Emakume izateko oztopoa
Bruselak Europa Batasunako emakumeok soldatei dagokienez pairatzen dugun bazterkeria galarazi nahi omen du. Hortaz, harrigarria bada ere, EBko herri guztietan da oztopoa emakume izatea lan merkatuan behintzat (eta zoritxarrez lan merkatuan bakarrik ez).
Arazo bat baino gehiago pilatzen zaio milioika emakumeri: amatasuna, emakumeentzako lanpostuak sektore apur batzuetan egotea eta lanean gora egiteko zailtasuna, hiru soilki aipatzearren. Eta hori guztia emakumeek gizonezkoek baino ikas-maila altuagoa dutelarik ere.
Andre eta gizonen soldaten arteko amildegia ikusgarriagoa da bankuetan, zerbitzuetan eta industrian.
Aurtengo uztailaren 18an (Franco garaiko lanaren eguna, hau txiripa!) Europako Batzordeak txostena plazaratu zuen, zeinaren arabera, EBko 27 herrietako emakumeek % 15 gutxiago kobratzen baitute gizonek baino. Ehuneko horrek azkeneko 25 urteotan % 2 baino ez du behera egin eta beherago egiteko antzik ez dauka.
Goi mailako ikasketak dituzten langileei bagagozkie, are beldurgarriagoa da ehunekoa, % 30ekoa baita tartea. Eta handiago egiten da 50-59 urteetan. Hauxe kontsolagarri bakarra: % 7koa da 30 urtetik beherakoetan.
Horrek guztiak zerikusi zuzena dauka etxeko lanarekin. Europako emakumeek 14 ordutan dihardute etxean astean. Gizonezkoek, aldiz, 4. Espainian handiagoa da aldea: emakumeek, 17 ordu; gizonezkoek, 6.
Eta zer egin behar du Bruselak horren kontra? Kontsultak, lehenengo eta behin, estatuetako arduradunekin, familia- eta lan-bizimoduak baterako erabakiak har ditzaten eta, azken batean, gozonek eta emakumeek lanean aukera-berdintasuna izan dezaten.

Zabaldu
del.icio.us