Indarkeriarik eza
Portugaleteko Udalak lehiaketa pare bat antolatu du aurten neska-mutilei begira. Bata grabaketa-lehiaketa da; eta bestea, esloganena. Biek dute izena bera: "Helburua: Indarkeriarik Eza".
Lehengo egunean, ekainak 19, banatu zituzten sariak. Niri epaimahaian aritzea egokitu zitzaidanez gero, sariak banatzeko ekitaldian berba batzuk esatea ere egokitu zitzaidan. Epaimahaian hiru lagun aritu gara: beste biak hezitzaileak dira, psikologoak, gaztetxoekiko harremanean oso adituak hala teoriaz nola praktikaz. Ni, ordea, ez. Nik idazten besterik ez dakidanez egiten, eta hala esan nuen ekitaldian, olerki moduko bat idatzi nuen eta irakurri ere irakurri nien ekitaldira agertu zirenei.
Honela dio:
Begi-bistan jarri digute neska-mutilek indarkeria mota ugari dabilela bazterretan. Gauza bat bakarra, ordea, gertatzen da guztietan, indar ankerra beti baita bestearen kontra, bestelakoaren kontra, zer edo zertan gulakoa ez den baten aurka. Agian jokaeraz izango da beste hori arrotz, edo hizkuntzaz, herriaz, sexuaz, janzkeraz; apika diruz baino ez gara desberdin izango. Dena dela, bestelakotasuna bestelakokeria, aldea etsai bihurtuta, onartu ezinak garamatza beti bortxara, eta horra iritsita, muturreko muga horretan gaudela, dena apurtzen da orduan. Zatitu, suntsitu, pitzatu, akatu egiten dugu dena, bortxa bukaera baita, zola, hondoa, lurrik azkena, eta behin jota, ezerk ez dirau, ezer ez da haboro izango: ez da haboro adiskiderik, ez maitalerik, bizirik ere ez.
Lerro-zatiketarekin gaizki moldatu naizenez gero, olerkia zena prosa, hitz lau bilakatu behar izan dut. Berrikuntzan sartuta, halabeharrez.

Zabaldu
del.icio.us