Kale gorrian
Bilbon baditugu elkarte batzuk etxerik gabekoei laguntzekoak.
[Parentesi filologikoa. Beti pentsatu dut "Etxenike" euskal abizenaren jatorria "etxerik ez" dela. Beraz, hemendik aurrera, "etxenike" esango diet etxe gabekoei.]
Agiantza elkarteak hemendik gutxira jarriko du martxan gaueko zentro berria etxenikeentzat. Abegi Ostatua izango du izena eta 24 ohe edukiko ditu. Agiantzak badu beste zentro bat, egunekoa, 16 plaza duena.
Beste elkarte bat alor horrexetan diharduena Lagunartean izenekoa da. Horrek hamabi etxebizitza dauka (70 plaza guztira) eta zentro oso bat 30 oheduna.
Hirugarren elkarteak Posada de los Abrazos dauka izena. Etxe bat dauka zeinean 6 emakume etorkin bizi diren.
Hiru elkarte horietako ordezkariak datoz bat esatean etxenikeentzako zentroa martxan jartzen denean, inguruan bizi direnak, hasiera batean behintzat, mesfidati ohi dabiltzala. Gero, berriz, arazorik ez dagoela ikusita, lasaitu egin ohi dira. Agiantzako Bernat Baltzak dioenez, oro har uste dugu etxenikeek badutela beren egoeraren errua. Aitzitik, ardura erabat zuritu gabe, zertzeladek eramaten gaituzte bizimodu batera ala bestera.
Arartekoaren txosten baten arabera, Euskal Herrian 1.800 lagun daude gizartetik baztertzeko zorian. Horien % 43 Bilbon dago eta % 60, berriz, 30 urtetik beherakoa da. Gainera, gero eta lagun gehiago ditugu geurean etxerik gabe.
Etxenikeek 1.135 plaza dute Euskal Herrian erabilgarri. Horietako 520 Bizkaian daude. Hala eta guztiz, Bilbon 100-150 bat lagunek egiten dute lo egunero kale gorrian.

Zabaldu
del.icio.us