Emakumeen kuoten alde
Emakumeen kuotek, hau da, legeak eremu jakin batean emakumezkoen ehuneko zehatza egon beharra agintzeak, ez dute aipu onik, ez eta emakumeen artean ere. Kontrako argudio-arrazoinamendurik franko irakurri eta entzun dut. Horregatik erabaki dut alde irakurriko dudan guztia biltzea. Bada, nolabait, indar-batze modukoa, behar dudanean ateratzeko.
Irakurri berri dut, bada, uztailaren 2an "Emakumea eta Politika" izeneko mahai-ingurukoa egin dutela Sevillan. Espainiako emakume politikari batzuk elkartu dira hara eta kuoten aldeko hauek agertu dituzte.
Inmaculada Riera (CiU). "Ni ez nintzen kuota-zalea, uste nuelako gizarteak aurrera egingo zuela eta emakumeak botereaz jabetzea berez etorriko zela. Urteak igaro dira, ordea, eta aldaketak oso geldo doaz. Legeak ekarri behar ditu aldaketok, beraz."
Rosa Díez (UPD). "Bat baldin bagatoz eta denok uste sendoa baldin badugu ona eta komenigarria dela eremu publikoan eta boterean hala emakumeak nola gizonak egotea, zer edo zer egin behar da, berez ez baita hala gertatzen. Jakina, politagoa izango litzateke jendeak behartu gabe beteko balitu berdintasunaren arauak, baina ez da."
Margarita Uria (EAJ). "Gure bultzadak, gure adimenak edota gure jakintzak bakarrik ez dute inertzia hautsiko. Zerbait gehiago behar dugu."

Zabaldu
del.icio.us
Egia da aldaketak geldoak direla. Baina uneoro kuotei erreparatuko bagenie, gizonezkoen kopuru jakin bat ere mantendu beharko litzateke?
Zenbaitetan bestelako inpresioa ateratzen dut, Noe, pertsonen parekotasunaren ordez eta benetako balio eta gaitasunei errepartatu ordez tortilari buelta eman nahi zaiola, alegia.
Iñaki Murua | 2008-07-13 - 10:51:45 GMT 1 #
Jakina, Iñaki, gizonezkoen kuotak ere egon beharko lirateke, gizon urri dauden eremuetan: erizaintzan, haurtzaindegietan... Baina ekin diezaiegun lehenengo eta behin emakume gutxi edo bat ere ez dagoen eremuei, askoz gehiago dira-eta.
Oraingo egoera honetan ez zaio erreparatzen gizakien gaitasunari. Edo emakumerik ez egoteak esan nahi al du emakumeak gai ez direla?
Tortilla ekilibratu beharra dago, kantoan ipini edo, ez guztiz bueltatu.
Musu pila.
Noe | 2008-07-14 - 07:35:10 GMT 1 #
Azkenenean ados egon gintezkeela uste dut ;-)
Muxuak bueltan.
Iñaki Murua | 2008-07-16 - 00:31:17 GMT 1 #
Supermerkatuetako kutxetan ere "kajero" egon behar eta bulegoak eskobatzen. Zergatik ez? Ondo ibili.
martinez | 2008-07-16 - 07:07:43 GMT 1 #