Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

09/03/2009 GMT 1

Euskaratik alemanera (3)

martinez @ 07:56

Ikus aurreko atala.

Baiezko esaldia -> Ezezkoa. Arauak, oro har eta komunikazioaren alde, kontrakoa aholkatzen duen arren, badirudi kasu honetan askoz batago datorrela ezezko esaldia alemanezko hizkera arruntarekin eta horregatik aldaketa.

Hago lasai -> Mach dir keine Sorgen ('ez larritu')

Aditzeko esaldia -> Aditzik gabea. Aldaketa honetan itzultzaileak arindu nahi izan bide du hizkera.

Gaur ez dinat egingo -> Heute nicht

Partikula modalak. Alemanez badaude horrelako partikulak, esangura zehatzik gabeak, esaldiaren esangura osoa modalizatu egiten dutenak eta oso sarriak direnak hizkera arruntean. Hurrengo adibidean ikusten dugu nola euskaraz ez dagoela inolako partikularik, baina alemanez itzultzaileak erabaki duela esaldiari ondo datorkiola modalizazioa. "Da" da partikula modal hori:

... ez dinagu deus egiten ahal -> ... können wir da nichts machen

05/03/2009 GMT 1

Euskara-gaitasun tituluak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Marko Bateratuan uztartu dira

martinez @ 07:54

Iturria: www.erabili.com 

Euskara-gaitasun agirien baliokidetza sistema guztiz osatu du Eusko Jaurlaritzak. Euskarazko egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetzen dituen eta Europako Erreferentzi Markoan uztartu dituen sistema honek eragin zuzena du orain arte egiaztapen-sistema guztietan agiria duten milaka herritarrengan eta hemendik aurrera euskarara tituluren bat eskuratzeko bidean izan daitezkeenengan, gainera, baliokidetza eta aitortza sistema osorako da eta betirako da.

Euskararen gaitasun egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetuko dituen Dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak, Kultura Sailak aurkeztutako proposamenaren harira, eta honen bitartez euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura finkatu zituen 64/2008 Dekretua egokitu du eta handik kanpo geratu ziren titulazioak sartu ditu bere baitan, baliokidetza sistema gutiz osatuz.

Apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuak euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitu zituen, euskararen egiaztagirien arteko baliokidetzak beraien artean eta hauek Europako Erreferentzia Markoarekiko ezarriz. Hala ere, kanpoan utzi ziren hezkuntza arloko titulu eta ziurtagiri batzuk, dekretuan gerora sartzeko asmoarekin. Orain gehitu diren titulazioak, Hezkuntza Sailaren Irakaspostuetarako Hizkuntza-Eskakizunak eta Hizkuntza Eskola Ofizialen plan zaharreko eta berriko titulazioak dira. Gainera, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak ematen duen EGA eta Euskaltzaindiaren D agiria ere baliokidetza koadroan jaso dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak kudeatzen duen HLEA geratu da oraingoz kanpoan, hainbat epai eta gorabeheraren ondoren Hezkuntza Saila euskara-agiri horren sakoneko aldaketa bat egiteko asmotan dabilelako. Aldaketa hori aztergai dago, eta azken erabakia hartzean argituko da orain arteko HLEAren baliokidetza eta, kasua balitz, berriarena.

Baliokidetza sistema honen bitartez, euskara-agiri guztiak Hizkuntzen Europako Markoarekin homologaturik geratu dira, eta elkarrekin baliokidetuta. Guztira 34 titulu desberdin. Horietako batzuk 1975az geroztik ematen hasiak dira. Euskararen egiaztagirien arteko baliokidetzak beraien artean eta hauek Europako Erreferentzia Markoarekiko ezarri dira. Dekretuak Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Marko Bateratuaren B-1, B-2, C-1 eta C-2 mailekin parekatzen ditu HAEE-IVAP-ek, HABEk, Osakidetzak, Ertzaintzak, Hezkuntza Sailak, Euskaltzaindiak (D agiria), Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak (EGA) eta Hizkuntzetako Eskola Ofizialek emandako agiriak, bakoitzaren baliokidetzak ezarriz.

