Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: komunikabideak

23/11/2009 GMT 1

Zine gehiago euskaraz

martinez @ 08:12

 Iturria: www.erabili.com

Zinema Bultzatuz programak 100.000 euro bideratuko ditu euskaraz ekoitzitako edo euskarara bikoiztutako filmak emateko.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak kanpaina bat abiarazi dute elkarlanean, Euskadiko hainbat herritan, Gabonetan, euskaraz ekoitzitako edo euskarara bikoiztutako filmak pantailaratzeko. Kultura Sailak 100.000 euro jarriko ditu Zinema Bultzatuz izeneko kanpaina hau aurrera eramateko.

Kanpaina 2009ko abenduaren 2an hasiko da, eta datorren urtarrilaren 6an amaituko. Hiru lurralde historikoetako 19 udalerrik parte hartuko dute bertan, eta beraiek erabakiko dute, erabilgarri dauden neurrian, zein film emango duten programaren barruan. Herri batean eta bestean, guztira 150 emanaldi izan daitezkeela aurreikusten dugu, gehienak Gabonetako egunetan pilatuko badira ere.

Filmak askotarikoak dira, bai gaiaren aldetik bai publiko jasotzailearen aldetik ere, nahiz eta, bistan da, lehentasunezko ikuslegoa haurrak eta familiak izango diren. Ikusiko diren filmak, oro har, zine formatukoak dira, nagusiki azken urteotan errodatutakoak. Eskaera handiena dutenak, baina, berriki zinema-aretoetan ilkusi ahal izan direnak ditugu: Zorion perfektua eta Pluk eta bere garabia, esate baterako. Euskal ekoizpenak izango dira, europarrak, amerikarrak, eta japoniarrak ere bai.

Ekimenaren helburua zine-aretoetan euskarara bikoiztutako film kopurua areagotzea da. Urteko azken hilabete hauetan, lau izenburu euskaratu eta estreinatu dira Kultura Sailaren programa honen babesean: Wickie bikingoa, lehen aipaturiko Pluk eta bere garabia, Planet 5 eta Igela eta zapoak. Horiei erantsi behar zaizkie aurretik plazaratutako Animal channel, Cher ami, Txori urdin, Niko eta izarretako bidea eta Ponyo (azken hori Anoetako Belodromoan aurkeztu zen, Donostiako Zinemaldiaren programazioaren barruan).

Film guztiak

Hauek dira Zine Bultzatuz kanpainaren barruan Gabon inguruan aukeran izango diren euskarazko filmak:

  • Txori Urdin
  • Checkpoint Rock
  • Goazen
  • Olentzero eta Oparien ordua
  • Sukalde Kontuak
  • La Buena Nueva
  • Obaba
  • Rh + Sebillako Banpiroa
  • Ahatetxo itsusia eta ni
  • Olentzero eta subilaren lapurreta
  • Perez Sagutxoa 1 eta 2
  • Prop & Berta
  • Pepper
  • Cher Ami
  • Oliver Twist
  • Basoko Izpiritua
  • Artic Tale
  • Harri Magikoaren bila
  • Julieta eta fokatxo xelebrea
  • Doraemon eta dinosaurio txikia
  • Doraemon eta haizearen jainkoa
  • Doraemon eta hego itsasoetako piratak
  • Betizu eta urrezko zintzarria
  • Kutsidazu bidea Ixabel
  • Robotak
  • Munduari bira doan
  • Animal Channel
  • Cristóbal Molón
  • Daltondarrak
  • Piccolo eta Saxo
  • Glup
  • Kirikú eta Basapiztiak
  • Karramarro uhartea
  • Pinotxo 3000
  • Supertramps
  • Wynx erreinu galdua
  • Nomadak TX
  • Aukera gazteak

Herriak eta aretoak

Uztailaz geroztik, sei zine-areto ari dira euskarazko filmak ematen, asteburuz asteburu, programaren baitan: Donostiako SADE, Errenteriako Niessen Zinemak, Bilboko Renoir Zinemak eta Multizineak, Basauriko Bilbondo, eta Gasteizko Florida-Guridi Zinemak. Horiei gehituko zaizkie, hortaz, Kultura Sailak bultzatutako ekimen berri honi atxiki zaizkion 18 herri horietako aretoak.

