Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: literatura

23/03/2009 GMT 1

Euskaratik alemanera (6)

martinez @ 09:04

Ikus aurreko atala.

Menpeko esaldien arteko korrespondentziak. Erabakiak hartu behar izaten ditu beti itzultzaileak interpretatzerakoan, jakin dakielarik beti direla posible gutxienez bizpaihiru irtenbide. Erabaki horietako bat, harrigarria, da, -larik moduko esaldi bat oso garbi denborazko esaldi moduan interpretatu eta halaxe itzultzea:

... aitak eta bere lagunak ez gintuztela entzunen iruditu zitzaidalarik -> als ich den Eindruck hatte, dass Papa und sein Freund uns nicht hören konnten.

Aditz konposatuak. Funktionsverben esaten zaie alemanez, edo Nomen-Verben-Verbindungen. Izenak dioen bezala, aditz konposatuak dira, aditzak eta sunstantiboak osatzen dituzte, aditzak esangurarik ez daukala eta elementu gramatikal hutsa delarik. Euskaraz ere baditugu horrelakoak, asko, gainera, "egin" aditzaz eginak gehienak (alde, ihes, aurre, oihu... egin). Adibide honetan, berriz, euskaraz unitate lexiko bakarra du euskal aditzak (aditz laguntzailea kontuan hartu gabe, jakina) eta bi unitate lexiko, berriz, alemanezkoak:

... aitak eta bere lagunak ez gintuztela entzunen iruditu zitzaidalarik -> als ich den Eindruck hatte, dass Papa und sein Freund uns nicht hören konnten.

Modu-denboren korrespondentzia aditzetan. Gehiagorako parada ematen digu oraindino aurreko esaldiak. Iraganeko aditz batek beste aditz bat du mendean. Mendeko hori iraganeko geroaldian da euskaraz, baldintza kutsua duela, eta Präteritum arruntean, berriz, beste inolako kutsurik gabea, alemanez, "können" (ahal izan) aditzaren laguntza duelarik, hori bai. Ingelesez gertatzen den bezala, "ahal izan" aditza sarri erabiltzen da modal gisara alemanez, askoz sarriago euskaraz eta gaztelaniaz baino.

... aitak eta bere lagunak ez gintuztela entzunen iruditu zitzaidalarik -> als ich den Eindruck hatte, dass Papa und sein Freund uns nicht hören konnten.

16/03/2009 GMT 1

Euskaratik alemanera (5)

martinez @ 08:26

Ikus aurreko atala.

Denbora erreferentziak. Laugarren atalean esan genuen bezala, oro har itzultzaileak zehaztasun handiagoz jokatzen du jatorrizko egileak baino. Honako adibide honetan gauza bera gertatzen da, gutxi gorabehera, denborazko erreferentzia batean. Jatorrizko testuak esaten digu gauza bat afal ostean gertatzen dela, baina itzultzaileak, horretaz gain, are gehiago zehaztu behar du eta badio arratsean edo gauean gertatzen dela, horretarako bi adierazpide denborazko erabiliz, jatorrizkoan bat bakarra dagoelarik:

Afalondoan -> An jenem Abend (...) nach dem Essen

Espazio erreferentziak. Kasu honetan, aldiz, kontrakoa gertatzen da. Esan genezake, askoz zehatzago jokatzen duela egileak, badiolako amak haurra jantzi zuela "karrikara joateko", eta itzultaileak, berriz, bakarrik dio jantzi zuela "irteteko":

Karrikara joateko jantzi ninduen -> Sie zog mich zum Ausgehen an.

Baina badator berriro alemanezko presizio handiagoa. Amak txanoa jartzen dio neskatoari "buruan"; hori euskaraz gertatzen da, jakina, alemanez txanoa "buru gainera" jartzen da-eta. Eta "buru gainera" diot, eta ez "buru gainean", "setzen" (ezarri) aditzak, mugimenduzkoa izanik, nora adierazten baitu, eta ez non. 

Txano gorria ezarri zidan buruan -> Sie (...) setzte mir die rote Mütze auf den Kopf

11/03/2009 GMT 1

Euskaratik alemanera (4)

martinez @ 08:42

Ikus aurreko atala.  

