Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

05/06/2008 GMT 1

Karmele Rotaetxe: "Euskara erraztu behar da erabilera ere errazteko"

martinez @ 06:49
Xabier G. Arguellok egin dio galdeketa Rotaetxe andreari El País egunkarian.

Benetan tesi bitxia dauka Rotaetxek euskarari buruz: egitura errazteari buruz ari naiz. Aspaldian entzun nion hitzaldi batean, eutsi egin dio ordutik hona eta sekula ez dut ez entzun ez irakurri inork onar edo uxa duenik.

Euskararen gramatika sinpletzeko eskaera hori bekatu mortala izan daiteke hainbatentzat, herejia hutsa. Nik, ordea, nahiago izan dut galdeketa osorik eta lasai irakurri. Ideia berri-berriak dakartza. Merezi du duda gabe. Laburturik eskaintzen dizuet hemen. Rotaetxeren esan "eskandalugarrienak" nabarmenduko ditut.

Karmele Rotaetxe Amusategi aitzindaria izan da euskararen irakaskuntzan. 1967an, Patxi Altunarekin batera, lehenengo euskara eskolak antolatu zituen Deustuko Unibertsitatean, eta hamar urte geroago, gauza bera egin zuen orduko Bilboko Unibertsitate Autonomoan. Horrez gain, EHUko Filologia eta Kazetaritza fakultateen sorreran parte hartu zuen. Euskaltzaindiaren barruan, Gramatika Batzordeko kidea izan da hasiera-hasieratik. 2004an, euskaltzain ohorezko izendatu zuten, eta gaur egun, irakasle emeritu dabil EHUn.

(...) Zertan zabiltza gaur egun?

Oraingo ikerketaren bitartez erakutsi nahi dut euskara ez dela hain berezia. Baditu bere berezitasunak, noski, baina beste hizkuntzekiko puntu amankomunak ere bai, pentsatzen den baino askoz ere gehiago.

Zer aldatu da euskara ikasi zenuenetik hona?

(...) Gure etxean inork ez zekien euskaraz, eta Bilboko giroa ere ez zen batere euskalduna. Honetan ez dago diferentzia handirik, zoritxarrez.

Estatistiken arabera gora egin du euskararen ezagutzak.

Hiriak dira interesgarrienak euskara salbatzeko, eta argi dago hiriak ez direla euskaldundu, edo hiritarrek euskaldunak izan arren ez dutela euskara erabiltzen. 70eko hamarkadan ilusioz beterik geunden, eta izugarri optimistak ginen etorkizunari buruz, baina errealitatea ez da orduan espero genuena. Ez da komeni inposatzea, baina inposatzen ez bada jendeak ez du ahaleginik egingo berez euskara ikasteko. (...)

Soziolinguista bezala, desagertzeko zorian ikusten al duzu?

Nire ustez, euskara ez da desagertuko, baina oraingo egoeran jarraituko du. Hizkuntza Politika oso karua da, eta ez dakit lorpen egokirik eman ote duen. Eusko Jaurlaritzak badauka aholku batzorde bat euskararen inguruko arazoak aztertzeko, eta beharbada, toki gehiago egin beharko litzaieke bertan euskaldunberriei eta erdieuskaldunei, guk geuk ezagutzen ditugulako ondoen, jatorrizko euskaldunek baino askoz ere hobeto, euskararen benetako problemak.

Gutxienez, batuak sendotasun linguistikoa ekarri digu, ezta?

Ni oso kritikoa naiz normatibizazioaren aurrean. Nire ustez, euskara batua den baino askoz ere errazagoa eta sinpleagoa izan liteke. Batua egin zenean, Euskaltzaindiak pisu lar handia eman zien gipuzkerari eta Iparraldeko euskalki batzuei. Hizkuntza zeinu-sistema bat da, baina sistema sozial bat ere bai. Alde horretatik ez zuten kontutan hartu bizkaierak daukan pisua. Gaur egun, nik daukadan inpresioa da jatorrizko euskaldunak boligrafo gorri batekin jaiotzen direla. Eta zertarako boligrafo gorria? Bizitzan zehar azpimarratzeko zer egiten duten txarto. Hizkuntza ez da soilik gramatika, arren.

Nola jokatu beharko litzateke, zure ustez?

Euskararen kasuan, gaitzena gramatika da. Hori muga objektiboa da euskara ikasi nahi dutenentzat. Horrexegatik, beharbada apur bat erraztu beharko genuke irakasten den euskara, erabilera ere erraztearren. Zergatik derrigortu "diezaizkiokegu" eta horrelako formak ikastera, "ahal" aditza erabilita errazagoa baldin bada? Ingelesez, Basic English asmatu zuten aspaldi, jendeak hizkuntzaren funtsezko nozioak ikasi eta batez ere ingelesez berba egin dezan. Frantsesez ere Français Foundamentale daukate, baina euskaraz ez dugu horrelakorik egin.

Erantzunak

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!