Antzarak ditut gogoan
Antzarak ditut gogoan. Horrelaxe, horren modu ederrean hasi zuen
Bernardo Atxagak euskaltzain oso legez emandako aurreneko hitzaldia, non eta Asteasun, jaioterrian. Eta, jakina, literaturaz jardun zuen gero, herria, herri inguruak (Andoain, Aduna, Zikurkil...), haurtzaroa, betidanik ezagututakoa abiapuntu hartuta. Esan dezakegu gauza bera egin duela ia beti Atxagak bere lan gehienetan, gogoko dudan idazle klase horretakoa baita, bizi izandakoa literatura bilakatzen, "transfiguratzen" duten horietakoa.
Atxagak, gainera, mito bilakatu du bere lurraldea eta horrelakorik idazle handi-handiek baino ez dute egiten. Esan gura dut Asteasu Obaba izendatu duela eta herri mitikoen pare jarri duela: Macondoren pare, esaterako, Eduardo Mendozaren Bartzelona irudimen-literaturazkoa bezala.
Hizkuntzaz ere aritu zen Atxaga Asteasuko berbaldian. Garbizalekeriaren kontra esan zuen bere garaian aurrean zabaldutako bideak itxi zituela eta antzutu egin zuela lan literarioa. Aitzitik, Atxagaren ustez, literatura hizkuntzaren utopia da, literaturak bortxatu egiten du hizkuntza.
Atxagaz hamaika aldiz entzuna daukat "euskara akademikoa" ez darabilela. Jakina, literatura egiten duelako. Nago, eta arriskutsua da esan behar dudan hau, euskarak bortxatzaile gehiago behar duela, hizkuntza malguagoa behar dugula, apur bat jipoitu, kraskatu beharko genukeela, apika begirune txikiagoz eta maitasun handiagoz.

Zabaldu
del.icio.us