Hona hemen zerrenda osoa:

Herrialdea Herria Aretoa Edukiera
GIPUZKOA Arrasate Amaia Antzokia 789
Andoain Bastero 500
Azkoitia Baztartxo 587
Beasain Usurbe Antzokia 350
Eibar Coliseo / Amaña Aretoa 65 / 350
Hernani Biteri Kultur Gunea 171
Oñati Oñatiko Zinema 127
Tolosa Leidor 800
Zarautz Modelo 330
BIZKAIA Basauri Sozial Antzokia  
Bermeo Nestor Basterretxea KE 139
Derio Gure Aretoa 130
Leioa Kultur Leioa 250
Lekeitio Ikusgarri Zinema 278
Ondarroa Bide Onera  
Elorrio    
Zalla Zinea Antzokia 460
ARABA Amurrio Amurrio Antzokia 350
Agurain Harresi Aretoa 367

08/07/2009 GMT 1

Euskara zine aretoetan

martinez @ 07:51

Iturria: www.erabili.org

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak abian jarritako Zinema euskaraz egitasmoak urrats berria eman du. Joan den asteburutik, EAEko sei zinema-areto komertzialetan euskarazko bost film ikusteko aukera izango da, tartean Aupa Etxebeste! eta Obaba. Egitasmoaren helburua da, urtean gutxienez bost film euskaraz bikoiztea.

Zinema euskaraz programak euskaraz egindako edota bikoiztutako pelikulak zirkuitu komertzialean pantailaratzen eta banatzen laguntzen du. Lana erraztearren, zine-programatzaileek, kultura-sustatzaileek eta ikusleek euskaraz zer sortu den eta euskarara zer bikoiztu den jakin ahal izateko datu-basea sortu zuen Kultura Sailak.

Programak beste pauso bat eman du orain; izan ere Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sei zinema-areto komertzialetan filmak euskaraz ikusteko aukera dago, joan den asteburutik.

Zirkuitua ehun filmez osatua dago, eta urte amaiera bitartean zinemaz zinema aldatzen joango dira. Egitasmoan Bilboko Multicines eta Reinor, Basauriko Bilbondo, Donostiako Antiguo Berri, Errenteriako Niessen eta Gasteizko Florida zinema-aretoek hartzen dute parte. Eskainiko diren filmak, berriz, honakoak dira: Perez sagutxoa 2, Aupa Etxebeste!, Winx erreinu galduaren sekretua, Harri magikoaren bila eta Obaba.

Hala ere, proiektua haratago eraman nahi dute, eta ostiraletako gaztelaniazko estreinaldiekin batera, euskarazko bertsioa estreinatu nahi dute.

22/04/2009 GMT 1

EiTB-k sortzen duen testu-masa Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko du

martinez @ 09:47
 Oso berri ona sasoi berriari ekiteko.

Iturria: www.erabili.org

Euskaltzaindiak eta Euskal Irrati Telebistak (EiTB) hitzarmena sinatu zuten atzo (2009-4-21), Akademiaren egoitzan. Hitzarmen horren bitartez, EiTB-k ekoitzi dituen hainbat testu Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko ditu, Akademiak Lexikoaren Behatokia deritzan egitasmoa garatu dezan.

Hitzarmena Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Julian Beloki EiTB taldeko irratietako zuzendari-koordinatzaileak sinatu dute.

Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoak, ikerketarako testu-corpus etiketatu eta linguistikoki antolatu bat prestatzea du helburu. Euskaltzaindiak prosa arruntezko corpusa prestatu nahi du, bai lexikoaren erabileraren azterketak egiteko, bai eta lexikoari dagozkion arauak eta gomendioak dokumentatzeko ere.

Corpus hori osatzeko hainbat hornitzaile aurreikusi dira, hedabideak bereziki, eta hauen artean, besteak beste, interes orokorreko komunikabideak. EiTBri dagokionez, 2000. urteaz geroztik sortutako testu-masatik, eduki hauek jarriko ditu Euskaltzaindiaren eskuetan:

  • ETBk bikoiztutako filmak
  • ETBk bikoiztutako dokumentalak
  • ETBk bikoiztutako marrazki bizidunak
  • ETBk bikoiztutako telesailak
  • ETBk ekoitzitako dokumentalak
  • ETBk ekoitzitako haur programak
  • ETBk ekoitzitako telesailak
  • ETBk ekoitzitako bestelako programak
  • ETBren albistegiak
  • Eusko Irratiak ekoiztutako irrati-nobela guztien testuak

Lexikoaren Behatokia egitasmoa UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa taldearekin garatuko du Akademiak.

Emaitzak denon baliagarri izango dira, dudarik ez.

