Inmigranteen tristezia
Tristezia, beldurra, gizartetik baztertzeko joera, motibazio eza, haserrea... Horra hor inmigranteek pairatu ohi dituzten sintomak. Herria utzi eta egun batzuk, edo hilabete batzuk geroago, bizimodu normala egiten hasten direnean agertzen zaie umore iluna, herriminaz baino haratagokoa, are arriskutsuagoa.
Eztabaidan hasiko dira guztiekin, negarrez ere bai, eta familia eta laneko gatazkek txarrera egin dezakete. Hortaz jakin behar dute hori guztia erabat normala dela, dolua baino ez dela maite zuten zerbait galdu dutelako. Claudio Maruottoko argentindarrak azaldu digu. Berak badaki zertaz ari den, Argentinatik Bilbora etorri baitzen orain dela urte asko.
Jakin behar dute herria ez dutela galdu, urrundu baizik. Horrela pentsatuta, ez da hain traumatikoa izango. Baina alde txarra ere eduki dezake horrek: baliteke-eta arreta guztia urrundutako hartan jartzea eta orainaldiaz ez gozatzea. Gainera, inmigranteak gauza asko galtzen ditu: familia, adiskideak, kultura, hizkuntza, janaria, ingurukoekin har-emateko modua... Kolpe handia da hori guztia batera.
Dolu-aldia iragan behar da derrigor, apurka-apurka, presarik gabe, aldi guztiak bizi izanez: lehendabizi, ukazioa dator; inmigranteak berehala egokitu nahi izango du, galdu edo ahaztu egingo ditu bere herriko ezaugarriak. Gero frustrazioa etorriko da, herria idealizatu eta herria ez den guztia arbuiatu. Hirugarrenik, egoera berria onartu egingo du azkenik. Une horretantxe bukatuko da dolu-aldia eta hasiko da benetako egokitzea.
Gure esku ere badago hori guztia erraztea: eskuzabal, malgu jokatzen badugu etorkinekin, are zoriontsuago biziko dira gurean.

Zabaldu
del.icio.us