Atxaga Bilbon 2001. urteko abenduan
Bernardo Atxagak hitzaldia eman zuen Bilbon, Bilbo Zaharra euskaltegiaren foruma zela eta, 2001. urteko abenduaren 1ean. Kasualitatez etorri zaizkit eskura hitzaldiaren transkripzio baten fotokopiak, azpimarra eta guzti, eta erabaki dut azpimarratutako pasarte solteak apur bat moldatu eta hona ekartzea. Ez ahaztu toki-egunak: Bilbo, 2001eko abendua.
- Literaturak aspaldian herri jende xehea oso gutxitan hartzen zuen aintzat. Herria bakarrik azaltzen zen jenero komikoetan. Baina gero urteak joan dira eta jenero komiko horiek sekulako garrantzia hartu dute literaturaren historian, picarescarekin esate baterako. Hasiera batean, ordea, herri xehea irri egiteko baino ez zen azaltzen literaturan. Gutxi gorabeherako gauza gertatzen ari da orain telebistaz: herri xehekoa bazara, nahi izanez gero, agertuko zara pantailan, baina jendeak irri egingo du zure bizkar, lelokeriak entzuten.
- Durangoko Azokan liburu erdal pila saltzen da; gehiena, esango nuke. Bestetik, Bilbon euskal kulturak orain ez dauka nire gaztetan zeukan statusa; galtzen ari da. Eta berdin esango nuke euskal telebistari buruz. Euskal telebistak ehunn mila ikusle irabazi omen ditu. Zeinek? Zein hizkuntzatakoek? Euskara galtzen den urtean bost milioi lagun joango dira Korrikara. Eta euskal libururik saltzen ez den urtean Durango Azokan Ehungarren Urte Triunfala ospatuko da.
- Nik Tolosako liburutegia bisitatu ohi dut. Eta galdetzen dut zenbat liburu ateratzen den, bataz bestez, hogei mila biztanle baino gehiago daukan Tolosan. Hogei liburu egunean. Zenbat euskaraz? Ehuneko hamabi.
Gaizki esanak barkatu, ondo esanak gogoan hartu eta ondo bizi.

Zabaldu
del.icio.us