06/11/2008 GMT 1

Psiko-soziolinguistika

martinez @ 08:05

Lehengo egunean Lucia Martinez Odriozola kazetari eta Kazetaritza irakasleak Gardetasunaren alde tituluko artikulua plazaratu zuen www.erabili.com gunean.

Martinezek esandakotik hainbat pasarte atera ditut, gehienbat psiko-soziolinguistikaren gainekoak, zer edo zer iruzkindu gura nuen-eta.

Hona hemen Martinezek idatzitakoa eta Martinezek iruzkindutakoa.

(...)

  

Eta euskaldunen artean bi kategoria sortu ziren, bi klase ia: euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak. Ez zen gauza bera. Haiek pedigria zuten; bigarrenak, berriz, irrigarri geratzen ziren hizkuntza erabiltzeko zuten lehiagatik eta hizkuntza erabiltzeko eragatik.

Egia da. Badaude Euskal Herrian euskaldun berriak sekula ez direnak guztiz integraturik, onetsirik, sentitu euskaldun komunitatean, nahiz eta euskaraz akoz hobeto egin euskaldun zahar gehienek baino. Are gehiago, ezagutu dut euskaldun berria, hizlari trebe eta idazle fina, sekula esaten ez zuena euskaldun berria zela. Lotsaz, ziur. Eginarekin lortutako prestigioa galduko ez ote zuen beldur. Horrelakoak zer edo zerengatik gertatzen dira. Zer edo zerk eragin die euskaldun berri horiei bigarren mailako hiztunak izateko sentimendua.

(...)

Bada irudipen jakin bat (...); alegia, hizkuntza bera hitz egiteak printzipio-kode bera partekatzea ere badakarrela. Hiztun euskaldun batzuek jakintzat ematen dute solaskidearen konplizitatea.

Hainbatetan, euskaraz hitz eginez gero, berehala lortzen da solaskidearen atsegina, konfidantza. Hizkuntzak gogoa erabat berdinduko baligu bezala. Euskaraz egiteak berdintxe pentsatzea elkarriko balu bezala.

(...)

Bitxia gertatzen da baita ere ikustea nola batzuetan, euskal autonomia erkidegotik kanpoko jendea bisitan etortzen zaigunean, entzule jakin batzuen aurrean esaten dituzten lehen hitzak euskaraz ez hitz egiteagatik barkamena eskatzeko direla, hori bekatu balitz bezala.

Ez nago konforme. Duela gutxi Katalunian ibili nintzen batzar batean. Sobera dakit nik kataluniar guzti-guztiek gaztelaniaz dakitela. Dena den, batzarraren hizkuntza katalana zenez gero, niri, katalana jakin gabe, barkamena eskatzea iruditu zitzaidan kortesia eta begirune gutxienekoa, haien hizkuntza erabili behar ez nuelako, beste bat baizik. Beste hori ere ofiziala da, bai, baina ez zen haien batzarrekoa.

(...)

Lanpostu bat eskuratzeko euskara nahitaezkoa delako zurrumurrua zabaldu izan da urtetan, interesatuki. Ideia hori erro-errotik da negatiboa eta askotan gezurrezkoa: badago lana lortzea euskaldun izan gabe. Baina uste horrek euskara ikastera bultzatu ditu bestela euskara ikasiko ez zuten batzuk.

Bai, zurrumurru hori egia izan gabe banatu da, baina ez nuke nik esango "interesatuki" zabaldu denik. Ez dut uste hala denik. Interesaren kontua albo batera utzita, zurrumurrua bera egiazkoa ez dela konturatzeko, zenbakiei erreparatu besterik ez dugu egin behar: Adminsitrazioan bertan ehunka lagun ari dira lanean euskaraz fitsik jakin gabe.

(...)

Euskarazko hedabideek, inprimatuek bereziki, antzeko irizpideak aplikatu izan dituzte. Albisteren bat euskaraz argitaratzen den une gutxi horietan ere euskara menderatzen duen eta seguru asko berriaren jakitun dagoen jendearentzat argitaratzen da.

Askoz ere aberasgarriagoa litzateke komiki aleman bat euskaraz eta bertsolari txapelketaren sailkapena edo Euskaltzaindiaren azken erabakiak gaztelaniaz argitaratzea.

