Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: kultura oro har

11/04/2008 GMT 1

Wikipedia euskaraz

martinez @ 06:49

Gotzon Egia, Mikel Iturbe eta Arkaitz Zubiaga Euskal Wikipediaren komunitateko lankideak dira. Artikulua argitaratu berri dute www.erabili.com gunean, euskarazko wikipediak 25.000 artikuluen muga gainditu duela jakinarazteko. Zorionak haiei eta euskaldun guztioi!

Aukeraz baliatuta, wikipedia zer den eta zertan datzan ere azaldu digute. Hona hemen horren laburpen bat.

Entziklopedia tradizionaletan ez bezala, Wikipediak bere komunitatearen ahaleginean uzten du artikuluak sortu, gainbegiratu eta zuzentzea.

 Wikipedian ez dago agintzen duen inor, erabakiak wikilari guztien arteko bozketa bidez ematen baitira.

Ez dugu inolako dirurik edo ondasunik jasotzen eginiko lanagatik.

Jakintza askean sinisten dugu.

Zuk ere egin dezakezu jakintza aske eta euskaldunaren alde, edonork hartu baitezake parte proiektu honetan: ez da inolako gaitasun berezirik behar, ekarpen guztiak ongietorriak bezain beharrezkoak dira.

Benetan lan txalogarria.

06/04/2008 GMT 1

Kultur Errota

martinez @ 08:19

Kultur Errota zirkuitua (errota edota errotarri berbak ez al lirateke egokiak izango zirkuitua esateko?) antolatu ohi du urtero duela hamaika urtetik hona Euskara Elkarteen Topaguneak eta aurten 200 bat emanaldi eskaintzeko asmoa du herriz herri.

Aurtengo menua zabal-zabala izanik, plater batzuk baino ez ditut aipatuko.

- Musika: Jabier Muguruza.

- Antzerkia: Hortzmuga.

- Magia eta zirkoa: Txan Magoa.

- Ipuin-kontalaritza: Koldo Amestoy.

- Bertsolaritza: Xabier Amuriza.

- Literatura: Itxaro Borda, Harkaitz Cano.

- Diaporama: Jon Arretxe.

- Bestelakoak: Asisko Urmeneta eta Antton Olariaga.

Ea horrela esukarazko kultura kontsumitzeko ohitura zabalagotzen den.

26/12/2007 GMT 1

Helduentzako ikasgelak emakumez beterik

martinez @ 18:57

Irakurtzen edota idazten ez dakiten gizaki gehienak emakumeak dira, gure artean ere bai. Orain dela hirurogei bat urte familiako guztiek, heldu nahiz ume, ateratzen zuten bizimodua ahal zuten moduan eta etxe askotan ez zuten uste garrantzizkoa zenik neskatilak eskolaratzea. Aspaldiko ohitura hura gainditurik dago guztiz; haren ondorioak, berriz, begi-bistan ditugu oraindik ere.

Aspaldiko neskatila haiek galdutako denbora berreskuratu nahian dabiltza gaur: 19980tik 2000ra bitartean emakumeen albabetatze-tasa % 2 handitu zen; gizonezkoena, aldiz, % 1.

Barakaldoko Helduen Ikastegian, esaterako, 117 lagunek ikasten dute irakurtzen eta idazten; hamazazpi baino ez dira gizonezko. Irakasleek diotenez, gizonezkoak lotsatu egiten dira alfabetatu gabe izateaz eta ez ohi dute aitortzen. Sexismoak haiei ere egiten die kalte.

13/12/2007 GMT 1

Ghanatik Euskadira

martinez @ 17:55

Augustine Bukari Ayaab-win (Bukari hemendik aurrera) txiki-txikitan hasi zen modelatzen. Aitite eskulangilea zeukanez gero, beraren laguntzan aritu ohi zen Ghanako herrixka batean. Horrelaxe ikasi zuen artegintzan eta lokatza, porlana, burdina, zura eta brontzea moldatzen. Bukarik berak dioenez, haren lanabes nagusia bihotza da.

Bihotzak hain zuzen ekarri zuen orain dela lau bat urte Euskadira, portugaletetar batekin maitemindu zelako. Portugaleten ezarri zituen, beraz, etxea eta lantegia.

Inspiragarri ditu munduarekin zerikusia duen guztia, kulturen batasuna, elkarbizitza, bihotzez jardun beharra, inmigrazioaren mina (inork ez du gogoko bere herria utzi beharra; nahitaez egiten du beti; gizaki gisara onartu behar gaituzte) eta Afrikako emakumeen indarra: Emakumeak eragiten dio munduari; Afrikan eta hemen ere bai; hemen tabernak gizonez beteta daude-eta.

