Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

31/05/2008 GMT 1

"Leturiaren egunkari ezkutua"

martinez @ 16:16

www.erabili.com gunetik hartuta.

"Leturiaren egunkari ezkutua" eleberriaren ekarpena XX. mendeko euskal narratibaren testuinguruan izeneko liburua aurkeztu du Euskaltzaindiak. Liburua Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofizialaren etapa berriaren lehen zenbakia da.

Argitalpen honen bitartez, Leturiaren egunkari ezkutua eleberria argitaratu zeneko 50. urteurrenaren karietara, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi omendu nahi izan du Akademiak. Maiatzaren 23an honako hauek egin zuten aurkezpena, Donostian: Andres Urrutia euskaltzainburuak, Jean Haritschelhar Literatura Ikerketa batzordeburuak eta Txillardegik berak.

2007an, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak Leturiaren egunkari ezkutua eleberriari buruzko hitzaldi-sorta prestatu zuen. Hitzaldi horien emankizuna Euskal Herriko Unibertsitatearen 2007ko Udako Ikastaroen barnean txertatu zen, biltzar moduan. Bertan, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak euskal eleberrigintzaren bilakaeran Leturiaren egunkari ezkutua idazlanak ekarri zuen berriztapena eta gizartean eragin zuen oihartzuna hartu zituen hausnarketa kritikoa egiteko helburutzat, haren zenbait alderdi jakin aztertzearekin batera. Biltzarraren zuzendaria Lourdes Otaegi Imaz Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordearen idazkaria izan zen.

Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua nobelaren bitartez, "euskal narratibak beste aurpegi bat erakusten du Europatik datozen pentsaerez hornitua". Hala adierazi zuen Jean Haritschelharrek joan den ostiraleko bere mintzaldian. Izan ere, euskal narratibaren historiagile, kritiko eta aztertzaile guztien arabera, Leturiaren egunkari ezkutua eleberria euskal narratiba modernoaren hasiera izan zen, nobela horrekin euskal literatura modernitate literarioaren bidean jarri zuen Txillardegik.

Honetaz guztiaz mintzatu zen Donostian egin zen biltzarrean, eta hori guztia jasotzen da orain aurkeztu den liburuan. Txillardegiren nobelaren garrantzia eta traszendentzia ondo finkatze aldera, biltzarrak hiru lerro nagusi izan zituen eta hala ditu ere liburuak: Leturiaren egunkari ezkutuaren aurreko euskal eleberrigintza, testuinguru eta eraginak, eta liburuaren zenbait alderdi ukitu gabeko. Hauen lanak irakur daitezke:

  • Jean Haritschelhar: Aitzin solasa
  • Ana Toledo Lezeta: Leturiak berrogei eta hamar urte bete dituela eta
  • Ur Apalategi Idirin: Antton eta Leturia (edo literaturtasunarekin kuku-gordeka denbora historikoaren oihanean)
  • Jon Kortazar: Ekaitzpean, Jose Izagirre (1881-1949)
  • Javier Rojo Cobos: Yon Etxaideren eleberri historikoak: Alos-Torrea (1950) eta Joanak joan (1955)
  • Javi Cillero Goiriastuena: Amabost egun Urgain’en (1955) eta eleberrigintza poiziakoaren hastapenak
  • Jon Casenave: Leturiaren egunkari ezkutua (1957), haustura bat euskal narratiban?
  • Iñaki Aldekoa Beitia: Txillardegi: Leturiaren egunkari ezkutua
  • Patri Urkizu: Leturiaren egunkari ezkutua. Liburuaren harrera garaikideen artean
  • Iratxe Retolaza: Leturiaren egunkari ezkutua: gizon eta emakume irudiak
  • Sebastian Gartzia Trujillo: Txillardegi eta (kristau?) erlijioa
  • Karlos Otegi: Leturiaren uda ezkutua. "Uda" atalari buruzko iruzkinak

Horien guztien lanak, Txillardegiren esanetan, "oso-oso onak dira, benetan lan bikaina egin dute. Lan honekin -gaineratu du- Euskaltzaindiak asmatu du, betirako geratuko da. Benetan diot bertan, liburu honetan, oso iturri fidagarri eta oparoak daudela".

Bestalde, Henrike Knörr-en, Pilartxo Etxeberriaren eta André Breton-en testu bana ere bildu dira liburuan. Hirurak, 2005ean Euskaltzaindiak argitaratu zuen Nerekin yaio nun: Txillardegiri omenaldia liburua aurkeztu zenekoak dira.

Aurkezpenean Andres Urrutiak azaldu zuen bezala, Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofizialak aro berri bati ekin dio eta, hain zuzen ere, etapa berri honen lehenengo zenbakia ostiralean aurkeztu zen Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena XX. Mendeko euskal narratibaren testuingurua dugu.

Hemendik aurrera, Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofizialaren hiru zenbaki argitaratuko dira urtero. Horietatik bik -lehenak eta hirugarrenak- Akademiaren lana eta bizitza akademikoa bilduko dituzte, eta bigarrenak, aldiz, ikerketa-lanak eta liburu aipamenak jasoko ditu beren beregi. Euskaltzaindiak bere agerkari ofiziala berriztatu du eta egokitu, eduki berriak eskaintzeko asmoz. Horiek horrela, euskaltzainek eta Euskaltzaindiak antolaturiko ekitaldietan parte hartzen dutenek ez ezik, euskalgintzaren munduan dihardutenek ere Euskeran argitaratu ahal izango dituzte euren lanak.

Joan den ostiralean aurkeztutako liburuak, berrikuntzaren lehen emaitza izanik, Patxi Salaberri Muñoaren ikerketa-artikulu bat jaso du (Materreren 1623ko Dotrina Christiana); eta hiru liburu-aipamen: Sprachpolitik und gesellschaftliche alphabetisierung, Jakin-iturri eta bide-erakusle (Mikel Zalbide); Recuperación del euskera en Navarra: euskararen berreskuratze itxaropentsua Nafarroan (Andres Iñigo) eta Euskararen berreskuratzea Nafarroan (Patxi Juaristi).

Erantzunak

Erantzun bat »

  1. GRACIAS AMIGA POR EL MENSAJE DE APOYO A LA DISTANCIA, SE QUE LOS VASCOS SON GRANDES LUCHADORES, MI BIS-ABUELO LO ERA, LA SANFRE SE HEREDA JI JI, SALUDOS Y MUCHOS BESOS DESDE CHILE, ESPERO ALGUN DIA PODER CONOCER ESE HERMOSOS PAIS QUE EN ALGUN MOMENTO MIS ANTEPASADOS LO HABITARON, CUIDECE, BESOS DE , LA SERENA, CHILE..

    VICTOR DIAZ ELO | 2008-06-02 - 03:49:21 GMT 1 #

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!