Elkarrizketa Pruden Gartziari
Argia astekarian eta www.erabili.com gunean argitaratu dute elkarrizketa mamitsua Pruden gartziarekin. Pruden gartzia Euskaltzaindiaren Azkue liburutegiko zuzendaria da, euskaltzain urgazlea eta Filisofia-Letratan doktorea Madrilgo Unibertsitate Autonomotik. Elkarrizketako mamitsuena laburtuko dizuet.
"Historian euskararen inguruko bi jarrera izan dira: euskara etxerako eta euskara plazarako. Abertzale klasikoek (Orixe, Zaitegi...) euskara minoritario gisara izan dute beti. Laffittek, adibidez, ez zuen uste euskaraz nobelak egiterik zegoenik; haren ustez euskara zela bertso, ipuin edo herri antzerkirako. Ez zuten inondik inora uste hizkuntza hegemonikoa izan behar zuenik.
Gero, 1950eko hamarkadan, aldaketa etorri zen. Esuaka lehen aldiz normalizatu nahi izan zen. Hori da "Jakin"en belaunaldia eta "Leturiaren Egunkari Ezkutua"rena.
Apur bat lehenago, Unamuno, Ortega y Gasset, Menéndez Pidal eta beste batzuek euskararen kontra egin zuten, frantsesen antzera uste zutelako nazioak hizkuntza bakarra behar zuela. Frantsesen égalité delako horrek horixe ere esan nahi baitu: denok hizkuntza bera.
Lazarragak XVI. mendean gertatutakoa ezagutzen lagundu digu: euskal eliteek Espainiako erregearen inguruan lobby moduko indartsu bat sortu zuten. Zeren hitzari beldurrik eduki gabe esan daiteke euskal eliteak espainolak zirela. Horrek euskarari kostu izugarria ekarri zion.
Euskal eliteek gazteleraz egiten zuten, gaur negozioetan ingelesez egiten dugun bezala. Etxean, berriz, euskaraz mintzo ziren eta sistema horrek 300 urtean iraun zuen. Ezinezkoa da denbora horretan euskararen mugalk mugitu ez izana, eliteek erabil ez balute. Euskara uko egin baliote, XVII. menderako galduta egongo zen hizkuntza.
Batzuetan esan izan da euskarak iraun duela hizkuntza isolatua izan delako, mendietan galduta ibili delako. Ez da egia. Euskal Herria Europako leku urbanizatuenetakoa zian da XVI. mendetik hona. Esukaldunak mundu osoan zebiltzan: San Frantzisko Xabier Japoniara ailegatzea ez zen txiripa izan.
Baserri idilikoaren mundua existitu zen, bai, baina sare urbanorik ere bai. Frankismoak moztu zuen euskarak hiriarekin zeukan lotura eta galera ikaragarria ekarri zuen: Nafarroan belaunaldi bakar batean galdu zen hizkuntza.
(...) Arabako Iruña-Veleiako erromatar aztarnategiko oraindik oso berde dago eta ez dakigu nora joko duen. Oraindik ez dago emaitza ofizialik, inork ez du ezer esan nahi eta urtebete eman dugu horrela. Erakunde publikoek badute erantzukizuna, politika gardenagoa bultzatu beharko luke-eta.
Oraindik jende asko defendatzen du euskara kanpotik ekarria delako teoria hori. Duela gutxi Salamancako katedratiko batek Araban ez ezik, Hegoalde osoan euskara berria zela zioen, frantsesek ekarria-edo.
Iruña-Veleiaren berritasuna ez dago euskaran bakarrik, Erromatar Inperioaren historia ere ez da ondo ulertzen, ez dator bat orain artekoarekin."

Zabaldu
del.icio.us