Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

15/10/2008 GMT 1

Xabier Diharce 'Iratzeder' euskaltzain osoa hil da

martinez @ 07:47

Iturria: www.erabili.com

Beste hutsune bat Euskaltzaindian. Espero dut beste emakume bat sartzea.

Xabier Diharce, Iratzeder euskaltzain oso emeritua astelehenean (2008-10-13) hil zen, Beloken, 88 urte zituela. Haren aldeko hileta-elizkizuna bihar, asteazkenean, urriaren 15ean, izango da Beloken, Urt / Ahurti herrian, Beneditarren komentuko elizan, goizeko 10:30ean.

Xabier Diharce, Iratzeder ezizenez ezagutzen dugun idazle eta euskaltzaina, Donibane Lohizunen jaio zen, 1920ko urtarrilaren 4an. Uztaritzen eta Baionako Seminarioetan egin zituen apaiz ikasketak. Hogeita bat urte zituela, Belokeko beneditarren komentura joan zen. Lau urte geroago, 1945ean, bertan apeztu zen. 1948tik 1968 arte beneditar nobizioen maisu izan zen; gero priore eta 1972an abade izendatu zuten. Hamabost urtez izan zen Belokeko abade. Gero, 67 urte zituela, 1987an, Afrikara joan zen, Dahomey estatuko Zagnanado komentura, baina hamazazpi hilabete besterik ez zituen bertan eman, eta berriro Belokera itzuli zen. Hor bizi izan da azken arnasa hartu arte.

Hamabi urte zituela hasi zen Iratzeder lehen letrak euskaraz idazten. Berak behin baino gehiagotan kontatu izan duenez, adin horrekin aitarengana jo zuen eta apaiza izan nahi zuela esan zion. Aitak, ordea, horretarako euskara nahikoa ez zekiela erantzun zion. Eta egun hartan hasi zen Iratzeder bere euskara hobetzen. Ahal zituen euskal kanta guztiak ikasteari ekin zion orduan, 250 kanta inguru ikasi zituen. Eta, ikasi ahala, olerkiak egiteko gogoa piztu zitzaion.

Uztaritzeko seminarioan sartu zenean, 13 urteko mutikoa zela, Lafittek hartu zuen meza-laguntzaile eta berak irakatsi zion bertsoak egiten. Handik urte batzutara, 1938an, Aintzina aldizkariaren bigarren aldiari eman zioten hasiera hainbat idazlek, horien artean Mark Legassek eta Piarres Xarritonek, bai eta Iratzederrek berak ere. Bertan publikatu zuen zenbait poema, baita Le Courrier de Bayonne eta El Día Hego Euskal Herriko egunkarian.

1937an, Gernika bonbardeatu zutenean, poesia bat idatzi zuen eta Euzko Deya-ra bidali zuen: ezizen baten beharra ikusi zuen eta Iratzeder hautatu zuen. Ordutik hona ez du inoiz utzi. (Diharce bere abizenarekin eginiko hitz-joko baten emaitza da Iratzeder).

Iratzederren poesian bi konstante agertzen dira, Euskal Herria eta Jainkoa, alegia. "Jainkoaren amodioz maite dut Euskal Herria. Bi amodio horiek bat eginik daude ene baitan", esan zuen askotan. Belokeko komentuan Ezkila argitaletxea sortu zuen, bai eta Otoizlari euskarazko aldizkaria ere. Aldizkari hori urte askoz plazaratu zuen, Corde Magnoîrekin batera.

Salmoak obra nagusiaren egokitzaile izan zen Iratzeder eta toki nagusia hartu du euskal liturgia berriaren hedapenean.

1953ko urtarrilaren 1ean euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1962ko uztailaren 27an, berriz, euskaltzain oso, J. Elissalderen ordez. 1963an, Beloken, sarrera hitzaldia egin zuen, "Belokeko euskal bidea" gaiari buruz. Piarres Lafittek erantzun zion. Urte bete geroago bere Salmoak argitaratu zituen. Adituen esanetan, Salmoen euskal itzulpenik onena da. Kanta askoren letrak prestatu ditu, Gabriel Lertxundi beneditarrarekin batera lehendik -Kantikak liburua, horren emaitza- eta berak bakarrik geroago. Urteaga, Garbizu, Olaizola eta Bengoa musikalariek musika jarri dizkiete. Aita Donostiak musikaturikoak ere baditu.

Sariak

  • Eskualtzaleen Biltzarrak Zakalar poemagatik lehen saria eman zion.
  • Eskualtzaleen Biltzarrak Pindar eta Lano poesia bildumagatik olerki saria eman zion.
  • EIZIEk "Itzultzaile ohorezko" izendatu zuen 1991n.
  • Sarako Idazleen Biltzarrak omenaldia egin zion 1994an.
  • Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria eman zion 1994an.

Argitaratutako lan nagusiak

  • Azkalar (1939)
  • Itsasora (1940)
  • Pindar eta Lano 1938-1941 bitarteko poemak
  • Tontoteiko hiru semeak (1947)
  • Jarraik niri (1947)
  • Eguerri (1941)
  • Mortutik oihu (1947)
  • Piztu saiku, Maria eta Kurutzea (1951)
  • Ezkila eta Xirola (1951)
  • Herri mina (1952)
  • Meza sainduko kantikak (1953)
  • Pasionea (1954)
  • Harrapallu (1955)
  • Eguerri (1956)
  • Argiz argi (1957) 1947-1957 bitarteko poemak
  • Zeru-Menditik (1957)
  • Salmoak (1963)
  • Nire etxean hiru sorgin (1966)
  • Sauveur Candau (1966)
  • Eskual Herria eta Jainkoaren gizaldea (1968)
  • Uhaineri nagusi 1959-1971 bitarteko poemak
  • Himno Berri (1972)
  • Nor da hor (1975)
  • Fededunen arbasoa (1977)
  • Beteleko aldarea
  • Dabid, artzain eta iheslari (1982)
  • Jaunaren hegala (1983)
  • Biziaren olerkia (1983)
  • Oroitzapen purruxkak (1983)
  • Berri ona salmo-kantutan (1984)
  • Amen besta (1984)
  • Dabid eta Abzalo (1986)
  • Otoitz eta gudu (1988)
  • Lur Sainduan hamar egunez beilari (1990)
  • Hamazazpi hilabete Afrikako bihotzean (1991)
  • Beloke-ko Abatetxearen historia (1993)
  • Biziaren gudaldia (1997)
Erantzunak

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!