Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

15/03/2008 GMT 1

Etorkizuneko familia

martinez @ 07:45

Begi-bistan dugu gizarte aldatzen ari dela. 1996tik 2006ra bitartean Euskadin 104.000 familia sortu ziren, aurreko hamar urteetan baino % 15 gehiago, Eustaten arabera.

Familia motei erreparatzen badiegu, bi mota handitu dira gehienbat: gizaki bakarrak eta seme-alabarik gabeko bikoteak, alegia. Horiek biok batuta, gehiago daude tradiziozko familiak (ama edota aita eta seme-alabak) baino.

Hala da, bai. Bakarrik bizi direnen kopuruak % 61 egin du gora; seme-alabarik gabeko bikoteenak, berriz, % 51. Izugarrizko igoera kasu bietan.

Familia guztiak kontuan hartuta, bakarrik bizi direnak % 22 dira; seme-lalabarik gabeko bikoteak ere, % 22; tradiziozkoak, % 40,8; orain hamar urte, % 50 ziren: 30.000 bat familia gutxiago ditugu mota horretakoak.

Zeintzuk dira aldaketa horien kausak? Funtsean bi. Batetik, nagusiak gehiago bizi dira: seme-alabek alde egiten dute etxetik eta gurasoak lehen baino urte gehiagotan gelditzen dira bakarrik. Lehen, berriz, gurasoetako bat bakarrik gelditzen zenean, bestea hilda, seme-alaben etxera joan ohi zen. Hori ez da gaur gertatzen. Nagusia ondo eta indartsu sentitzen denean, bere etxean gelditu nahiago izaten du. Bigarren kausa, behin-betiko ezkongabeak izango lirateke.

Gazteek, bestalde, gero eta seme-alaba gutxiago daukate. Tradiziozko familiak orain dela hogei urte 4,3 lagun zeukan; gaur, berriz, 3,7 baino ez dauka. Gazteek oso berandu uzten dute gurasoen etxea. Bikoteak berandu eratzen dira eta seme-alabak beranduago eta urriago datoz.

Guraso bakarreko familiak ere gutxiago dira. 2001etik 2006ra bitartean aita eta seme-alaben talden kopuruak % 30,4 egin zuen behera eta ama eta seme-alabenak, aldiz, bakarrik % 15,4.

Gizon alargun gehiago ditugu: lehen % 48 eta orain % 68. Emakume alargunen kopurua, ordea, ia berdin gelditu da: % 58tik % 60ra. Emakume banandu eta dibortziatuek, bestetik gora egin dute: % 21etik % 26ra. Azalpen modura dio Eustatek 2001eko guraso bakarreko familia asko 2006an gizaki bakarreko familia bilakatu dira, seme-alabek etxea utzi dutelako.

Azkenik, "nukleo anitzeko familiak" ditugu. Hala esaten da, behintzat, familia bat baino gehiago etxe bakarrean bizi denean, etxebizitza erostea eta alokatzea garestia izanik. 2001ean nukleo anitzeko 12.000 familia bizi ziren Euskadin; egun, berriz, 28.000 ditugu. Horrelako familia gehienak etorkinenak dira. Eta etorkinek berez ekarri duten beste familia mota bat ere badugu: hots, ahaidetasunaz edo ahaidetasunik gabe, baina familia nukleorik gabe (hau da, ezkondurik egon gabe eta neba-arreba izan gabe) elkarrekin bizi direnena. 21.300 familia dira horrelakoak Euskadin.

Erantzunak

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!