Babel
Hizkuntzari edo hizkuntzei buruzko zerbait ikusiko nuelakoan joan nintzen zinera eta armen kontrako alegatoa topatu; film itxurako alegato ederra, asaldagarria, ikusteko batere erosoa, une batetik bestera zerbait ikaragarria gertatuko dela sentiarazten duten horietakoa. Izan ere horrelakoa gertatzen da-eta, armak tartean daudelarik.
Tokioko dozenaka solairuko etxe eder garesti batean gizon batek arma pare bat dauka gutxienez. Bata emazteak hartu eta tiroa eman buruan. Bestea, fusil sofistikatu erabilgaitza, Marokora eraman ehizaldi batera eta nekazari bati eman dio opari gisa. Nekazariak artzain bati saldu eta horren semeek darabilte ordutik aurrera fusila, ardiei eraso egin ohi dieten txakalak hiltzeko. Horrelako arma metalezko distiratsu teknologia puntakoa Marokoko mendi lehorretako artzain txiki txiro biren esku batere trebeetan ikustea izugarria zaio edonori, edonor horrek garbi dakielako tragedia errepideko hurrengo bihurgunearen bueltan dagoela zain; eta egon ere badago eta gertatu ere gertatzen da.
Marokotik istorioa Estatu Batuetara joan zaigu eta hortik Mexikora, herrialde biotan armak tamalez presente omen daudelarik eguneroko poz-penetan. Eta herriz herri bezala, hizkuntzaz hizkuntza gabiltza munduan, Babelen. Kalifornia hegoaldean eta Mexikon txikanoen espainiera gozoa entzuteko parada dugu, film-itzultzaileen desesperorako, hala ingelesa nola espainiera doblatu beharrean, minez erabaki behar izaten baitute noiz jatorrizko bertsioa utzi eta noiz ez.
Tituluak liluratuta, bada, komunikazio ezaren gaineko zerbait ikusiko nuelakoan, armaren kontrako eta bakearen aldeko beste zerbait gozatu nuen. Hona hemen nire ekarri apala kausari: Amnesty">http://www.es.amnesty.org/actua/acciones/ley-comercio-armas">Amnesty International.

Zabaldu
del.icio.us