Gazte euskaldunak eta etorkinak
Giza talde bi horien arteko harremana ikertu du Haizea Cobos Errazti antropologo eta soziologoak. Ikerketaren emaitzak www.erabili.com gunean argitaratu ditu. Ohi legez, argitaratutakotik ideia eta datu solte interesgarri batzuk atera eta hona ekarriko ditut.
- Etorkinek euskarara hurbiltzeko joera eskasa erakusten dute. Joera pragmatikoa da hori, besterik gabe, gehiengoaren hizkuntza aukeratzen baitute.
- Inmigrazioari buruzko jarrera ahoz azaltzerakoan, euskaldunak irekiago dira erdaldunak baino. Jarrera positibo eta ireki horrek, ordea, ez dakar berez harremanak gauzatzea. Atzerritarrei eta kultur aniztasunari tolerantzia handiena erakusten dietenak unibertsitate ikasketak dituzten gazteak eta euskaldun abertzaleak dira, hau da, eguneroko bizimoduan etorkinekin harremanik txikiena izaten dutenak.
- Gazte atzerritarrekin harremanak dituzten euskaldun askok ez dute euskara jotzen nortasun faktoretzat edo markagailu etnikotzat.
- Honako hauek izaten dira gazteen kulturaren azpimarkagailuak: lengoaia (hizkuntza ez ezik, ahozpo adierazpideak ere bai), musika (kontsumitzen eta ekoizten dena: tabernak musika motaren arabera definitzen dira), estetika (nortasunaren adierazpen gorputzaren bidezkoa) eta ideologia (EAEn abertsaletasunaz indartua). Hizkuntza gazteen kulturaren bereizgarria da, dudarik gabe; beste guztien menpe dago, ordea.
- Bilbon atzerritarrak gehienbat Alde Zaharrean eta San Frantziskon bizi dira. Alde Zaharrean % 16,6 dira atzerritarrak eta San Frantziskon, berriz, % 21. Auzune bi horietan euskaldunen ehunekoa eskasa da: % 5,9 eta % 5,3, hurrenez hurren. Antzerako kopuruak agertzen zaizkigu Gasteizen. Ondorio legez esan dezakegu, bada, etorkinak jasotzen dituzten auzuneak ez direla euskaldunak. Gazte euskaldunek eta gazte etorkinek ez dute harremanetarako aukerarik, inmigrazioaren esparrua eta euskararenak bat ez datozelako.
- San Frantzisko Bilbon eta Gasteizko Alde Zaharra euskaldun gazteen aisiarako guneak dira. Hala ere, giza talde bien arteko alde soziala eta ekonomikoa eta heziketa mailakoa direla kausa, bi taldeok ez dute hurko gisa elkar ikusten.
- Hainbatek jarrera aktiboa erakusten dute kulturaniztasunaren alde; kulturaniztasun eroso edo erromantikoa da hori, ordea.
- Gazte euskaldunak errazago identifikatzen dira etorkinen jatorriko estatuetako gutxiengo kulturalekin edota autodeterminazio-eskubideak aldarrikatzen dituzten bertako mugimenduekin. Jarrera positibiagoa izaten dute, kasu, bereber edo saharren alde.
- Etorkinek ez dute barneratzen EAEko hizkuntza auzia, ez eta horrek eragiten duen dinamika soziala ere. Haiek ere egoera elebidun edo hirueledunetatik datoz. Hortaz ez gaitu harritu behar pragmatismora jo izanak.
- Etorkin gazteek arrazoi musikal eta estetikoen aldetik kultura bat ere hautatzen dute. Eta hautatzen dituzten musika, estetika edo harremanetarako ohitura ez dira Euskal Herrikotzat jotzen.
- Etorkin gazteek koadrilaren giroari itxia eta arrotza deritzote, saihestu egiten dute eta bestelako harreman motak bilatzen dituzte. Hemengo gazte askoren aiasialdiko harremanak koadrillara murrizten dira eta koadrillak ikastolatik mantentzen dira. Orain 25 urte inguruan dutenek eskolan inmigranterik topatu ez dutenez gero, ez dute aukerarik izan haiekin har-emateko.
- Lurralde soziala etniaren arabera ere banatzen da. Nortasun subjektibo nagusiki euskalduna duten gazteek eta markagailu etniko gisara euskaratrekin identifikatzen direnek, hau da, beren burua "euskaldun" definitzen dutenek eta guztietan euskalduneneak edo borrokazaleenak omen direnek herrietako gunerik nagusi eta zentrikoenetan ematen dute aisialdia (Alde Zaharreko tabernetan, gaztetxean...). Gazte atzerritarrak, berriz, beren auzoetan, aldirietan ohi dabiltza, eta herriko beste gazteak eta minorizatuta dauden gainerako gazteen kultura edo etniak topatzen dituzte: txunta-azaleak, raperoak... Baina batez ere txunteroak, nortasun euskaldunetik urrunen dagoen eta nortasun espainola esleitzen zaion gazte kultura, alegia.
- Gazte euskaldunek eta etorkinek ez dute espazio komunik. Eta Gernikako Gazte Asanbladako 24 urteko baten ustez, uste eta aurreiritziz gehiago dakite gazte euskaldunek errealitateaz baino. Hau panorama beltza etorkizunerako.

Zabaldu
del.icio.us