Baliokidetzak

  • Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B-1 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:
    • Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 1. hizkuntza eskakizuna.
    • Kultura Sailak emandako 1. mailako ziurtagiria, (HABE).
    • Osakidetzako 1. hizkuntza eskakizuna.
    • Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako antzinako ikasketa planaren euskal ikasketen 3. maila.
    • Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialek egungo ikasketa planaren baitan emandako Tarteko Maila.
  • Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B-2 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:
    • Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 2. hizkuntza eskakizuna.
    • Kultura Sailak emandako 2. mailako ziurtagiria (HABE).
    • Justizia Administrazio langileen 2. hizkuntza eskakizuna.
    • Osakidetzako 2. hizkuntza eskakizuna.
    • Ertzaintzako 1. hizkuntza eskakizuna.
    • Irakaspostuen 1. hizkuntza eskakizuna.
    • Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako euskal ikasketen antzinako ikasketa planeko 4. maila.
    • Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialek egungo ikasketa planaren baitan emandako Maila Aurreratua.
  • Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C-1 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:
    • Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 3. hizkuntza eskakizuna.
    • Kultura Sailak emandako 3. mailako ziurtagiria (HABE).
    • Justizia Administrazio langileen 3. hizkuntza eskakizuna.
    • Osakidetzako 3. hizkuntza eskakizuna.
    • Ertzaintzako 2. hizkuntza eskakizuna.
    • Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) (Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak emana eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak emana).
    • Euskaltzaindiaren D agiria.
    • Irakaspostuen 2. hizkuntza eskakizuna.
    • Antzinako Ikasketa Planaren baitako Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Madrilgo Hizkuntza Eskola Ofizial Nagusiko 5. maila edo euskal gaitasun maila.
    • Egungo planaren barrruan Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako menderatze operatibo eraginkorreko Gaitasun Maila.
  • Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C-2 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:
    • Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 4. hizkuntza eskakizuna.
    • Kultura Sailak emandako 4. mailako ziurtagiria (HABE).
    • Justizia Administrazio langileen 4. hizkuntza eskakizuna.
    • Osakidetzako 4. hizkuntza eskakizuna.

02/03/2009 GMT 1

Euskaratik alemanera (2)

martinez @ 07:53

Ikus aurreko atala.

Dativoa. Aurren-aurreneko esaldian dugun datiboak deklinazio-marka ageria darama euskaraz (amari) eta markarik bat ere ez, berriz, alemanez (Mama); artikuluren bat eramanez gero, possesives Artikel, kasu, Artikel horrek agertuko luke deklinazio atzizkia: meiner Mama.

Posesiboak. Alemanez, frantsesez, ingelesez askoz maizago erabiltzen dira posesiboak gaztelaniaz baino; euskaraz, are gutxiago, gaztelaniaz baino. Horren azalpena izan daiteke euskal aditzak informazio nahikoa ematen duela ekintzan parte hartzen duten pertsonei buruz eta, horren ondorioz, ez dela beharrezkoa gehiago zehaztea. Hemen, teoriaren kontra egin gabe, posesiborik ez dago euskaraz eta bai, ordea, alemanez:

Begietan (...) distira nabaritu diot -> In ihren Augen bemerkte ich ein Schimmern.

Ñabardura semantikoak. Narratzaileak euskaraz esaten digu behin amari distira ikusi ziola begietan, beste barik: "begietan distira ikusi nion". Itzultzaileak, berriz, nolabait zehaztu, nabarmendu du esaldiaren esangura eta hitzez hitz esaten digu distira deigarri egin zitzaiola. Aldaketa semantiko ttipia da, baina agian aztarna emango digula nola transbasatu behar diren hainbat ekintza hizkuntza batetik bestera; agian esango digu alemanez zehatzago, zorrotzago jokatu behar dugula oro har.

Distira (...) ikusi nion berbera -> Das gleiche, das mir an ihr aufgefallen war.

