Amelia Barquínek euskaraz eta hizkera sexistaz (1)
Aurreko sarreran esan bezala, gauza berri interesgarri ugari topatu dut Amelia Barquínen liburuxkan. Zerrendatu egingo ditut.
- Euskarak genero-morfemarik ez edukitzeak ez du esan nahi euskaraz ezin duenik sexismoa adierazi. Topiko nekagarria bada ere, milakako aldiz idatziko dut hizkuntzak ez direla sexistak, hizkuntza bidez adierazten diren edukiak, ideiak, baizik. Era berean futbol-baloi bat ez da sexista, ematen zaion erabilera baizik.
- Hitano osoa galtzeko zorian dagoela, galduena forma femeninoak dira. Etorkizuneko hizlariei, hau da, haurrei begira, esan daiteke hainbatek telebistako marrazki bizien bidez baino ez dutela hitanoaren berri eta, marrazki bizietan pertsonaia gehienak gizonezkoak izanik, forma femeninoak nekez entzuten direla. Telebistak hizkuntzan eta hizkuntzaren bilakabidean daukan eragina oso jakingarria da eta gutxi ikertu da, ordea.
- "Gizon" berba anbiguoa da, hainbatetan gizaki arrak bakarrik azaltzen baititu eta beste hainbatetan, berriz, arrak zein emeak. Horregatik gomendatzen du Barquínek "gizon" berba arrak adierazteko bakarrik erabiltzea eta "gizaki" edo "pertsona" emeak eta arrak azaltzeko.
- Neba-arrebak, seme-alabak, neska-mutilak... dira erabiltzekoak. Muruagak ("Sexista izango ez den euskararen erabilerarako gomendioak" in HABE, 223, 12-14 or.) azaltzen du elkarte horietan silaba gutxiago daukan hitza doala aurrean. Silaba kopuru berbera daukatenetan, berrizm beti dago maskulinoa femeninoaren aurrean.
- -sa atzizkia (aktoresa, alkatesa) baztertzekoa da. Oso oso beharrezkoa denean aktore bat emakumezkoa dela esatea, emakumezko aktorea esan dezakegu, zinema-sarietan bezala: Emakumezko aktore onenaren saria.
Nahikoa hori lehenengo sarrera baterako. Hurrengo batean edo batzuetan azalduko dut gainerakoa.

Zabaldu
del.icio.us