Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

13/01/2009 GMT 1

Emakume informatikariak

martinez @ 10:01

Europako Batzordeak emakume informatikari gehiago nahi eta behar ditu, profesional gutxiegi omen dagoelako IKTetan (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) eta 2010. urtean Europar Batasunak (EB)300.000 informatikari beharko duelako.

Bereziki urri izango omen dira informatikariak Espainian, dauden baino 50.000 bat gehiago beharko dute-eta.

Bruselako exekutiboak cyberella berba darabil emakume informatikariak izendatzeko. Benetan leloa izena eta bestela izendatu beharra, noski. Dena den, badio zenbat eta emakume gehiago egon, hainbat eta gehiago haziko dela ekonomia EBn, produktibitatearen % 50ek zuzeneko lotura baitu IKT sektorearekin.

Informatikarien % 15 inguru bakarrik dira emakumezkoak eta gaur egun unibertsitateetan ingeniaritza ikasleen % 20 soilik. Hala eta guztiz, Europako Batzordeak uste du 2.0 webak sormen eta gizalegezko gaitasuna behar duenez gero, emakume gehiagok joko dutela informatika eta telekomunikazioetara.

Hala izan bedi. Baina has daitezen izen duina ematen. Mesedez. 

11/01/2009 GMT 1

Euskadin bizi diren etorkinek euskara ikasteko aukera dute Aisa programaz

martinez @ 09:50

Iturria: www.erabili.com

 Berrogeita hamalau herrialdetako 582 etorkin heldu aritu ziren 2008an euskara ikasten Aisa harrera-ikastaroetan. Aisa ikastaro horien helburua da etorkin helduak errazago sar daitezela gero euskalduntze-sare orokorrera.

2009rako diru-ekarpena igotzea adostu dute HABEk eta Inmigrazio Zuzendaritzak.

Bestetik, Miren Azkarate Kultura sailburuak azaldu du euskaltegi sare orokorrean hirukoiztu egin dela etorkinen kopurua azken zazpi urteetan: 2001-2002 ikasturtean 476 ikasle etorkin zeuden eta 2008-2009 ikasturtean, berriz, 1.600 daude.

Ikasleen jatorria

  • Amerikakoak % 65 (batez ere Ertamerika eta Hego-Amerikakoak)
  • Europakoak % 15 (batez ere Europa Erdialdekoak eta Portugalekoak)
  • Afrikakoak % 15 (batez ere Magreb aldekoak)
  • Gainerakoak % 5

Jatorri anitzekoak direla konturatzeko, aipa dezagun 50 herrialde baino gehiagotako ikasleak daudela Aisa taldeetan.

Benetan gozagarria izan behar du horrelako eskola batean irakasle aritzeak.

HABEk homologatutako sareko euskaltegietan ematen dira ikastaroak: udal euskaltegien sareko eta euskaltegi pribatu homologatuen sareko euskaltegiek parte hartu ohi dute.

Udalekin eta etorkinen elkarteekin lankidetzan antolatu ohi dira ikastaroak. Eskaria beti euskaltegiak edo Udalak egin behar du, eta HABEk onartu.

Hortaz ez dezagun ahaztu Inmigraziorako Euskal Planak (2003-2005) besteak beste proposatzen duela atzerritarren artean EAEko bi hizkuntza ofizialen ikaskuntza sustatzea.

09/01/2009 GMT 1

Bazen garaia

martinez @ 11:01

Hala da, bai. Bazen garaia lanera itzultzekoa eta hemen nauzue berriro lan egiteko prest.

Asmoa dut hizkuntzaz apur bat gehiago idazteko, baina niri benetan gustatzen zaidan kontuaz: gramatika alegia. Eta  itzulpengintza. Ea asmoa gauzatzeko gauza naizen.

Dena delarik, bihotzez nahiko nuke urte berria baketsua eta oparoa izango balitz denontzat.

Laster arte.

02/12/2008 GMT 1

Datorren urtera arte

martinez @ 07:57

chiuso_geschlossen.jpg

Horixe, oporra egin behar dudala eta agur esaten dizuedala datorren urtera arte, Erregeak pasata.

Badakit nahikotxo falta dela horretarako, baina, zer egingo diot? Primeran bizi naiz.

Izan zaitezte zoriontsu.

24/11/2008 GMT 1

Joannateguy berriz ere (3)

martinez @ 08:19

Ikus aurreko atala.

(...)