Haren lan batzuk ditugu ikusgarri Bizkaiko hainbat txokotan. Bukarirena da, esaterako San Pedroren irudia Loiuko parrokiakoa, "Ama Afrika" izeneko eskultura bat Portugaleteko Casiñlda Iturrizar kalekoa ere bai, eta bi dinosaurio Karrantzako Karpin Abentura parkean.

Eta zertan dabil orain Bukari lanean? Bada eskultura bat bi metro luze ari da prestatzen, hau ere Karpin parkean ezartzeko. Eta beste bat ere badauka erdi egina, Bihotzaz pentsatzen duen gizona, alegia

Ghanan ere badauzka Bukarik eskultura batzuk hiri garrantzizkoenetan.

15/10/2007 GMT 1

Euskal literatura Frankfurteko Liburu Azokan

martinez @ 17:05

Urriaren 10ean hasi zen munduko liburu azokarik handiena Frankfurten. Aurten Katalunia da ohorezko gonbidatua. Euskal Herriaren partetik, Miren Azkarate Kultura sailburua eta Patxi Baztarrika sailburuordea ere izan dira hor, hainbat euskal editorerekin batera.

Idazleei ari bagara, Arantxa Urretabizkaia, Xabier Montoia eta Ibon Uribarri entzuteko parada izango dute bisitatzaileek eta Petra Elser eta Idoia Noble itzultzaileak ere bai.

Frankfurteko azokaren 59. edizioa da aurtengoa. Zazpi mila eta piko erakusletari egongo dira eta 110 herrialdetako nobedadeak aurkeztuko dituzte astebetez. Horrelaxe bilakatzen da Frankfurt kontratazio eta harremanetarako gune nagusi. Aurten hirugarren aldiz lortu da euskal literatura sustatzeko ekitaldian egitarau ofizialean sartzea. Bejondaiela!

01/10/2007 GMT 1

Masokismo estilistikoaren bentajak

martinez @ 17:51

Horrelako titulua dauka Harkaitz Canok 2004ko azaroaren 18an Bilbo Zaharra forumean emandako hitzaldiak. Galbahetu, laburtu eta moldatu egingo dut Canok esandakoa.

Ez dakizkien hizkuntzetan mintzatzea gustatzen zaio masokista estikistikoari, ez harrokeriagatik, eta ezta snobismoagatik ere, masokismoagatik baizik, eta batez ere estilistika kontuengatik.

(...)

Masokista estilistiko batentzat hil ala bizikoak dira zenbait kantu, zenbait poema, edo zenbait kantu eta zenbait poema zenbait une jakinetan.

(...)

Material ona sakrifikatzen jakin behar du masokista estilistiko batek, eleberriak erretzen, keari begira argumentu berriak sor daitezen ipuin berriak idazteko.

(...)

"Ez dakizu apreziatzen". Masokista estilistikoaren esaldi giltzarrietako bat da hori, barruan iltzatuta daraman arantza iraunkor horietako bat: masokista estilistikoa izokin sentitzen da, gizartearen kontra doa, korronte nagusiaren kontra, kulturan ere, berea ez da kultura nagusia, bere irizpideak ez dira sekula komertzialak, bere liburu kuttunak ez dira sekula irakurrienak, berak estimatzen dituen argitaletxeetako liburuak ez daude sekula liburutegi normaletako gondoletan pila gizen eta nabarmenetan. Bere ideia propiak ditu arteari buruz eta jende gutxirekin konpartitzen ditu, berak gurtzen duena jende askoren ahotan egoten hasten denean, masibo bihurtzen denean, bere klub sekretutik egozten du ordutik gutxira arte beneratzen zuen artista, musikari, idazlea. Artea, literatura, musika, dena subjektiboa den ideia demokratikoa sartu digute kaskezurrean.

(...)

Materik sekula probatu ez duen masokista estilistikoa naizen aldetik, horrelakoak baikara masokista estilistikoak, matea probatu ez arre, mateaz mintzo gara, oraindik irakurri ez ditugun liburuez mintzo gara, masokistak gara, estetikan arreta jartzen dugunak gara, sofritzen dugu eta aldi berean gozatzen.

(...)

Bitxia den beste gauza bat masokista estilistikoen kasuan da, zenbat gustatzen zaien estetika asoarra. Eta bereziki japoniarra (...) Yukio Mishima maite dute eta kamikaze hitza, "jainkoen haizea" esan nahi duena.

