Prostituzioari buruzko txostena (2)
Aurreko sarreraren bukaeran bota genuen galdera: zer egin horrelako egoera aurrean dugula? Hona hemen erantzuna.
Prostituzioaren aurrean, bi erantzun desderdin eman dira egunera arte. Batetik dago abolizionismoa, hau da, prostituzioa eta proxenetismoa babesten dituzten legeak baliogabetzearen aldeakoa; eta bestetik dugu legalizazioa eta erregularizazioa.
Emakundek erdibideko hirugarren irtenbidea proposatzen du. Lehenengo eta behin dio prostituzioa ez dela desiragarria, hobe genuela betiko galduko bazen; eta bigarrenik, genero desberdintasunean eta pobrezia eta herrialde garatu eta garatzeko bidean daudenen arteko desberdintasunean datzala. Prostituzioak gizakia gauza bilakatzen du eta emakumearen objektu sexualaren rolari eusten dio.
Hala ere, onarturik eta normalizaturik dago prostituzioa gure gizartean, gehienbat historia guztian egon den zerbait delako. Betidanik existitu izanak, ordea, ez du esan nahi etorkizunean ere existitu behar denik. Horregatik da beharrezkoa usteak aldatzea, hala pentsakeran nola jokaeran, beste fenonemo batzuekin, genero indarkeriarekin, kasu, egin den bezala.
Hitz batean, prostituziorik gabeko gizarterantz abiatu behar gara, beti ere prostituten eskubideak bermatuta.
Horrexetarako lan ildoak izango litzateke berdintasun politikak, garapenerako kooperazioa, inmigranteen aldeko neurriak eta pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren aurkakoak. Halaber da beharrezkoa prostituzioaren kontsumoa jaistea, kontzientzazio kanpaina eginez gizonezkoei begira eta, batez ere, puteroei begira, begi-bistan eduki ditzaten, batetik, prostituzioak emakumeengan dauzkan ondorio kaltegarriak, eta bestetik, haiek eurek horretan duten erantzukizuna.
Aldi berean, prostituzioaren diharduten emakumeen giza bazterketa ekidin behar da, ahalduntze, osasun, lan, gizarteratze, lege-aholkularitza, etxebizitza, segurtasun eta abarreko nerurriak hartuta.
Horra hor Emakunderen proposamen interesgarri baliagarria. Ni, ordea, horren guztiaren balioa ukatu barik, abolizionismoaren aldekoa naiz.

Zabaldu
del.icio.us