27/02/2009 GMT 1

Euskaratik alemanera (1)

martinez @ 08:33

Senez aldizkariaren 36. zenbakiak Xabier Montoiaren Irapuato. Makurkeria nonahi ipuin jatorrizkoa eta beste lau bertsio itzuli (poloniera, daniera, katalan eta alemanez) dakartzanez gero, aukera ederra eman dit euskarazko eta alemanezko testuak alderatu eta hainbat ondorio ateratzeko, euskaratik alemanera itzultzearen inguruan. Ez dezadala ahaztu esatea alemanera Gabi Schwab-ek itzuli duela.

Testuak aztertu ahala agertuko ditu hona neure ondorioak. Behin-behinekoak izango dira, beraz, beti eta etengabe errebisatzeko eta aldatzeko modukoak. Hona hemen.

Narrazioaren denbora. Euskaraz orainaldi bukatua da, ohi bezala. Alemanez lehenengo esaldiak Perfekt denbora darabil eta bat egiten du guztiz euskarazko denborarekin. Bigarren esalditik aurrera, berriz, Präteritum darabil eta apur bat urruntzen da denboraz euskarazko jatorrizkotik.

Aditz jokatu gabeko esaldi menpekoa -> aditz jokatuko esaldi konpletibo arrunta. Aldaketa hori lehenengo esaldian ikusten dugu:

Ahizpa bat ekartzeko eskatu diot amari. -> Sie sollen ein Schwesterchen für mich bekommen, habe ich Mama gebeten.

Atzizki txikigarriak. Nahiz eta jatorrizkoan "ahizpa" agertu, itzultzaileak atzizki txikigarria jarri dio eta "ahizpatxo" eman. Bitxikeria moduan esango dut alemanez berba bati -chen atzizki txikigarria eransten zaionean, berba horrek genero neutroa hartzen duela beti, jatorrizko berbaren generoa dena delakoa ere. Hemen, esaterako, "Schwester" daukagu ('ahizpa'), femeninoa, "eine" artikulu femeninoa beharko lukeena. Baina -chen erantsita, neutro bilakatu da eta horregatik darama "ein" artikulu neutroa.

25/02/2009 GMT 1

Erabilera-planak herri administrazioetan. Nire apunteak (eta VIII)

martinez @ 08:06

Irakurri nire apunteen lehen, bigarren, hirugarren, laugarren, bosgarren, seigarren eta zazpigarren atalak.

Administrazioko idazkiak berritu eta estandarizatzeko teknikak - Aitor Gorostiza, Justizia saileko normalkuntza-teknikaria

Gure zeregina da idazkiak bateratu, arautu eta berritzea. Eta hizkera zaharkitua kendu.

Testuen estandarizazioa esan ohi zaio horri guztiari. Hona hemen estandarizazioaren helburuak:

  • testuak soildu: beharrezkoari bakarrik eutsi eta lastoa kendu.
  • batu
  • komunikazio okerrik gabea lortu,: hizkera zehaztu eta argitu.

Eta hona hemen aholku sorta: berba laburrak eta ezagunak erabili; esaldiak ez puztu: betelanik ez; estilo nominalik ez; hizkera konkretua abstraktoaren ordez; pasiborik ez; ezezko esaldirik ez; esaldi laburrak; aposiziorik ez pilatu; informazio nagusia aurreera; erlatibozko kate luzegirik ez; erdal gerundio okerrak: kontuz!; lexiko zehatza: sinonimorik ez; puntuazioa eta tipografia egoki.


Korredakzioa: itzulpenaz haratago - Oskar Arana,  IZOko itzultzailea,
- Zelai Nikolas, Lehendakariordetzako legelaria

Korredakzkio proiektu honetan hizkuntzalari batek eta legelari batek batera jardun dute testuak gaztelaniatik itzuli eta hobetzeko. Zehatzago, Espainiako Konstituzio Epaitegiaren epaiak euskaratu dituzte.

Oso ekimen interesgarria eta baliagarria da hau, azken batean legearen begirunea eta hizkuntzaren begirunea, biak, gauzatu behar dira administrazio testuetan. Ezin da bata bestearen azpian jarri. Horregatik da hain emangarria hzkuntzalaria eta legelaria batera aritzea, bien orekari eusteko. Oso interesgarria.

