Mikel Zalbide Agustin Iturriagaz (IV)
Eta bildu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusiak Donostian 1831n. Hona uztailaren 12ko bileraren aktak Iturriagaren txostenak zer zioen: Doloroso es que la penuria de fondos no permita a V.S. destinar algunos para cooperar a los mismos fines. Bazegoen, hala ere, aurrera egiterik: liburutxoak argitaratzeko diru gehiegirik behar ez zenez gero, nondik edo handik aterako zuelakoan zegoen Iturriaga.
Lanean jarraitu zuten, bada, Iturriagak eta Iztuetak beren eskola-liburuekin. Zain zeuden, dirua noiz etorriko. Bildu egin ziren berriro Batzar Nagusiak 1932an eta ezetza eman zieten berriro.
Etsi gabe, 1833ko bilkurara ere aurkeztu zen Iturriagaren txostena. Zazpi egitasmo hautatu zuten Batzar Nagusiek eta, zazpi horien artean, euskara indarberritzeko argitalpenena; berrikuntza ohargarri batez, dena den: enkarguak helburu zehatz eta jakina zuen 1830ean: euskara bizirik ateratzeko eta ilustratzeko neurriak planteatzea, hain zuzen. Orain, berriz, zera esaten zuen: perfeccionar la enseñanza de primeras letras del país, poniendo a los jóvenes en disposición de leer con fruto los libros de asignatura de las escuelas. Jauzi handia zegoen, bada, 1830eko erabakitik 1833ko aplikaziora. Norbaitek murriztu egin zuen jatorrizko xedea, aplikatu beharreko neurriak minimora ekarrita.
Ez zen aukerarik izan, nolanahi ere, hasierako planaren murriztapen eta desitxuratze horren zenbatekoaz jabetzeko. Batzar Nagusiak egin eta handik gutxira hil egin zen erregea eta gerra piztu zen: Lehen Karlistada. 1893ra arte ez zen girorik izan hezkuntza elebidunaren gaiari berriro aurrez aurre heltzeko. Eta gerra amaitu zenean, beste euskal herri bat zegoen begien bistan: beste aginte-ahalmen eta beste lehentasun batzuk. Iturriagak kaster ikusi zuen, bere liburuak argitaratuko baziren, bere kabuz jokatu beharko zuela.

Zabaldu
del.icio.us