Narrazioaren denborak. Lehen atalean esandakoa osatu nahian, hona hemen denboren korrespondentzia:

Narrazioaren denbora. Euskaraz, tradiziozkoa, orainaldi bukatua da narrazioaren, kontakizunaren denbora. Alemanez, tradiziozkoa ere bai, Präteritum izenekoa, nahiz eta lehenengo esaldian, irakurlearengandik hurbilago ekarri nahian edo, Perfekt (orainaldi bukatua) erabili.

Iraganeko erreferentziak. Horrelakoak egiteko denbora euskaraz lehenaldi bukatua da. Alemanez, Plusquamperfekt.

etorri ginen hona -> waren wir hierher gekommen

Geroaldia. Gaztelaniarekiko korrespondentzian gertazen den bezala, hainbatetan euskarazko geroaldia Präsens bilakatu behar dugu alemanez:

ez dun gizon makurrik izanen -> gibt es keine bösen Männer

Zehaztasun handiagoa. Bigarren atalean, ñabardura semantikoak aipatzean, aurreratu genuen bezala, lexikoan eta adierazpideetan oro har, zehatzago jokatu ohi du itzultzaileak. Oraingo honetan, kasu, euskaraz "itsasoa" baino ez denak "Ozean", hau da, askoz zehatzagoa, izan behar du alemanez.

09/03/2009 GMT 1

Euskaratik alemanera (3)

martinez @ 07:56

Ikus aurreko atala.

Baiezko esaldia -> Ezezkoa. Arauak, oro har eta komunikazioaren alde, kontrakoa aholkatzen duen arren, badirudi kasu honetan askoz batago datorrela ezezko esaldia alemanezko hizkera arruntarekin eta horregatik aldaketa.

Hago lasai -> Mach dir keine Sorgen ('ez larritu')

Aditzeko esaldia -> Aditzik gabea. Aldaketa honetan itzultzaileak arindu nahi izan bide du hizkera.

Gaur ez dinat egingo -> Heute nicht

Partikula modalak. Alemanez badaude horrelako partikulak, esangura zehatzik gabeak, esaldiaren esangura osoa modalizatu egiten dutenak eta oso sarriak direnak hizkera arruntean. Hurrengo adibidean ikusten dugu nola euskaraz ez dagoela inolako partikularik, baina alemanez itzultzaileak erabaki duela esaldiari ondo datorkiola modalizazioa. "Da" da partikula modal hori:

... ez dinagu deus egiten ahal -> ... können wir da nichts machen

02/03/2009 GMT 1

Euskaratik alemanera (2)

martinez @ 07:53

Ikus aurreko atala.

Dativoa. Aurren-aurreneko esaldian dugun datiboak deklinazio-marka ageria darama euskaraz (amari) eta markarik bat ere ez, berriz, alemanez (Mama); artikuluren bat eramanez gero, possesives Artikel, kasu, Artikel horrek agertuko luke deklinazio atzizkia: meiner Mama.

Posesiboak. Alemanez, frantsesez, ingelesez askoz maizago erabiltzen dira posesiboak gaztelaniaz baino; euskaraz, are gutxiago, gaztelaniaz baino. Horren azalpena izan daiteke euskal aditzak informazio nahikoa ematen duela ekintzan parte hartzen duten pertsonei buruz eta, horren ondorioz, ez dela beharrezkoa gehiago zehaztea. Hemen, teoriaren kontra egin gabe, posesiborik ez dago euskaraz eta bai, ordea, alemanez:

Begietan (...) distira nabaritu diot -> In ihren Augen bemerkte ich ein Schimmern.

Ñabardura semantikoak. Narratzaileak euskaraz esaten digu behin amari distira ikusi ziola begietan, beste barik: "begietan distira ikusi nion". Itzultzaileak, berriz, nolabait zehaztu, nabarmendu du esaldiaren esangura eta hitzez hitz esaten digu distira deigarri egin zitzaiola. Aldaketa semantiko ttipia da, baina agian aztarna emango digula nola transbasatu behar diren hainbat ekintza hizkuntza batetik bestera; agian esango digu alemanez zehatzago, zorrotzago jokatu behar dugula oro har.

Distira (...) ikusi nion berbera -> Das gleiche, das mir an ihr aufgefallen war.