23/02/2009 GMT 1

Erabilera-planak herri administrazioetan. Nire apunteak (VII)

martinez @ 07:58

Irakurri nire apunteen lehen, bigarren, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren atalak.

Hernaniko Udala: Jokaleku berri baten bila  - Malores Etxeberria,  Hernaniko Udaleko euskara-teknikaria

Lehenengo eta behin, Hernaniko egoera soziolinguistikoa agertu beharrean nagoela, esango dut Hernaniko biztanleen % 60 dela elebidun, % 20 elebidun pasibo eta % 20 erdaldun elebakar.

Hala eta guztiz, Udalak erabaki du euskara hutsezkoak izango direla:

  • Kultur etxeko hainbat ikastaro. Euskarazko ikastaroak antolatzerakoan, mezu garbia helarazten diegu herritarrei. Batetik, euskara oso ondo ez dakitenei, nahikoa dela ulertzea ikastaroan parte hartzeko eta oso ondo etorriko zaiela euskara ikasteko eta euskaltegitik kanpo praktikatu ahal izateko. Bestetik, euskaldunei, haien laguntza behar dugula besteei laguntzeko.
  • Udal barruko espedienteak.
  • Beste administrazio batzuekiko harremana.
  • Zerbitzu-jasole euskaldunen erroldan agertzen direnekiko harremana. Errolda hori osatu ahal izateko, komunikazio bana bidali genien erabiltzaileei: "Nahi al duzu Udalarekiko harremana euskara hutsez eduki?"

Euskararen erabilera Herrizaingo Sailean - Iñaki Gurtubai, Herrizaingo Saileko Zerbitzu-zuzendaria

Herrizaingo Saileko langileetatik 8.000 bat dira ertzain eta 800 bat, berriz, funtzionario arrunt.

Funtzionarioak:

  • Guztiei eskaini zaie ikastaroa, 3. eta 4. HE ateratzeko, nahiz eta lanpostuak HErik ez izan. 3. HEko ikastaroa administrariei eskaini zaie eta 4. HEkoa, berriz, teknikariei.
  • Irizpideak finkatu ditugu ahozko eta idatzizko komunikazioa gauzatzeari buruz.
  • Itzulpen-irizpideak ere finkatu ditugu. Horien arabera, lehentasunezko komunikazioak ez dira itzuliko, baldin eta langilea gai bada euskaraz egiteko. Txosten juridikoak duela gutxi hasi gara euskara hutsez egiten eta bidaltzen beste administrazioetara. Momentuz ez dugu horregatiko arazorik eduki.
  • Kartelak euskara hutsean idazten ditugu, edukiak gaztelaniaren antza duenean. Esaterako, "tabakoa", "farmazia".
  • Sarepoint euskarazko topaleku birtuala sortu dugu euskaldunentzat.

Ertzaintza:

  • Ertzain gehienak Ezkerraldekoak dira eta erdaldun hutsak.
  • Ertzaintzaren berezitasun bat da ez dagoela langileak barne-lanpostu batera mugitzerik. Eta bi zailtasun larri: batetik, ertzainak ezin direla ordezkatu: ez dago ertzain interinorik; bestetik, bizkartzain modura aritu beharra izan dute askok eta horrek euskalduntzeko plana guztiz geldiarazi du.
  • Azkeneko deialdietan lanpostu batzuk erreserbatu dira euskaldunentzat (emakumeentzat erreserbatzen diren bezala), eta ez dira bete: gero eta euskaldun gutxiago sartzen da Ertzaintzan.
  • Orain euskaldun edo zerbitzua euskaraz emateko gai da ertzainen % 40.

20/02/2009 GMT 1

Elebiden % 25 igo dira intzidentziak 2008an

martinez @ 09:32

Iturria: www.erabili.com

310 izan ziren iaz, eta 2007an, aldiz, 248. Jasotako kexa guztien artean, % 87 esparru publikoan gertatu zen. Halaber, kexen % 77 konpondu egin dira.

