Mikel Zalbide Agustin Iturriagaz (VI)
Zalbideren hitzaldiaren IV. atala gure VI. kapitulu hau izango da, gutxi gorabehera. Hona hemen bion titulua: Hizkuntzen azterbideak Iturriagaren argitan. Honakoak dira azterbideok: gauzak nola dauden; gauzak nola aldatzen ari diren; gauzak zergatik aldatzen diren; goazen bidetik goazela, non buhatu behar dugun; egoera gogokoa dugun edo ez; eta azkenik, helburura iristeko zer egin behar den.
Gauzak nola dauden: euskara-erdaren erabilera. Eskolara mugatzen du Iturriagak bere analisia. Esan bezala, euskararen presentzia dotrinan baino ez da. Gaztelaniaz, berriz, badio euskal herritar gehienek, haurrek gehienbat, ez dakitela eta ez dutela erabiltzen. Erabiltzen dutenetan, dena den, gaizki egiten dute ikasleek, bai eskola denboran bai gero. Erdaraz egitera behartzen dituztenez gero, euskaraz dakien apurra are murriztuago egiten zaie.
Ikaskeen autogorroto linguistikoa ere aipatzen du Iturriagak: ikasleak konturatzen omen dira euskara oztopoa dela gaztelania ikasteko eta horrek euskararen gorrotoa omen dakarkie.
Gauzak nola aldatzen diren: euskara eta erdararen arteko bilakaera. Iturriagaren garaian ere atzera zihoan euskara. gero eta euskaldun gehiago ziren elebidun eta egiten zuten hizkera gero eta mugatuagoa zen hitztegiaz, esapideez eta joskeraz. Gero eta interferentziaz betago zeuzkaten hiztegia, hots-ebakera eta joskera.
Hori guztia horrela zela jakinik ere, Iturriaga ez zen berehalako mintzaldaketaren beldur, Gipuzkoan euskaraz ez baitzegoen berehala galtzeko arrisku bizian. Ondo zekien, ordea, etorri bazetorrela arrisku hori luzera edo ez hain luzera, eta gerta ez zedin garaiz hartu behar zituela neurriak.
Gauzak zergatik aldatzen dira? Zergatik doaz hizkuntza batzuk aurrera eta beste batzuk atzera? Zenbaitentzat euskara eta beste hainbat hizkuntza desegokiak dira berez gizarte berrirako. Horregatik doaz atzera. Edota garapenik ez dute izan eta horregatik gelditu dira atzean. Ikuspegi naturalista edo linguo-darwinista hori, XIX. mendean garatua, ez du Iturriagak berezko. Agustinek ez du orbanean sinisten.
Haren aburuz, hizkuntza bat ez da belaunez belaun eta menderik mende bizirik gordetzebn bere barruan birtuteak dituelako, gizarte-moldaerarekin zerikusia duten motiboengatik baizik. Beste zerbaitek erabakitzen du hizkuntzen aurrera-atzera hori: "la dominación... el imperio (...). Si los países o provincias en que las lenguas son diferentes, pasan a ser partes integrantes de un estado o una nación, la lengua que adopta por suya el gobierno será la dominante."
Zergatik egiten da euskaraz gero eta gutxiago? Erdal eskolagatik erantzuten du Iturriagak. Eskola moldea aldatzea eskatzen zitzaien hortaz Batzar Nagusiei euskararen gainbehera eragozteko. Baina bigarren motiboa ere aurkitu zuen Iturriagak: pulpitoa, alegia.
Eta zergatik dago euskara gero eta erdararekin nahastuago? hona hemen Iturriagaren erantzuna: "Una lengua mantiene su primitiva pureza y se conserva ilesa, mientras está aislada. desde el instante en que, saliendo de su aislamiento, se pone en comunicación con otras, empieza a corromperse y perderse."
Nora goaz, bada, hizkuntza kontuan? Ilun ikusten zuen Iturriagak etorkizuna: "mientras nuestros filólogos están haciendo la anatomía de esta lengua, se nos va escapando de la manos". Beraz, ezer egiten ez bazen, galdu egingo zen euskara. Eten handia gertatua zen Gipuzkoa osoan bi belaunaldiren buruan.
Zein da, bada, Iturriagaren helburua? Esukara bizirik gordetzea eta ilustratzea; hau da, lanketa bidez indarberritu. Halaber nahi zuen ikasleek euskaraz eta gaztelaniaz ondo irakurtzea eta idaztea eta, horretaz gain, oinarrizko informazio tekniko-profesionala euskaraz eta erdaraz jasotzea.
Eta zer-nolako euskara zabaldu nahi zuen Iturriagak? Euskara ona, jakina; txukuna, gaztelaniaren morrontza handiegirik gabea, entenditzen erraza eta erabiltzerakoan eroso sentitzeko modukoa.
Zer egin, bada, helburua lortzeko? Lehenengo eta behin garbi daki iturriagak euskara indarberritzeko zerk ez duen balio. Garbi daki, lehen azaldu bezala, euskara ez dela apologiazko lanen bidez indarberrituko. Halaber daki hizkuntzen etorkizuna ez dagoela beren barne-egituran eta corpus plangintza hutsak ere ez duela balio: haren ustez hiztegigintzak ez du lortuko euskarari belaunez belaun bizirik eustea. Ikuspegi modernoa da Iturriagarena horretan ere.
Zer egin behar da, beraz, euskara indarberritzeko? Ahal bada, isolamendu fisikoa eta konpartimentazio soziofuntzionala mantendu. Kalte hori mesede bihurtzeko modua bilatu zuen Iturriagak. Dena den, isolamendu hori osorik atxiki ezinean, beste zerbait egin behar zelakoan, ondorioztatu zuen hizkuntza lantzea zela indarberritzeko giltzarri. Nola? Hiztunen euskarazko aldaera-sorta zabalduz, hitzezko jardunari idatzizkoa erantsiz, belaunaldi berriei ahalik eta hizkera-molde bateratuena bideratuz eta beraiekiko jardunean estilo-lanketa jasoa indartuz.
Eta zer egin behar da, ordea, hizkuntza lantzeko? Eskolara eraman; ele biko eskola eratu behar da, haurrak erdal itsasora eramanez. Hartarako plan konkretua idatzi behar zen, bada, ikasmaterial konkretua sortu eta probintziako aginte-maila gorenean aztergai eta erabaki-gai bihurtu. Batasunari begira ere baziharduen Iturriagak: "acomodando el vascuence de los libritos referidos a sus respectivos dialectos y teniendo cuidado de conservar la misma terminología, para que fuese generalizándose en las diferentes provincias".

Zabaldu
del.icio.us