Komunikabideak eta genero-desberdintasuna (eta V)
Azkenengo atal honetan emakumeentzako prentsa edukiko dugu hizpide.
Nerabeentzako aldizkariek lau kode nagusi bete ohi dute: erromantizismoa, etxea, moda eta pop musika.
Hizkerari dagokionez, nabarmentzekoa da horrelako aldizkariak emakumeen hizkuntzaren estereotipoez baliatu ohi direla, irakurleen "bihotzera" zuzen eta erraz iristeko.
Elena Feliu Arqueolak, Cosmopolitan eta Telva aztertuta, egiaztatu du erruz erabiltzen dituztela zu edo gu izenordeak, elkartasunaren estrategia gisa, lagun minen arteko elkarrizketa bat-batekoa simulatu nahian.
Horretaz gain, aldizkariok "adeitasun" teknikak ere ohi darabiltzate, irakurleei atsegin izateko, irakurleen balioak eta gaitasuna aintzat hartzen dituztela adierazteko. Horrela, emetasunaren irudi positiboa osatzen dute, gizonekiko desberdintasuna nabarmenduta.
Bereziki lantzen dute emakumeen arteko intimitatea, hurbiltasuna, elkartasuna eta berdintasuna, baina aldi berean emakumeen identitateak desitxuratzen dituzte, emakumeen arteko gizarte ekonomia eta kultura desberdintasuna izkutatzen baitute. Emakumeen arketipoa egin dute, emakumeen funts unibertsala, gizonen aurrean definitzen dena.

Zabaldu
del.icio.us