Elebide Hizkuntza Eskubideak bermatzeko zerbitzuan jasotako intzidentziak 2008an % 25 igo ziren 2007rekiko. Jasotako kexa guztien artean % 87 esparru publikoan gertatu zen. Hizkuntz urraketekin lotutako kexak (% 97 euskaraz ez egiteagatik), EAEren administrazio publikoan % 66tik 2007an % 45ra jaitsi ziren 2008an. Halaber, kexen % 77 konpondu egin dira eta % 14 konponbidean daude. Konponezinik ez al dago? Bitxia da, gero.

Hala ondorioztatzen da atzo (2009-2-19) Donostian aurkezturiko Elebideren 2008ko jarduera-txostenean. Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Joseba Lozano, Herri Administrazioetan Euskara Normalizatzeko zuzendariak, aurkeztu zuten txostena prentsaurrean.

Kexak nagusi

Elebidera bideratutako kexa edota iradokizun gehienak onartuak izan ziren; bost besterik ez ziren atzera bota zerbitzuan. 2008an erregistratu ziren intzidentzien artean kexak izan ziren nagusi (% 89), kontsulta edota iradokizunen aurretik. Aurkeztutako kexen artean, berriz, sektore publiko edo herri-administrazioaren zerbitzuekin lotutakoak dira nagusi 2008ko txostenean. Horien artean, hurrenez hurren, EAEko Administrazio orokorra, toki administrazioak, foru administrazioak eta Estatuko Administrazio orokorra daude.

Ia kasu guztietan (% 97an) hizkuntz eskubideen urraketak euskarari eragin dio, % 3 kasutan besterik ez gaztelaniari, eta kexa kopururik handiena (% 44) idatziko harremanen ondorioz etorri dira.

Euskaraz eta Internetez

Elebidera zuzendutako intzidentzia gehien-gehienak euskaraz aurkeztu ziren iaz (310etik 290, hain zuzen). Izapideak egiterakoan, berriz, Internet izan zen hautatutako bideen artean nagusia: zerbitzuaren webgunea baliatu zuten horretarako 163 erabiltzailek, eta e-posta 105ek.

Herritarren kontsultak, kexak eta iradokizunak jasotzea du helburu Elebidek, herritarrei babesa ematea eta hizkuntz eskubideak errespetatzeko arazoak dituzten entitateei laguntza espezializatua eskaintzea, euskal gizartean hizkuntz eskubideak errespetatuak izan daitezen.

Hona hemen, PDFan, 2008ko intzidentzien laburpena, kopurutan.

18/02/2009 GMT 1

Erabilera-planak herri administrazioetan. Nire apunteak (VI)

martinez @ 08:07

Irakurri nire apunteen lehen, bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren atalak.

Administrazioa euskalduntzen Bizkaiko Meatzaldearen bihotzean: Abanto-Zierbenako erabilera-plana - Sonia Rodriguez, Abanto-Zierbenako euskara-teknikaria

Abanto-Zierbena udalerrian 22,4koa da euskaldunen ehunekoa. Erabiltzaileak, berriz, % 2 dira.

Erabilera-plana (EB), aurren-aurrenekoa udalerrian historia osoan, 2008ko abenduan onartu da. 2007ko uztailean onetsi zen EBPN eta 2005ean onartu ziren euskararen ordenantzak. Udal langileen % 26,7k egiaztatu du hizkuntza eskakizunen (HE) bat.

Barne antolamenduari begira, itzulpen zerbitzua erabiltzeko jarraibideak (mugak, azken batean) ezarri ditugu, langileek, ahal duten neurrian, beren testuak egin ditzaten. Horiek horrela, 2. HEdunek hainbat testu sortu dute.

Horretaz gain, euskara erabiltzeko irizpideak eta euskara ikasteko baldintzak ere ezarri ditu EBk.

Euskararen erabilera Gipuzkoako Foru Aldundian - Josean Amundarain, Gipuzkoako Foru Aldundiko normalizazio programetako atalburua

Gipuzkoako Aldundiko sail bakoitzak egin du bere erabilera-plana (EB).