Apeza joan zen etxera, dena gogoetatuta.

(...)

Ez zuen ainitz denbora apez hura han barna inilia zela, artzain batzuk ere ohartu zirenean, bazela Suabakeko leizean, jende edo basa.ihizi, nor edo zer, han zagonik.

(...)

Ordu beretik banatzen hasi zen berria, saindu handi bat bazagola Subiakeko leizean.

(...)

Eta ez ziren gutxiak, haren solas sarkorrak entzun-eta, bekatuzko urratsak uzten zituztenak.

(...)

San Beonati gogoak eman zion berehala hegaztin hura ez zela lurrko igietarik.

(...)

Sainduari gogoan jarri zitzazion emakume baten oroitzapena. 

(...)

17/11/2008 GMT 1

Labe garaia

martinez @ 10:58

sestaokolabegaraia.JPGEgun Sestaon gelditzen zaigun labe garai bakarra (argazkian duzue, eder-ederra)zaharberritzeko 1,2 milioi euro erabiliko du Madrilgo gonernuaren aurrekontuak 2009an. Hori bai berri ona.

Labe garaia 1995ean gelditu zen. Behin berrituta, siderurgiaren museoa paratuko dute haren inguruan.

Marcos Merino Sestaoko alkateak igaro den astean adierazi zuenez, 1,2 milioi horiek ez dira nahikoak zaharberritze-lan guztia egiteko eta ez da posible lanari oraintze bertan ekitea, lehenengo eta behin egitura sendotu behar da-eta.

Luzerako kontua izanda ere, berri ona da, esan bezala, labe garaiaz zer edo zer egitea erabaki izana, industria ondareak begirunea merezi du eta.

10/11/2008 GMT 1

Tratu txarren beste aldeak

martinez @ 08:04

Portugaleteko Udalak Berdintasun Jardunaldiak antolatu ditu, urtero bezala. Hona hemen aurtengo gai nagusia: Tratu txarren beste aldeak.

Jardunaldiak Portugaleteko Puente Colgate hotelean egingo dituzte azaroaren 12an goizez eta arratsaldez, eta 13an goizez bakarrik. Parte hartzea doakoa da guztiz eta haurtzaindegia ere antolatuko dute.

Hona hemen programa:

AZAROAREN 12a, ASTEAZKENA 

9:00     Harrera parte-hartzaileei eta agiriak banatu

 9:30     Jardunaldiak hastea

Miguel Lorente. Gobernuaren ordezkaria Genero Indarkeriarako. Berdintasun Ministerioa.

 

Izaskun Moyua. Emakunderen zuzendaria. Eusko Jaurlaritza.

            María Dolores Ciordia. Gizarte Ongizate zinegotzia.

Mikel Torres. Portugaleteko alkatea.

10:15   Genero-indarkeria: pizgarri-erantzunak. Miguel Lorente.

12:00   Genero indarkeriaren biktimak diren seme-alaben ikustezintasuna. Liliana Orjuela. Indarkeria eta Haurtzaro egitarauen aduraduna. “Save the     Children”.

         

13:00   Indarkeria gazteen artean eta ezkongai-aldian. Sonia Vaccaro. Psikologoa. Emakumeenganako tratutxarrak ikertzeko batzordea. Emakumearen Institutua.

 16:00   Emakume prostitutenganako txatu txarren ikustezintasuna. Marian Arias. Askabide elkartearen presidentea.

17:00   Sexu iragarkiak komunikabideetan. Mª José Barahona. Gizarte Lan irakaslea. Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea.

 

18:00   Klowndorioak. Virginia Imaz Quijera. Oihulari Klown antzerki taldea.

AZAROAREN 13a, OSTEGUNA

9:00     Zergatik ematen dieten tratu txarra semeek ama adinekoei. Cristina Almeida. Abokatua.

10:00   Genero indarkeriaren eragina emakume ezgaituengan.  Soledad Arnau Ripollés.  Bizimodu Independentearen Aldeko Bulegoaren koordinatzailea. Familia eta Gizarte Gaietarako Saila. Madrilgo Autonomia Erkidegoa. Madrilgo ASPAYM (Paraplegiko eta Elbarri Handien Elkartea).

 

 12:00 Emakumeek nola bizi duten hurbileko ingurua.  Marta Fonseca. Arkitektoa. Punto 6 taldea.

13:00   Aurkezpena. Portugaleteko hirigintza genero ikuspuntuaz arteztua. Javier Ruiz. Gizarte Zerbitzuen zuzendaria.

