Hara Frantzian zer dioten Espainiako ekonomiaz
Frantziako Le Monde egunkarian argitaratu berri duen artikulu batek badio Espainian, emakumeak eta etorkinak pilaka laneratu direnez gero, behera egin duela bataz besteko ordainsariak: zehatzago, % 4, 1995etik 2005era bitartean.
Antza, Espainia da ELGEko (Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) herrialde bakarra horrelakorik eduki duena, zonalde osoan bataz besteko ordainsariak gora egin baitu: % 1,8 1995etik 2000ra eta % 0,7, berriz, 2000tik aurrera. Espainiako ekonomia arduradunek zehaztu dute horren kausa dela langile piloa laneratu izana kualifikaziorik gabeko eta soldata txikiko lanpostuetan.
Dena dela, azken urteotan Espainiako ekonomiaren pizgarrietako bat biztanlego aktiboaren hazkundea izan da, emakumeak eta etorkinak, esan bezala, trumilka laneraturik. 1995ean 12,4 milioi lagun lanpostudun zeuden Espainian eta 2007an, aldiz, 20,1 milioi daude.
Ekonomia bultzatzen duten sektoreak, hain zuzen ere, kualifikazio eta soldata txikiko langileak eskatzen dituztenak dira: zerbitzuak, ostalaritza, etab. Prekaritatea da nagusi horietan, eta oro har, Espainiako lan-merkatuan ere bai: lanpostudunen % 33k dute aldi baterako kontratua; eta 25 urtetik beherakoen % 60k.
Soldata txikiko sektoreek, bada, ekarri dute behera bataz bestekoa, kualifikazioko lanpostuak nekez ugaldu baitira eta produktibitatea, beste hainbeste.
Ondorio legez dio Le Mondek Espainiako lan-merkatuak abiada bi duela eta lanpostudunen erdiak baino ez duela hitzarmen kolektiboen babesa eta iraunkortasuna.

Zabaldu
del.icio.us