Patxi Salaberriren esana
Beti legez, www.erabili.com gunean duzue elkarrizketa interesgarria Patxi Salaberrirekin. Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzaina da, nafarra. 2005eko abenduaren 16an izendatu zuten euskaltzain oso. Filologia Hispanikoan eta Euskal Filologian lizentziatua da eta "Fontes Linguae Vasconum" aldizkariko zuzendaria.
Elkarrizketa horretan esaten duenetik gauza pare bat nabarmendu nahi dut, gogoeta arazi didate-eta. Hauexek dira:
"Gazteen jokamoldearekin nago kezkatuta: euskaraz badakite, baina ez dute hitz egiten. Arazoa "badakite" horretan dago, hizkuntza ez baitute behar bezain ongi menperatzen, ez baitira gauza naturaltasunez eta lasaitasunez mintzatzeko. Ondorioa, erdaraz ari beharra. Gurpil zoroa da: ez dute euskaraz hitz egiten, euskaraz ongi ez dakitelako, eta ez dakite ongi (behar adina), hitz egiten ez dutelako. Nola atera konka horretatik? Hor dago koska."
(...)
"Igantziko euskaldun bat, eman dezagun, eta Erriberriko beste bat berdinak dira hor, zenbaki bana baitagokie, baina praktikan hagitz desberdinak dira. Erriberrikoak arrunt gutxi erabiliko du euskara, baita aukera duenen ere, eta Igantzikoak, berriz, asko segur aski. Alegia, kantitatea inportantea da kalitatea izan dadin, baina ez dira bi gauzak nahastu behar. Alderdi batean, Araban, demagun, euskaldunen portzentajea handia da zenbait lekutan, baina hor ezagutza ikusten da, ez erabilera. Egia da ibiltzeko lehenbizi jakin behar dela, baina jakiteak ez dakar nahitaez erabilera berekin."

Zabaldu
del.icio.us