Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

20/10/2008 GMT 1

Testu antolatzaileak. Erabilera estrategikoak (1)

martinez @ 10:03

Titulu hori daukate, batetik, Pello Esnal hizkuntzalariak aurtengo irailean Iruñean aurkeztu zuen liburuak, eta bestetik, liburuari buruz www.erabili.com web gunean plazaratu duen artikuluak.

Artikuluaren laburpena emango dizuet, ohi legez neure komentarioak tartekatuta.

Bi galdera nagusi daude liburuaren abiaburuan. Hauexek: zergatik dira ulergaitzak edo ulerterrazak zenbait euskal testu? Nola bihurtu ulertarrazago gure testuak? Abiabura irakurri bezain pronto piztu dit interesa artikuluak, horixe baita funtsean eskribitzaileon kezka nagusi: testuak ulerterrazago, irakurgarriago, argiago, garbiago egitea.

Zergatik dira gure testuak ulergaitzak? Agian erdaraz pentsatzen ditugulako. Eta erdaratik baldar itzultzen ditugulako.

Bi maisu handi hartu ditugu gidari lantegi honetan: Koldo Mitxelena eta Luis Villasante. Behin baino gehiagotan esan dut Martinezen etxe santu honetan euskal idazle klasikoak gidari bikainak direla prosan barrena abiatu beharrean. Hor dituzue Jonnateguyri buruzko artikuluak. Eta Gregorio Arrue ere maisutzat daukat benetan. 

Villasanteren iritziz, prosa gutxituaren eragile eta errudun nagusia garbizalekeria zen. Ni bat nator neurri handi batean.

Aurreko galderetara bueltaturik, zergatik dira ulergaitzak zenbait euskal testu? Hiru zergati aipatuko ditugu: 1.- Atzerakarga. 2.- Pausaldiak markatzeko zailtasuna. Batzuek koma idatzi ohi dute pausaldia adierazteko, baina pausaldi prosodikoak eta ortografikoak ez datoz beti bat. Gaztelaniazko adibidea etorri zait burura: gaztelaniaz pausaldi prosodikoa egin ohi da subjektu eta predikatuaren artean; horregatik ezartzen dute askok koma hor, baina ez da zuzena. 3.- Ikuspegi gramatikala soila, gramatikaren gehigikeria. Bi uste oker daude euskaldunon buruan gramatikaren gainean: bata, gramatikak arautzen duena baino gehiago arautzen duela; bestea, testu egokia sortzeko, nahikoa dela gramatika arauak betetzea. Testuak, gramatika zuzentasunaz gain, egokitasuna, komunikagarritasuna behar du. Testuek behar duten eta gramatika soila ez den horri estiloa esan diezaiokegu. Eta horra hor euskaltegietan irakasten ez den zerbait.

Hona hemen bigarren galdera: nola bihurtu ulerterrazago gure testuak? Bigarren zati hori hurrengo baterako utziko dugu.

Erantzunak

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!