Beste baliabideak beste direla, "Nola" zerbitzua jarri dugu abian: langileek telefonoz egin ditzakete kontsultak eta berehalako erantzuna jaso. Benetan baliagarria deritzet horrelako zerbitzuei, oso inportantea baita erantzuna, ahal den neurrian, jakina, berehalakoa izatea. Posta elektronikoa bada halaber erabilgarri horretarako.

Etengabeko prestakuntza, tamalez, ez omen da sartu EBn, erdara hutsean eskaintzen baitzaie langileei.

Hona hemen aproba edo esperimentu polita Aldundiko egoitza batean egindakoa: ordenagailu guztiak aldatu beharra zegola aprobetxatuz, denak euskaraz konfiguratu zituzten, langileei oharra eginda, erdarazkoa nahi izanez gero, telefonoz deitzea eta hala eskatzea bazeukatela. Inork ez zuen deirik egin.

Jarrera proaktiboa da gomendagarria: eskaera areagotzeko, eskaintza areagotu behar dugu, eskaintzak eskaera sortzen eta areagotzen baitu. Soziolinguistika ikerketek garbi erakusten dute merkatuak alderantziz funtzionatzen duela hizkuntza gutxituen kasuan eta eskaintzak eskaera sortzen eta areagotzen duela.

Eta oso oso inportantea da honetan guztian 2.0 ikuspuntua hartzea:

  • Erabiltzaileen barne eta kanpo sareak aktibatu beharra.
  • Teknologia berriei erreparatu.
  • Ideien joan-etorria erraztu.
  • Interdisziplina, arlo asko batera jorratu.
  • Material guztiek Creative Commons lizentzia daramate.

Azkeneko ekarri hau benetan berria eta interesgarria da.

16/02/2009 GMT 1

Erabilera-planak herri administrazioetan. Nire apunteak (V)

martinez @ 08:03

Irakurri nire apunteen lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren atalak.

Administrazioko norbanakoen hizkuntza-prestakuntza eta trebakuntza - Juan Isasi Urdangarin, IVAPeko euskarako zuzendariordea
Hona hemen, besteak beste, IVAPek zer eskaintzen dien erabilera-planei:

  • Birziklatzeko ikastaroak, 2. eta 3. hizkuntza eskakizunetakoak, denboraz gaitasuna galdu duten langileei begira.
  • Administrazio hizkerari buruzko on-line ikastaroak eta presentzialak ere bai, hala esukaraz nola gaztelaniaz.
  • Ahozko gaitasuna hobetzeko ikastaroa.
  • ELET web ataria, euskaraz lan egiteko tresnak dakartzana. Momentuz Eusko Jaurlaritzan baino ez dago erabilgarri, baina asmoa da beste erakunde batzuei ere eskaintzea.

Bizkaiko Garraio Partzuergoko erabilera-plana  - Imanol Bilbao Eizagirre, Bizkaiko Garraio Partzuergoko idazkari nagusia
Itzulpenak enpresa batek egiten dizkio Partzuergoari. Itzulpenak ez ezik, ordea, euskaraz idatzitakoa zuzentzen du enpresa horrek, eta estilo-, hizkuntza- eta terminologia irizpideak finkatu ere bai.

Kontratistak eta erakundeak, idatzizko harremanean, gurekin behintzat, gaztelania hutsez aritu ohi dira beti. Horri buelta emateko, hizkuntza betebeharrak ezartzeko asmoa dugu lehiaketetan.

Barne-erabileraz aitortu behar dugu geurean euskaldunek ahoz gaztelaniaz egin ohi dutela. Motibagarriak bilatu behar ditugu egoerari buelta emateko.

Lantaldea osatuko da testuak estandarizatu eta estilo-liburua prestatzeko.

Administrazioan euskarak ezin du militantzia kontu hutsa izan behar.

Sariak, pizgarri ekonomikoak egon beharko liratekeela euskararen alde; lanpostu zerrendan nolabait baloratu beharko litzateke bi hizkuntzaz jardun ahal izatea.

Administrazioan lanean hasten diren langile guztien hizkuntza-ezagutza bermatu beharra dago; horretarako, euskarazko eta gaztelaniazko azterketak, bi, gainditu beharko lituzkete hautagaiek.

