Nondik datorkigu ondoeza emakumeoi?
Nik barik, medikuntzako profesionalek diote badaudela gure artean emakume franko sufrimenduz beteak, gaitz zehazkabeak jota. Horrelako emakumeei hamaika diagnostiko egin diete, ehunka sendagai irentsi arazi, ebakuntza ere bat baino gehiago egin diete. Mediku anintzek ikusi dituzte eta, hala ere, ez dute hobera egiten. Emakume gaixoak dira betiko.
Emakume gaixo bat baino gehiago ezagutu nuen nik txikitan. Gure familian txarto ikusita zeuden, alfer hutsak edo zirelakoan, tradizioaren arabera emakumeok ez baitugu gaixotzeko eskubiderik, are gutxiago ezer zehatzik ez dugunean, baizik eta nekea, mina gorputz osoan, tristezia, antsietatea, zailtasuna harremanak egiteko...
Arretaz entzunez gero, emakume horiek esango ligukete zoritxarrekoak sentitzen direla, beren bizimoduarekin ez daudela pozik, zergatia garbi ez dakiten arren. Askotan autoestimurik ez daukate, edo oso txikia. Emozioen aldetik ere azaltzen dira kexu.
Horrelako emakumeek, gainera, bakardade gorrian bizi ohi dute ondoeza, errudun sentitzen dira familia ongi zaintzen ez dutelako eta euren gorputzari gorroto diote, sekula ez baitie plazerik ematen, mina baizik.
Horrelako bizimoduak, beti ingurukoen zerbitzura, gaitza dakarkie emakumeei. Eta horri gehitzen badizkiogu emakumeen gorputzaren berezko asaldurak, hileko, erditze edota menopausiarekin zerikusia dutenak, emaitza gisa dugu emakumeek euren buruari deritzotela gaixo, makal, ezgai.
Eta nondik datorkigu, bada, ondoeza emakumeoi? Askatasun ezetik esango nuke nik.
Postscriptum. Testu honekin batera argitaratzeko irudi baten bila Googlen barrena abiatu naizenean, "tristezia" idatzi dut margo goibel iluna eskuratu nahian eta emakumeen irudiak baino ez zaizkit agertu. Ez dut gezurrik esaten. Egizue aproba zeuok.

Zabaldu
del.icio.us