06/11/2008 GMT 1

Psiko-soziolinguistika

martinez @ 08:05

Lehengo egunean Lucia Martinez Odriozola kazetari eta Kazetaritza irakasleak Gardetasunaren alde tituluko artikulua plazaratu zuen www.erabili.com gunean.

Martinezek esandakotik hainbat pasarte atera ditut, gehienbat psiko-soziolinguistikaren gainekoak, zer edo zer iruzkindu gura nuen-eta.

Hona hemen Martinezek idatzitakoa eta Martinezek iruzkindutakoa.

(...)

  

Eta euskaldunen artean bi kategoria sortu ziren, bi klase ia: euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak. Ez zen gauza bera. Haiek pedigria zuten; bigarrenak, berriz, irrigarri geratzen ziren hizkuntza erabiltzeko zuten lehiagatik eta hizkuntza erabiltzeko eragatik.

Egia da. Badaude Euskal Herrian euskaldun berriak sekula ez direnak guztiz integraturik, onetsirik, sentitu euskaldun komunitatean, nahiz eta euskaraz akoz hobeto egin euskaldun zahar gehienek baino. Are gehiago, ezagutu dut euskaldun berria, hizlari trebe eta idazle fina, sekula esaten ez zuena euskaldun berria zela. Lotsaz, ziur. Eginarekin lortutako prestigioa galduko ez ote zuen beldur. Horrelakoak zer edo zerengatik gertatzen dira. Zer edo zerk eragin die euskaldun berri horiei bigarren mailako hiztunak izateko sentimendua.

(...)

Bada irudipen jakin bat (...); alegia, hizkuntza bera hitz egiteak printzipio-kode bera partekatzea ere badakarrela. Hiztun euskaldun batzuek jakintzat ematen dute solaskidearen konplizitatea.

Hainbatetan, euskaraz hitz eginez gero, berehala lortzen da solaskidearen atsegina, konfidantza. Hizkuntzak gogoa erabat berdinduko baligu bezala. Euskaraz egiteak berdintxe pentsatzea elkarriko balu bezala.

(...)

Bitxia gertatzen da baita ere ikustea nola batzuetan, euskal autonomia erkidegotik kanpoko jendea bisitan etortzen zaigunean, entzule jakin batzuen aurrean esaten dituzten lehen hitzak euskaraz ez hitz egiteagatik barkamena eskatzeko direla, hori bekatu balitz bezala.

Ez nago konforme. Duela gutxi Katalunian ibili nintzen batzar batean. Sobera dakit nik kataluniar guzti-guztiek gaztelaniaz dakitela. Dena den, batzarraren hizkuntza katalana zenez gero, niri, katalana jakin gabe, barkamena eskatzea iruditu zitzaidan kortesia eta begirune gutxienekoa, haien hizkuntza erabili behar ez nuelako, beste bat baizik. Beste hori ere ofiziala da, bai, baina ez zen haien batzarrekoa.

(...)

Lanpostu bat eskuratzeko euskara nahitaezkoa delako zurrumurrua zabaldu izan da urtetan, interesatuki. Ideia hori erro-errotik da negatiboa eta askotan gezurrezkoa: badago lana lortzea euskaldun izan gabe. Baina uste horrek euskara ikastera bultzatu ditu bestela euskara ikasiko ez zuten batzuk.

Bai, zurrumurru hori egia izan gabe banatu da, baina ez nuke nik esango "interesatuki" zabaldu denik. Ez dut uste hala denik. Interesaren kontua albo batera utzita, zurrumurrua bera egiazkoa ez dela konturatzeko, zenbakiei erreparatu besterik ez dugu egin behar: Adminsitrazioan bertan ehunka lagun ari dira lanean euskaraz fitsik jakin gabe.

(...)

Euskarazko hedabideek, inprimatuek bereziki, antzeko irizpideak aplikatu izan dituzte. Albisteren bat euskaraz argitaratzen den une gutxi horietan ere euskara menderatzen duen eta seguru asko berriaren jakitun dagoen jendearentzat argitaratzen da.

Askoz ere aberasgarriagoa litzateke komiki aleman bat euskaraz eta bertsolari txapelketaren sailkapena edo Euskaltzaindiaren azken erabakiak gaztelaniaz argitaratzea.