Estraineko aldiz entzun dut nik jendaurrean horrelako proposamena, eremu pribatuan behin baino gehiagotan entzunda ere. Hots, Administrazioak diru gehiegi ez galtzearren langileen euskalduntzean, ez luke langile berririk hartu beharko, hizkuntza ofizial biak dakizkitela bermatu gabe. Ni guztiz ados nago proposamen horrekin. Euskararen aldetik ez dut uste arazorik sortuko zuenik praktikara eramateak. Gaztelaniaren aldetik, berriz, Konstituzioak esaten duena esanda (espainiar guztiek gaztelania jakin behar dutela, alegia), agian Konstituzio kontrakoa izango litzateke gaztelaniaren ezagutza frogatu beharra, legez, espainiarra izanik, jakintzat ematen baita gaztelaniaz badakiela.

13/02/2009 GMT 1

85 obra berri ikusmen urritasuna duten euskaldunen eskura

martinez @ 14:16
Iturria: www.erabili.com

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) eta Espainiako Itsuen Elkarte Nazionalak (ONCE) bi erakundeak lotzen dituen lankidetza hitzarmenaren orain arteko emaitzen berri eman dute. Hitzarmenaren asmoa da ikusmen urritasuna duten euskaldunek aukera edukitzea euskaraz kaleratzen den literatura irakurtzeko, bai euskal literatura bai unibertsala. Gaur egun 300 dira egokituta dauden obrak.

Patxi Baztarrika sailburuordearen hitzetan, "ikusmen urriko euskaldunen kopurua ez da handia, baina ikusmen urritasuna duten pertsonek, asko edo gutxi izanda ere, gainontzeko herritarrek bezalaxe beren hizkuntza eskubideak dituzte. Are gehiago, ikusmen urritasuna duten euskaldunek, hizkuntza eskubideak ez ezik, euskaraz argitaratu den literatura gozatzeko eskubidea ere badute. Horregatik lantzen ari gara, hain zuzen ere, HPS eta ONCEren arteko lankidetza".

ONCE elkarteak ikusmen urritasuna duten pertsonen alde egiten duen lanaren baitan, euskal hiztunen eskubideak bermatzen joateko "ahalegin berezian" diharduela era nabarmendu zuen Baztarrikak. "Horrela, aldi berean, euskararen normalizazioari ekarpen handia egiten dio. Testuinguru honetan, eta beste zenbait ekimenen artean, hiru urte badira ONCE eta HPS elkarlanean euskarazko literatura braillez eta Daisy sisteman eskaintzen ari garela", esan du sailburuordeak.

Egun guztira 300 bat obra dira aipatu sistemetara egokitu eta ikusmen urritasuna duten euskaldunen esku jarri direnak. Joan berri den 2008 urtean beste 85 obra gehitu dira bildumara; besteak beste, eta batzuk aipatzearren: Mariasun Landaren Festa aldameneko gelan, Iban Zalduaren Traizioak, Joxe Austin Arrietaren Terra sigillata, edo Anjel Lertxundiren Ihes betea. "Euskarazko testuak erabiltzeko baimena eta erraztasun guztiak eskaini dizkiguten euskal idazle eta argitaletxeak" gogora ekarri eta eskertu zituen Patxi Baztarrikak balantzearen aurkezpenean.

IKTak ere bai

Ardatz nagusia euskarazko edo euskarara ekarritako literatura izan bada ere, badago besterik: adibidez, ikusmen urritasuna duten euskaldunentzako baliabide informatiko berria sortu dute: Elhuyar hiztegi elektronikoa.

HPSren arduradunak nabarmendu zuenez, "euskal hiztunentzat aukera berriak eskaintzeko ahalegin honetan, garrantzi handikoak dira Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak, euskarazko IKTak, hain zuzen. Eta are garrantzitsuagoak izango dira etorkizunean. Bide horretan, beraz, bidelagun izango gaitu ONCEk, bide horretan bidelagun izango gaituzte ikusmen urritasuna duten euskaldunek. Ondoan izango gaituzte aukera berdintasunerako printzipio nagusia hizkuntzaren esparruan gauzatzeko bide berriak urratzen".

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!