Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

08/09/2007 GMT 1

Mikel Zalbide Agustin Iturriagaz (V)

martinez @ 07:36

Zalbideren hitzaldiaren 3. atalak izen hau dauka: "Euskara-erdarak Iturriagaren garaian". Horixe laburtuko dugu, bada, gure V. atal honetan.

Iztuetak 1845ean esaten zigun Gipuzkoan ehun eta hogei mila arima inguru zegoela, zeinetatik ehun milak bederik euskaraz baino ez zekien. Madoz eta, handik hogei bat urtera, Eguren ere bat etorri ziren Iztuetarekin. Hirurok ezarri zuten, dena den, bereizketa garrantzizkoa: kalea gauza bat zen eta bestea, baserrian. Baserrian euskara zen nagusi; kalean, aldiz, handiki eta ikasien artean, erdara zen eguneroko hizkuntza, baina ez bakarra.

Ahozko jardunean, bada, oro har, euskara zen nagusi. Umeak, nolabait esatearren, euskaraz jaiotzen ziren. Gero, aurrerantzean, eskolan lehenik eta gizarte giro jakin batzuetan ondoren, gaztelaniarekiko harremana izaten zuten gazte horietako askok. Gaztelania zen askorentzat atzerriko hizkuntza baten pareko. Horrela bihutzen zen elebidun hainbat gipuzkoar. Horrezaz gainera, jende jantzi eta ikasiak gaztelaniaz edota frantsesez egin ohi zuen bere artean.

Idatzizko jardunean, berriz, erdara zen nagusi. Eskola-munduan oso lekumugatua zuen euskarak. Dotrina euskaraz eta erdaraz erakutsi ohi zenez gero, horri esker zeukaten neska-mutilek euskara idatziarekiko kontaktu minimoa: esukaraz eta erdaraz irakurtzen zuten ikasleek dotrina egunero eta elizan aste-bukaeran. Dotrina-irakurtze hori ez zen, ordea, egungo irakurketaren pareko. Buruz ikasten zen liburuan idatzirik zegoena, eta kantuz "irakurtzen". Bide horrek ez zuen, gehienetan, egungo irizpideen araberako belaunaldi alfabetaturik sortzen. Hortik aurrerakoan, oso kasu mugatuetan erabiltzen zen euskara eskolan.

Eta bosgarren kapitulu hau bukatzeko, hiru eratako gertakariak aipatuko ditugu euskararekiko garaiko jarreraz eta jokabideaz: jende xehearen euskal giro bizi eta lasaia, batetik; estatus sozial batetik gorakoek euskararen bajeza-estigmatik ihes egin nahia, bestetik; eta protoelite euskaltzaleen gorabidea, azkenik.

Erantzunak

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!