Etxean erditzea
Gero eta emakume gehiagok erabakitzen dute etxean bertan eta ez ospitalean erditzea. Bizkaian ere gertatzen da hala edo hala dio behintzat Haurdun elkarteak, gizalegezko haurdunaldi, erditze, jaiotza eta haziketa arduratsuen alde diharduenak.
Eva MarĂa Sanz andreak, elkartearen bozeramaleak, badio Bizkaian berrogei bat emakumek erabakitzen dutela urtero seme-alabak etxean bertan munduratzea, ospitalera aldatu gabe, baina emagin baten laguntzaz, noski. Nahiz eta erditze naturala apurka-apurka onartuz goazen, emakume horiek oraindik ere topatzen dute horretarako trabaren bat.
Haurdun elkarteak, beraz, lortu nahi du ospitaletan errespetatzea erditze naturalaren aldeko hautua; eta horretarako eskatzen du erditze naturalaren protokoloa ezartzea, erabili nahi duenaren eskuragarri. Sanz andreak dioenez, gaur egun ospitaletako langileen borondatearen mende dago hori. Baliteke txanda bateko langileen horrelako hautua errespetatu eta onartzea, baina hurrengo txandakoek, berriz, ez. Eskatzen du, beraz, emakumeak erabaki dezala nola eta non erditu nahi duen, eta ez dezatela gaixo baten moduan tratatu. Emakumeak erabaki beharko luke nor eduki ondoan erditzean, eta epiduralik edo oxitozinarik hartu nahi duen edo ez.
Ospitaletan gaixoa balitz bezala hartu ohi dituzte emakume haurdunak. Poltsa amniotikoa apurtzen diete eta seruma eta anestesia eman, beharrik gabe, ezer galdetu gabe. Emakume gehienek, ordea, erditze naturala egin ahal izango lukete, horretarako aukera eskainiz gero, baina nolabait sinestarazten digute ezinbestez jo behar dugula ospitalera.
Eredu horren kontrako dugu Holandakoa. Holandako emakumeen % 40k etxean erditzen dute emagin baten laguntzaz. Arazorik edukiz gero bakarrik jo ohi dute ospitalera. Erditzeko etxeak ere badauzkate, seme-alabak inguru atseginean mundurat ahal izateko.

Zabaldu
del.icio.us