Gaztelaniaz argitaratutako hedabide jakin batzuek egindako inkestek argitzen dutenez, irakurleek ez diote uko egiten orrialde horietan informazioa euskaraz emateari, betiere horregatik ez badiote berari behar-beharrezko informaziorik ukatzen. Beraz, gaztelaniadun irakurlearen arabera, euskara bigarren mailako kontuetarako da, jakitea edo ez jakitea berdin dion kontu horietarako. Eta baliteke hori izatea arazoaren gakoetako bat.

Guztiz beharrezkoa dugu erdaldunei euskal kulturaren berri ematea, endogamia beti baita kaltegarria, hondagarria, suntsigarria edo behintzat pobregarria.

Eta egia da, bestetik, irakurle erdaldun elebakarrek uste dutela euskarazko albiste edo artikuluak haien interesekoak ez direla, beste batzuei begira idatzi dituztela, haiei ez dagozkiela.

(...)

Zein arrazoirengatik sartu dira [unibertsitatera], bada, irakasle batzuk elebitasunaren bidetik, ez badute azkenean eskolarik euskaraz emango?

Zein arrazoirengatik? Ekonomiagatik. Euskaldun bat kontratatuta, euskalduna eta erdalduna kontratatzen dira batera: "dos por uno", supermerkatuan bezala. Agian irakasle horrek momentuz ez du euskal eskolarik emango, baina emateko kapaz da eta etorkizunean baliteke unibertsitatea euskaldun baten behar izatea eta horrela ez du beste bat kontratatu beharko.

03/11/2008 GMT 1

Itzulpena eta euskararen normalizazioa Administrazioan (eta 3)

martinez @ 11:08

Ikus lehen eta bigarren atalak.

Itzulpengintzaren mugak Administrazioan

Funtzio sozial jasoko testu batzuk ez dira kaltegarriak izango, ez eta maila horretako itzulpen-jarduera bat ere, baldin eta argi badaukagu gehienbat funtzio sinbolikoa betetzen dutela. Euskarak funtzio apalagoko testuetan hartzen du arnas, ez Administrazioaren aldizkari ofizialetako testuetan, ez arkitektura-tratatuetan, ez neurokirurgiakoetan. Unibertsitatean ere ez dute horrelako testu jasoen beharrik?

Atzean talde-hizkera bat ez daukan itzultzaile trebeak, maisu lana eginez, gai jakin baten gaineko idiolekto bat sortuko du, ez espezialitateko hizkera bat, eta ez die espezialistei balioko. Espezialistek sortu behar dute beren espezialitate hizkera, dagokien arloan arituz. Linguisten laguntza ere jaso dezakete (nahitaez jaso beharko luketela esango nuke nik) hizkera horren corpusa apur bat moldatzeko, baina haiena izan behar da ekimena.  

Administrazio Orokorraren bigarren plangintzaldia ebaluatzeko txostenean arrazoi nagusi hauek ematen zituzten normalizazio-prozesuaren hutsak azaltzeko:

  • Giza baliabide eskasak.
  • Baliabide ekonomikoen falta.
  • Agintarien inplikazio eskasa.
  • Zenbait derrigortasun-data txarto ezarrita, beraz, hutsak lehentasunak zehazterakoan.

Nik, gutxienez, beste akats pare bat ikusten dut: bata, langileen interesa eta inplikazioa; bestea, gehiegizko helburuak. Hizkuntza-politikako organoek beti baldintza bi ezinbestekotzat jo izan dituzte unitate administratibo batean euskararen erabilera normalizatzeko: langileek hizkuntzaren ezagutza-maila egokia edukitzea eta maila hori daukatenak dentsitate egokian egotea. Ez nator bat, baldintza soziala falta delako. Horrela, beste baldintza bat, gutxienez, bete behar da: euakararen erabilerak nahiko dentsitatea izatea administrazioko jardunari sostengua ematen dioten sare sozialetan.

Tokian-tokian erabaki beharko da Administrazioa euskaldundu behar den, noraino egin behar den eta noraino utzi behar den erabilera sinboliko batean. Horren arabera erabakiko da itzulpenak izan behar duen tokia. Okerra iruditzen zait euskararen erabilera normalizatzeko ezintasuna itzulpenaren bidez estali nahi izatea.

---Akabantza---

31/10/2008 GMT 1

Itzulpena eta euskararen normalizazioa Administrazioan (2)

martinez @ 09:26

Ikus lehen atala.