27/02/2009 GMT 1

Euskaratik alemanera (1)

martinez @ 08:33

Senez aldizkariaren 36. zenbakiak Xabier Montoiaren Irapuato. Makurkeria nonahi ipuin jatorrizkoa eta beste lau bertsio itzuli (poloniera, daniera, katalan eta alemanez) dakartzanez gero, aukera ederra eman dit euskarazko eta alemanezko testuak alderatu eta hainbat ondorio ateratzeko, euskaratik alemanera itzultzearen inguruan. Ez dezadala ahaztu esatea alemanera Gabi Schwab-ek itzuli duela.

Testuak aztertu ahala agertuko ditu hona neure ondorioak. Behin-behinekoak izango dira, beraz, beti eta etengabe errebisatzeko eta aldatzeko modukoak. Hona hemen.

Narrazioaren denbora. Euskaraz orainaldi bukatua da, ohi bezala. Alemanez lehenengo esaldiak Perfekt denbora darabil eta bat egiten du guztiz euskarazko denborarekin. Bigarren esalditik aurrera, berriz, Präteritum darabil eta apur bat urruntzen da denboraz euskarazko jatorrizkotik.

Aditz jokatu gabeko esaldi menpekoa -> aditz jokatuko esaldi konpletibo arrunta. Aldaketa hori lehenengo esaldian ikusten dugu:

Ahizpa bat ekartzeko eskatu diot amari. -> Sie sollen ein Schwesterchen für mich bekommen, habe ich Mama gebeten.

Atzizki txikigarriak. Nahiz eta jatorrizkoan "ahizpa" agertu, itzultzaileak atzizki txikigarria jarri dio eta "ahizpatxo" eman. Bitxikeria moduan esango dut alemanez berba bati -chen atzizki txikigarria eransten zaionean, berba horrek genero neutroa hartzen duela beti, jatorrizko berbaren generoa dena delakoa ere. Hemen, esaterako, "Schwester" daukagu ('ahizpa'), femeninoa, "eine" artikulu femeninoa beharko lukeena. Baina -chen erantsita, neutro bilakatu da eta horregatik darama "ein" artikulu neutroa.

13/02/2009 GMT 1

85 obra berri ikusmen urritasuna duten euskaldunen eskura

martinez @ 14:16
Iturria: www.erabili.com

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) eta Espainiako Itsuen Elkarte Nazionalak (ONCE) bi erakundeak lotzen dituen lankidetza hitzarmenaren orain arteko emaitzen berri eman dute. Hitzarmenaren asmoa da ikusmen urritasuna duten euskaldunek aukera edukitzea euskaraz kaleratzen den literatura irakurtzeko, bai euskal literatura bai unibertsala. Gaur egun 300 dira egokituta dauden obrak.

Patxi Baztarrika sailburuordearen hitzetan, "ikusmen urriko euskaldunen kopurua ez da handia, baina ikusmen urritasuna duten pertsonek, asko edo gutxi izanda ere, gainontzeko herritarrek bezalaxe beren hizkuntza eskubideak dituzte. Are gehiago, ikusmen urritasuna duten euskaldunek, hizkuntza eskubideak ez ezik, euskaraz argitaratu den literatura gozatzeko eskubidea ere badute. Horregatik lantzen ari gara, hain zuzen ere, HPS eta ONCEren arteko lankidetza".

ONCE elkarteak ikusmen urritasuna duten pertsonen alde egiten duen lanaren baitan, euskal hiztunen eskubideak bermatzen joateko "ahalegin berezian" diharduela era nabarmendu zuen Baztarrikak. "Horrela, aldi berean, euskararen normalizazioari ekarpen handia egiten dio. Testuinguru honetan, eta beste zenbait ekimenen artean, hiru urte badira ONCE eta HPS elkarlanean euskarazko literatura braillez eta Daisy sisteman eskaintzen ari garela", esan du sailburuordeak.

Egun guztira 300 bat obra dira aipatu sistemetara egokitu eta ikusmen urritasuna duten euskaldunen esku jarri direnak. Joan berri den 2008 urtean beste 85 obra gehitu dira bildumara; besteak beste, eta batzuk aipatzearren: Mariasun Landaren Festa aldameneko gelan, Iban Zalduaren Traizioak, Joxe Austin Arrietaren Terra sigillata, edo Anjel Lertxundiren Ihes betea. "Euskarazko testuak erabiltzeko baimena eta erraztasun guztiak eskaini dizkiguten euskal idazle eta argitaletxeak" gogora ekarri eta eskertu zituen Patxi Baztarrikak balantzearen aurkezpenean.

