Genero eta emozioak
Oso interesgarria iruditu zait Lucía Martínez Odriozolak iraileko Emakunderen aldizkarian idatzitakoa. Laburtu egingo dizuet. Aurreko batzuetan bezala, neure iritzi-ekarpenak arrosaz markatu ditut.
Olga Sánchez fiskala da. Oso langile fina. Martxoaren 11ko atentatuaren epaiketa dela kausa jakin dugu haren berri. Salaketa-txostenean Sanchezek oso berba gogorrak izan zituen konspiraziozaleentzat, agian biktima ahulena aukeratuta, kolokan jarri baitzuten beraren lana fiskal gisara. Misoginoek beti uste dute emakumeak ahulenak garela. Kasu honetan oker ibili ziren guztiz.
Sánchezek bere txostena irakurtzen zuen bitartean, epaiketa-buruak errieta egin zuen, "epaiketatik kanpoko pertsonak" aipatzeagatik. Geroago jakin genuen horren ostean Sánchez negarrez irten zela aretotik. Nola interpretatu behar dugu fiskal baten negarra, lan arloan ustegabekoa izanda?
Handik egun batzuetara, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Rafaela Romero aukeratu zuten batzarburu. Komunikabideek berriro erakutsi ziguten emakume bat negarrez, emozioaz gainezka, ustegabekoa zela kasua.
Ségoléne Royal-ek kontra egin zion Nicolas Sarkozy-ri hauteskunde-eztabaida batean. Hala Sarkozyk nola frantses askok gaizki ulertu zuten Royal, emozioak adierazten eta iritziak irmo plazaratzean. Sarkozyri esan zion ez dela gizabidezkoa lasai egotea pobreziaren aurrean: batzuek ulertu zuten kontrol eza zeukala eta beste batzuek, aldiz, Royal sendo, adoretsu, zintzo eta sendoa dela.
Sentimenduak eta emozioak gizaki guztioi dagozkigu. Horien beharra daukagu, biziko bagara. Alexitimia gaixotasun neurologikoa da: funtsean emozioak identifikatzeko gaitasun eza. Alexitimiak jotakoek, beraz, ezin dute emozioez hitz egin; gaixo gehienak gizonezkoak dira. Sentitzen eta hunkitzen ikasi egin daiteke; horretarako, ordea, beharrezkoa da sentimenduen eta emozioen kimuak haurtzaroan ez ebakitzea. Horrelako kimuak neskatilei akuilatu eta indartzen zaizkie; mutikoei, berriz, arbuiatu eta moztu egiten zaizkie.
Zergatik hunkitzen gaitu gehiago gizon baten negarrak? Zergatik uste dugu emakumeen negarra batere serioa ez dela? Zergatik uste dute askok bidezkoa ez dela, arma gisara ez duela balio edo ez duela erabili behar?
Gizonezkoek erabiltzen ez dituzten armak onarturik ez daudelako. Gizonezkoek erabaki dutelako horrelako armak, eurek erabili gabeak, ezin direla borrokan erabili. "Emakumeen armak" debekaturik daudela, gizonezkoek ezin dituztelako erabili.

Zabaldu
del.icio.us