Itzulpen-politika baten lerro nagusiak

Itzulpenak berebiziko tokia du euskararen erabilera suspertzeko lanean, baina normalizazioaren premiei erantzuteko moduan erabiliz gero. Bestela, sendagarri paregabea pozoi hilgarri bihurtzen da.

Itzulpenaren zeregin hauek azpimarratuko ditut:

  • Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, zerbitzu-hizkuntza idatzi gisa, Administrazioak funtzionamendu arruntaren bidez bermatzeko ezintasuna daukan bitartean.
  • Euskaraz eta erdaraz lan egin behar duten unitateen funtzionamendua ahalbidetzea, normalizazioak langileen lana bikoiztu ez dezan.
  • Administrazioaren identitate-euskarrietan (besteak beste, errotuluak, iragarkiak, oharrak, intraneta, web gunea, aldizkariak eta liburuak, erakundearen ekitaldi publikoak...) euskararen agerpena ziurtatzea.

Agian onar liteke langileek testu mota batzuk euskaraz eta erdaraz lantzea. Testu labur eta errepikakorrei buruz ari naziz, ereduen araberakoak, oso estandarizaturik, Aitzitik, testu luzeak, aldakorrak sortze-lana estatzen dutenak itzultzailearengana joan beharko dira. Oso ondo deritzot. Lana banatzeko oso modu egoki zentzuzkoa.

Aldizkari eta web gune edo intranetei dagokienez, urrezko araua zait euskararen erabilera kualitatiboari elehentasuna ematea eta ez kuantitatiboari. Kontua ez da elebitasun mimetikoa (hainbat politikariren obsesioa) lortzea, baizik eta euskarak euskaraz irakurtzen duenari zerbait gehiago eskaintzea, pizgarri bat, aberaste moduko bat. Hizkuntza gehiago dakienak gehiago eskuratu behar du; gutxiago dakienak zerbait galdu.

Bereziki ebitatuko nuke euskarazko artikuluak euskarari edo euskal kulturari buruzkoak izatea. Esukara ez da euskarari buruz hitz egiteko espezialitate-hizkuntza. Guztiz ados. Endogamiarik ez. Garbi eduki euskarak den-denari buruz hitz egiteko balio duela.

Web guneari begira, irizpide hauek proposatuko nituzke:

  • Euskaraz ere nabegatzeko diseinatuta egon behar da.
  • Interes orokorreko berri, ohar, eta informazio guztiak euskaraz eta erdaraz agertu behar dira. Itzuli behar, beraz.
  • Artikulu espezializatuak, zientifikoak, jatorrizko hizkuntzan agertu eta euskaraz ere bai.
  • Web gunea kudeatzen duten langileek, Administraziokoak nahiz kanpoko enpresa batekoak izan, euskara ondo erbaili behar dute. Oso oso oso garrantzizkoa hau. Haien artean itzultzailea egongo da edo harreman estua edukiko dute itzultzailearekin.

Izan ere, herri administrazio jakin bateko arduradunek euskararen normalizazioaren aurrean benetan nolako jarrera daukaten jakin nhai badugu, errepara diezaiogun web guneez eta intranetez arduratzen direnak zein irizpiderekin aukeratu edo kontratatu dituzten. Eskara kontuan hartu ez badute, atera kontuak.

Argitalpenekin zentzuz jokatzea gomendatuko nuke, zentzudun izatea, maila sinbolitkotik maila errealera jaistea. Eremu espezializatu askotan ez dago euskal jarduerarik ez irakurlerik ere. Horrelako liburuak itzuli egiten dira eta alferrik argitaratuko, onurak ez baitu esfortzua berdinduko. Apaltasunez jokatzea gomendatuko nuke. Baieztapen arriskutsu bezain zirikagarria. Ez daukat nik iritzi garbirik horretaz. Gogoeta luzeagoa egin beharko nuke eta bestelako iritziak entzun. Ez dut uste mundu guztiaren aurrean esukera dela-eta dirua alferrik gastatzeak mesederik egiten dienik euskaldunei, ez eta itzulpena dela kausa gaztelaniazko testuaren argitarapena luzatzen eta oztopatzen ibiltzeak ere. Are txarrago, ohikoa denez, gainera, euskal testua kalitate txikikoa edo ulergaitza bada. Beti ez da horrela gertatzen: hainbatetan euskal testu itzulia askoz hobea da, hizkuntzaren ikuspuntua hartuta, originala baino. Zergatik? Hizkuntzalari batek idatzi duelako eta originala, ordea, ez.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!