Gazteak eta letrak
Urte askotan egokitu zait gazteentzako literatur lehiaketa batean epaile izateko ohorea, benetan zeregin polit gomendagarria. Hori dela eta, urtero irakurri ohi ditut kilo batzuk ipuin, 16-30 urte bitarteko neska-mutilek idatzita. Espero izatekoa denez, denetarikoa izaten da horien artean; literatur pieza eder bitxiak ere bai, eta ez gutxi.
Pozgarri franko ez ezik, hamaika uste erdi ustel desegiteko aukera ere eman dit literatur epaile jardun izanak. Gaztetxoek irakurtzen ez dutelako hori, kasu. Egin dezagun kontu: urtero ehundik gora idazle gaztek hartzen dute parte eta lehiaketak hamazazpi urte beteko du aurten; irakurtzen ez duen idazlerik nekez dago munduan; are gehiago, irakurle amorratua ez den idazlerik ere ez. Beraz, gazte jendeak irakurri egiten du, dudarik gabe.
Gainera, idazten dituzten ipuinetatik igartzen zaie liburuez gain, komikiak ere erruz leitzen dituztela, eta egunkariak, eta Interneteko irakurgaiak. Filmak ere ikusten dituzte, mota guztietakoak. Eta telebista, noski. Alde guztietatik datorkie kultura; aurrejuzku gehiegirik gabe hartu eta ipuin bilakatzen dute.
Idazle gazteei horrelako laguntza emanda, bermatu egiten dugu etorkizunean literatura bizi egingo dela eta bizi egingo gaituela.
Interesik edukiz gero, hona hemen lehiaketaren arauak.

Zabaldu
del.icio.us