Gaztelaniaz argitaratutako hedabide jakin batzuek egindako inkestek argitzen dutenez, irakurleek ez diote uko egiten orrialde horietan informazioa euskaraz emateari, betiere horregatik ez badiote berari behar-beharrezko informaziorik ukatzen. Beraz, gaztelaniadun irakurlearen arabera, euskara bigarren mailako kontuetarako da, jakitea edo ez jakitea berdin dion kontu horietarako. Eta baliteke hori izatea arazoaren gakoetako bat.

Guztiz beharrezkoa dugu erdaldunei euskal kulturaren berri ematea, endogamia beti baita kaltegarria, hondagarria, suntsigarria edo behintzat pobregarria.

Eta egia da, bestetik, irakurle erdaldun elebakarrek uste dutela euskarazko albiste edo artikuluak haien interesekoak ez direla, beste batzuei begira idatzi dituztela, haiei ez dagozkiela.

(...)

Zein arrazoirengatik sartu dira [unibertsitatera], bada, irakasle batzuk elebitasunaren bidetik, ez badute azkenean eskolarik euskaraz emango?

Zein arrazoirengatik? Ekonomiagatik. Euskaldun bat kontratatuta, euskalduna eta erdalduna kontratatzen dira batera: "dos por uno", supermerkatuan bezala. Agian irakasle horrek momentuz ez du euskal eskolarik emango, baina emateko kapaz da eta etorkizunean baliteke unibertsitatea euskaldun baten behar izatea eta horrela ez du beste bat kontratatu beharko.

05/10/2008 GMT 1

Emakumearen irudia komunikabideetan

martinez @ 08:59

Iturria: www.ideal.es

Andaluziako Emakumearen Institutuak (AEI) eta Almeriako Kazetarien Elkarteak antolatu dute ikastaro hau: "Komunikabideen zeregina genero-identitatearen kultur eraikuntzan".

AEIko korrdinatzaileak adierazi zuenez, emakumeak albiste baten protagonistak direnean estereotipo biotako bat agertu ohi dute: batetik, biktima, ahula, bere burua defendatzeko ez gauza; eta bestetik, objektua, arina, kaskarina, bere irudia saldu egiten duena.

Hona hemen ikastaroaren gaiak: emakumea informazioaren subjektu; androzentrismoa, emakumeen ikustezintasunaren kausa; androzentrismoaren eta gizarte estasusaren arteko harremana; nola irudikatzen ditugun emakumeak eta giznak genero-indarkeriari dagokionez; gizartearen sentsibilizazioa eta horren eragina berdintasun-politiketan; komunikabideak sinbolo, balio eta estereotipo-egile; hizkuntza, errealitatea aipatzeko eta barneratzeko tresna.

Adela Segurak ikastaroaren aurkezpen ekitaldian adierazi zuenez, komunikabideak oso baliagarriak dira agerian jartzeko hainbat mito eta sinismen okerrek estaltzen dutela errealitatea.

21/05/2008 GMT 1

Andaluziako Gobernuak 341 kexa jaso ditu emakumeek publizitatean duten irudia dela kausa

martinez @ 11:45

www.redfeminista.org gunetik hartua.

Erreklamazio gehienak jostailu, jateko eta garbikarien iragarkiak direla kausa jaso ditu Andaluziako Sexismorik gabeko Publizitatearen Behatokiak 2007an. 2006an jasotakoen aldean, % 13 handitu da kopurua.

Kexa gehienak (% 65) 25-45 urte bitarteko eta unibertsitatean ikasitako emakumeek egin dituzte.

Salaketa gehinak jasotako komunikabidea telebista da, noski, oro har tradiziozko ereduak sustatzeagatik. Esan bezala, jostailu, jateko eta garbikarien iragarkiak direla kausa egin dira erreklamazio gehienak, baina proramazioaren edukia eta prentsa titularrak ere jarri dira kolokan.

Behin kexa jasota, Behatokiak hitz egin ohi du indarreko legeria hausten duten enpresekin, publizitatea alda dezaten. Micaela Navarro Andaluziako Berdintasun kontseilariak agertu duenez, hainbatetan publizitate-egileek mugaraino daramate kanpainen edukia, oihartzun handiagoa lortzen baitute gobernuak debekatuta.

Komunikabideek errealitatea islatzen dute, bai, baina ez hori bakarrik, sortu ere egin baitezakete. Eta sortu nahi dugun errealitatean bestelako zereginak nahi ditugu neskatilentzat eta mutikoentzat. Komunikabideek, beraz, funtsezko egitekoa daukate: berrikuntzak gauzak aldatu nahia esan nahi du-eta.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!