Euskara Interneten
Iturria: www.erabili.com
Internet erabiltzen dutenen kopurua gorantza doa Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), baita euskaraz nabigatzen dutenen kopurua ere. Bostetik batek (% 20,8) nabigatzen du euskaraz, EUSTATek (Euskal Estatistika Erakundea) emandako azken datuen arabera.
EUSTATen arabera, EAEko 14 urte edo gehiagoko 908.700 biztanlek erabili dute Internet 2008ko bigarren hiruhilekoan, hau da, adin horretako EAEko biztanleria osoaren ia erdiak (% 49,3). 2007ko laugarren hiruhilekoaren aldean % 4,1eko hazkundea dugu.
Erabiltzaile kopuruak ez ezik, Interneten nabigatzeko euskara erabiltzen duten EAEko biztanleen kopuruak ere gora egin du. Bostetik batek nabigatu du euskaraz 2008ko bigarren hiruhileko horretan. Hain zuzen ere, 189.100 lagunek erabili dute euskara Interneten. 2007ko laugarren hiruhilekoaren aldean % 2,5 igo da kopurua.
Amaraunean ere, gaztelania da EAEn gehien erabiltzen den hizkuntza; gaztelaniaren erabilera % 3,6 hazi da. Euskara bigarren hizkuntza agertzen zaigu, beherakada izan duen ingelesaren aurretik: % 5,5 murriztu da ingelesaren erabilera Interneten EAEn. Lehen ingelesa zen bigarren hizkuntza eta gaur, berriz, hirugarrena.
15 eta 24 urte bitarteko gazteak izan dira, adin-tarteei begira, amaraunean gehien ibili direnak (% 91). Hala ere, gorakadarik aipagarriena 55-64 urte tarteko erabiltzaileena izan da, adin horietako erabiltzaile kopurua % 38 hazi baita 2007ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta.
EAEko internautak, batik bat, euren etxeetatik sartzen dira amaraunean. Ikasle gehienek (% 93,3) erabiltzen dute. Generoa kontuan hartuta, berriz, gizonezkoek gehiago erabiltzen dute Internet emakumeek baino, eta alde hori 6,2 puntutik (2007ko azken hiruhilekoa) 7,1era (2008ko bigarren hiruhilekoa) igo da. EAEko gizonezkoen % 53 dira internet erabiltzaile, eta emakumezkoen % 45,9.
Berri ona, beraz, euskararen aldetik, eta oso txarra, aldiz, generoaren ikuspuntua hartuta.

Zabaldu
del.icio.us