbat tokitan ere baditu. Zuzendaritzak kominikazio eleanitza bermatu eta langileei aukeratzen duten hizkuntzan jarduteko aukera eskaini nahi die. Beraz, inytranetean itzulpen automatikoaz katalanez eta galegoz jarduteko aukera ematen du.
Opentrad aukeratu du Kutxak eta 2008ko udazkenean zen bukatzeko ezarpen-prozesua.
Europako Batasuna (EB)
EBko itzultzaileek lan-erreminta dute itzulpen automatikoa. Sistemak Systran du oinarrian eta 18 hizkuntza-bikote darabiltza.
Ondorio gisa. Itzulpen automatikoa hizkuntza arteko langa gainditzeko tresna egokia izan daiteke eta, helburua ondo auleratuz gero, konponbide egokia ere izan daiteke.

Zabaldu
del.icio.us