IKTak ere bai

Ardatz nagusia euskarazko edo euskarara ekarritako literatura izan bada ere, badago besterik: adibidez, ikusmen urritasuna duten euskaldunentzako baliabide informatiko berria sortu dute: Elhuyar hiztegi elektronikoa.

HPSren arduradunak nabarmendu zuenez, "euskal hiztunentzat aukera berriak eskaintzeko ahalegin honetan, garrantzi handikoak dira Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak, euskarazko IKTak, hain zuzen. Eta are garrantzitsuagoak izango dira etorkizunean. Bide horretan, beraz, bidelagun izango gaitu ONCEk, bide horretan bidelagun izango gaituzte ikusmen urritasuna duten euskaldunek. Ondoan izango gaituzte aukera berdintasunerako printzipio nagusia hizkuntzaren esparruan gauzatzeko bide berriak urratzen".

15/01/2009 GMT 1

Joannateguy berriz ere (4)

martinez @ 12:34

Baliagarriago jokatu nahian, Joannateguyren esamolde hautatuekin batera, saiatuko naiz gaztelaniazko itzulpena ematen, benetan uste baitut Joannateguyk konponbide ederra ematen diola euskal prosako hainbat arazo latzi.

Hamabi komentu egin behar izan zituen anitz denbora laburrik barnean -> en muy poco tiempo

Haurrideak bortxatuak ziren jaustera ur handira, bidexka gaizto batzuetatik, euri ala ateri izan zedila -> hiciera buen o mal tiempo

Eta San Benoatek erran zioten orduan, zohazila beren mendi bizkarrera, eta non ere atxematen baitzituzten hirur harri ttiki, bat bertzearen gainean ezarriak, han zilha zezatela harroka pixka bat, eta izanen zutela behar zen ura. -> y donde ..., allí ...

Ur negar bat bazariola harroka hari. -> un chorro de agua manaba de la roca

Gazte bat, adimendu laburrekoa, ... -> de pocas luces, de corta inteligencia

Hari zaite orai lanean, bihotza laxorik! -> tranquilo

Eta hark ekarri zuen bakea, solas honetaz: ... -> con estas palabras

24/11/2008 GMT 1

Joannateguy berriz ere (3)

martinez @ 08:19

Ikus aurreko atala.

(...)

Apeza joan zen etxera, dena gogoetatuta.

(...)

Ez zuen ainitz denbora apez hura han barna inilia zela, artzain batzuk ere ohartu zirenean, bazela Suabakeko leizean, jende edo basa.ihizi, nor edo zer, han zagonik.

(...)

Ordu beretik banatzen hasi zen berria, saindu handi bat bazagola Subiakeko leizean.

(...)

Eta ez ziren gutxiak, haren solas sarkorrak entzun-eta, bekatuzko urratsak uzten zituztenak.

(...)

San Beonati gogoak eman zion berehala hegaztin hura ez zela lurrko igietarik.

(...)

Sainduari gogoan jarri zitzazion emakume baten oroitzapena. 

(...)

17/10/2008 GMT 1

Joannateguy berriz ere (2)

martinez @ 08:21

Ikus lehen atala.

(...)

Eta hain kartsuki ari zen bere lanari, non jendea harritua baitzegoen beira haren bildura sainduari.

(...)

Hala ari zirelarik biak zerukotzat aberasten, Benoat bere bizitze garratzaren bidez, eta, aldiz, bestea ekarriz hain sainduki bizi zenari gosez ez hiltzeko behar zuena, gure arimen etsaia beldurtu zen, ia haur gazte hura ez ote zen saindu handiegi baten gaia.

(...)

Bazuen, jadaneko, hiru urteren heina Benoat bere harpean zela eta ari zela, geroago eta hobeki, geroan besteei irakatsi behar ziozkaten bertuteak praktikatzen.

(...)

Zu bazkari on horren egitera zoaz eta, aldiz, Benoat nere zerbitzari maitea gosearen gosez hiltzeko heinean da.

(...)

Apeza zutik eman zen eta gero biak eman ziren belauniko.

(...)

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!