Kontakizun honen jatorrizko titulua Presente imperfecto da eta Vidas exemplares izeneko liburu batean dator. Uxía Casal egilearen lana da, galizieraz idatzia. Uxía Casal adiskidea izanik, euskaraz eman dut nik kontakizun hori harentzako opari eta omenaldi modura.
Orainaldi bukatugabea
Bizkarra hormaren kontra bermatu duzu eta zangoak tolestu; eskuez eutsi diozu buruari, baina ukalondoen astuna izterretan ez duzu atsegin. Ideia bakarrak bete zaitu burua eta, ahal izango bazenu, urrun egongo zinateke, jendez beteriko patio honetatik oso urrun. Lagun talde ugari daude barreiaturik, beren gauzen gainean mintzo, baina zu ez zara bateko ere kide. Nahiago duzu bakarrik egon. Gaur. Lehen. Beti.
Samindurik sentitu zara ezinbestez; dena den, susmoa duzu zuk ere arduraren bat baduzula bizi zaren egoera horretaz, zeure borondatez banandurik zuk ere nolabait ekarri duzula inork ere nola duzun izena ez galdetzea, inor ere zuregana ez bueltatzea eta zerbait adeitsu, atsegin lagunkiro esan. Lagunik ez duzu toki honetan; adiskiderik ez. Informazioa nondik atera duzun ere ez dakizu, baina ziur zaude inguruko guztiek daukatela zure iraganaren berri, urruti gorde nahi izan duzun iraganaren berri. Etsaiak ez dira; axolagabe, ordea, bai, existituko ez bazina bezala, ikustezina bazina bezala. Ez duzu gogoko, baina murgilduegi zaude zeure kontuan eta ez zara konturatzen eraiki duzun hesiak, babestu ez ezik, ezkutatu ere egin zaituela.
Burua altxatu duzu, besaurreak lepoan utzita. Mahaikideak norbaitekin hitz egiten du; ez duzu ondo ikusten itzalean. Haien ondoan, beste sei lagunek entzuten ez duzun zerbaitez eztabaidatzen dute; sumatu duzu, dena den, zenbait interesgarria dela, oso aurpegi alaia egiten dute-eta. Astun zutitu zara eta ikastetxe barrurainoko bideari ekin diozu. Aurreneko aldiz jabetu zara zeure bakardadeaz. Damutu zaizu.
Goizaldea geldo-geldo igaro da, segundoak banan-banan zenbatzeko moduan, amumak arrosario aleak erabiltzen dituenean bezala, zuretzat baliagarria ez den kontsolamendu horri atxikita. Bakarrik irten zara, gorputz bat atearen kontra pilatutako gorputz-itsaso batean galdua, eta horrela, jende alai zalapartatsuaz inguratua, multzoaren beroaren erdian zaudela, ziztada mingarria nabaritu duzu bularrean. Mingarria eta hotza. Negar egin nahi izan duzu, baina horelako lasaituari makalkeria deritzozu; azkarrago ibili zara orduan, korrika ia, etxea iritsi eta inor ez dadin kontura gogoan zer daramazun.
Amumak zure musu bat nahiko luke; ez diozu eman; mahaira eseri zara eta jan egin duzu hitzik esan gabe. Amumak itxaron egiten du. Aspalditik hona dago zuk barnea noiz askatzeko zain. Alferrik. Logelan sartu zara eta barrutik itxi duzu atea. Irratia piztu duzu eta edozein musika mota, bost axola dizu, entzun duzu. Azkenik, intimitatean, baimena eman diezu malkoei begietatik irteteko. Ezin izan diezu eutsi. Lokartu egin zara.
Arratsaldean esnatu zara, buruko minaz, iragana bertan duzula. Loak amesgaiztoa berpiztu dizu berriro. Izu itzelak gelditu egin zaitu. Haiek zure bila dabiltza, baina zuk ederki dakizu ezer onik ez dutela nahi. Harrapatu egin zaituzte. oihu egin duzu. Aurpegia esku zaurituez babestu duzu. Odola darie.
Zugandik urrundu nahiko zenuke istorioaren amaiera, sekula bizi izango ez bazenu bezala; alferrik. Lehen atala datorrenean, metatu egiten zaizkizu gainontzekoak buruan. Gatibu bat ikusi duzu gela ilun batean, zaratak noiz isilduko zain. Atea ireki duzu zentimetroz zentimetro, oinutsik ibili zara korridorean; suak argitu egin du sukaldea; dardar egin duzu; bila abiatu zara; ez duzu dudarik egin. Haien gelara doan korridoreko ispiluak irudi ia ezezaguna itzuli dizu; beldurtu egin zaituzte begi beltzak, odol lehor sudurrari itsatsiak, kopeta eta masailetako erredurak, belarri zaurituak, zeure buruak berak... Betiko bukatu nahiak baino ez zaitu bultzatzen. Nekez estutu duzu esku txikia eta sartu egin zara. Zorionez lo daude biak.
Begiak itxi dituzu gehiagorik ez ikusteko. Alferrik.
Amumak leun joko du atea. Afaltzeko ordua da. Zurekin hitz egin nahiko luke. Ez da ausartu.
Ez dakizu zer ari zaren jaten, begirada platerean gelditu arte. Gorputz osoa astindu duzu eskuan haren eskua nabaritu duzunean; gelditu egin zara, sardexka ere geldirik ahoaren eta mahaiaren artean. Hunkitu egin zara, nahi gabe ere. Musutxua eman dizu. Zerbait kontatzen hasi da. Inoiz baino alaiago dirudi. Motorra duzu.
Biharamunean ez zara institutura iritsi. Inork ez du zure hutsa sumatu; ikasketa-burua baino ez da, azkenik, konturatu Fiz Vilariño Pereira, ikasle berria, astebetean ez dela klasera agertu. Etxera deitu dute. Amumak negar egin du.
Goardia Zibila hasi da zure bila. Mendian topatu dute, motorraren ondoan, zure gorputz apurtua. Irribarre egiten duzula dirudi. Amumak negar egin du eta arrosario aleak erabili ditu berriro ere.
Ikastetxeak ateak itxi behar ditu. Zalaparta patioan, barreak, lasterketak, karpetak airean. Jaieguna. Inor ez da zutaz gogoratu.