(...)

Bakoitzak aukera dezala bere zaborra.

(...)

Horrelakoak dira masokista estilistikoak, gehiegikeriaz beteak, absurdoak eta zentzugabeak gura baduzue, baina baita entrañableak ere.

23/07/2007 GMT 1

Atapuerka?

martinez @ 15:39

atapuerca.jpgTxantxetako kontua dirudien arren, Xabier Kintanak ederki argudiatu du, www.erabili.com gunean plazaratutako artikulu batean, Burgoseko Atapuerca aztarnategi ezagunaren izen horrek euskal jatorria duela.

Hasierako "ata-" horrek (inoiz "eta-" aldaeraz) euskal toponimo askotan dugu, hala aurrizki nola atzizki: Atauri, Etaio, Mendata, Etxegarate... Fililogo izan beharrik ez dago jakiteko "ate" esan nahi duela; hau da, "puerta", "puerto", mendien arteko sarrera edo irteera.

Beraz, Atapuerca "ate-puerta" geminatu semantikotik etorriko litzateke eta gero "puerta" bukaera "puerca" bilakatuko zen, gaztelaniazko "puerco, -a" berbaren eraginaz edota lehenengo eta bigarren t-en disimiliazioaz.

Toponimian anitz dira geminatu semantikoak hala gaztelaniaz nola ingelesez. Pirinioetan dugu, esaterako "Valle de Arán", "aran" (euskaraz) eta "valle" (gaztelaniaz) esanahiaz antzekoak direlarik. Malaga aldean badago halaber "Fuente de la Aina" izeneko iturri bat, "fuente" (gaztelaniaz) eta "aina" (arabieraz) iturri direlarik. Eta Galesen, azkenik, badago Mount-Pen-Hill mendixka, hiru berba horiek ("mount" latinez, "pen" galesez eta "hill" ingelesez") 'mendi' esan nahi dutelarik.

Hiztegi arruntean ere badaude geminatu semantikoak: gaztelaniaz oso ohikoa da "perro dogo" izeneko txakurra: "perro" gaztelaniaz eta "dog" ingelesez. Eta kaleko edo familiarteko euskaraz arruntak dira oso "egia verdaderoa", "antzerako parecidoa" eta "beste punta-muturrean".

16/07/2007 GMT 1

Okupa eta irabazi!

martinez @ 17:28

Aspalditik hona neukan nik kalean ikusita sinbolo deigarri bat: Azkuna alkate jaun txit gorenak banatutako Bilboko B txurigorri hura, azpian hezur bi gurutzaturik, piraten banderaren moduan, zituela. Atzora arte, ordea, ez nuen jakin B hori Bilboko Okupazio Mugimenduaren (BOM) irudia dela eta horrela mugimenduak erantzun a eman nahi diola Udalaren kultur politikari.

BOM taldea 2002an sourtu zen, ama Bizkaiko gaztetzeen Koordinadorea zelarik. Hasiera batean lau gaztetxe baino ez zebiltzan elkartean; gaur, aldiz, hamaika dira, denak auzoetan kokatuta. Izan ere, auzoei begira jardun bahi dute, gatzak bestela egin nahian eta auzoetan egiten dutelako herritarrek bizimodua.

BOMekoek nahi dute jendea beldurrik gabe hurbil dadila gaztetxeetara eta ikusi dezan zertan ari diren: gehienbat auzoko bizimoduan parte hartzea. Badaukate eskalada tailer bat, beste bat malabarrena eta kultur ekitaldi batzuk antolaturik abuztuari begira.

Horrelakoak erakunde nagusiak prestatuta, baina, auzo bakoitzean herri bazkariak antolatu ohi dituzte, zine emanaldiak eta hitzaldi zenbait. Haien lokala, gainera, erabilgarri dago edonork bilera egin dezan. Olabeagan, kasu, ezkontza-bazkaria ere egin dute eta adin guztietako jendea elkartu zen. Olabeagan primeran konpontzen dira elkarrekin okupak eta auzo-elkartea.

Okupa talde guztiek nahi dute beren burua kudeatu: autogestioa, bada. Ekimena haiena da, sormena eta antolakuntza ere bai. Beraiek lortzen dute gaztetxeak antontzeko behar duten guztia eta herriko jaiak, kontzertuak eta bazkariak prestatzeko. Sinisturik daude erakundeen dirulaguntzen beharrik ez dutela: "Gazteok nahiko azkarrak gara, guk geurez nahi duguna egiteko."

Duda izpirik ez daukat.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!