Irak barrutik
Iraketik datozkigun albisteak noren filtrotatik iraganak dira? Barruko
zeozer belarriratzen al zaigu? Ezer gutxi, alajaina. Horregatik irakurri dut atsegin eta jakinmin handiz Berria egunkarian Bahira Abdulatif idazle eta itzultzaile irakiarrari egindako elkarrizketa.
Abdulatif Bagdaden sortu zen, Madrilen ikasi eta, herrira itzuli ezinean, Madrilen bizi da 1995etik hona. Familia, ordea, Bagdaden dauka; Bagdaden egunero hamar bat lagun hil ohi dira.
Haren ustez, amerikarrek diotenaren kontrara, Iraken ez dago inolako gerra zibilik; kontua da amerikarrek banaketa eta nahasmena eragin dutela, herrian geratzeko aitxakia edukitzearren. Horretarako, suniak, xiitak, kristauak, kurduak eta arabiarrak elkarren aurka borroka daitezen, amerikarrek muturreko praktika erlijiosoak bultzatu dituzte eta, horren ondorioz, mendebete egin dute atzera.
Kalterik larriena, zer esanik ez, emakumeek pairatu dute. Irakeko gobernua alderdi erlijiosoez dago osaturik, ez politikoez, eta oso lege atzerakoiak defendatzen ditu: gizonezkoen poligamiarako eskubidea, esaterako. Lehen, ingeniari irakiarren % 45 emakumeak ziren; orain emakumeak ez dira etxetik irtetera ere ausartzen eta, irtenez gero, zapia erabili behar izaten dute babesgarri gisa, derrigor erabili ere, heriotza, irain, bortxaketa eta beste hamaika arriskuren beldur.
Interesgarria eta ikaragarria, aldi berean, Abdulatifen ikuspuntua. Duela gutxi entzun nion Mariano Rajoyri Irakeko gerra iraganeko kontua zela. Esaiezu halakorik irakiarrei, Rajoy jauna. Tamalez oso presente dute.

Zabaldu
del.icio.us