Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: itzulpengintza

27/02/2009 GMT 1

Euskaratik alemanera (1)

martinez @ 08:33

Senez aldizkariaren 36. zenbakiak Xabier Montoiaren Irapuato. Makurkeria nonahi ipuin jatorrizkoa eta beste lau bertsio itzuli (poloniera, daniera, katalan eta alemanez) dakartzanez gero, aukera ederra eman dit euskarazko eta alemanezko testuak alderatu eta hainbat ondorio ateratzeko, euskaratik alemanera itzultzearen inguruan. Ez dezadala ahaztu esatea alemanera Gabi Schwab-ek itzuli duela.

Testuak aztertu ahala agertuko ditu hona neure ondorioak. Behin-behinekoak izango dira, beraz, beti eta etengabe errebisatzeko eta aldatzeko modukoak. Hona hemen.

Narrazioaren denbora. Euskaraz orainaldi bukatua da, ohi bezala. Alemanez lehenengo esaldiak Perfekt denbora darabil eta bat egiten du guztiz euskarazko denborarekin. Bigarren esalditik aurrera, berriz, Präteritum darabil eta apur bat urruntzen da denboraz euskarazko jatorrizkotik.

Aditz jokatu gabeko esaldi menpekoa -> aditz jokatuko esaldi konpletibo arrunta. Aldaketa hori lehenengo esaldian ikusten dugu:

Ahizpa bat ekartzeko eskatu diot amari. -> Sie sollen ein Schwesterchen für mich bekommen, habe ich Mama gebeten.

Atzizki txikigarriak. Nahiz eta jatorrizkoan "ahizpa" agertu, itzultzaileak atzizki txikigarria jarri dio eta "ahizpatxo" eman. Bitxikeria moduan esango dut alemanez berba bati -chen atzizki txikigarria eransten zaionean, berba horrek genero neutroa hartzen duela beti, jatorrizko berbaren generoa dena delakoa ere. Hemen, esaterako, "Schwester" daukagu ('ahizpa'), femeninoa, "eine" artikulu femeninoa beharko lukeena. Baina -chen erantsita, neutro bilakatu da eta horregatik darama "ein" artikulu neutroa.

29/01/2009 GMT 1

Itzulpen automatikoa arrakastatsu

martinez @ 07:53

Itzulpen automatikoak ez du aipu onegirik gurean. Horregatik irakurri dut arreta biziaz Iñaki Irazabalbeitiak Senez aldizkarian (35. alean) agertutako artikulua, gehien bat itzulpen automatikoa arrakastatsu dabilen bost kasu azaldu dituenean.

Hauexek dira, laburtuta, bost kasu horiek:

La Voz de Galicia egunkaria

2006an deliberatu zuten edizio digitala galegoz ere argitaratu behar zutela eta gaztelaniatik automatikoki  itzuliko zutela Opentrad erabiliz.

Horretarako, egokitu egin behar izan zuten Opentrad. Gehienbat hiztegiak behar izan zituzten handitu eta moldatu, esaterako "Pilar del Castillo"ren ordez "Alicerce do Castelo" eman ez zezan.

Hortaz, La Voz-en edizio digitala gaztelaniaz idazten eta publikatzen da eta galegozko bertsioa automatikotik sortzen da, unean-unean, internautak eskatzen duen aldioro. Irakurleak Opertraden emaitza gordina ikusten du, inolako zuzenketarik gabe. Akatsak geroago zuzentzen dira, irakurleek edota erredaktoreek detektatu ostean.

Argi eta garbi adierazten da galegozko bertsioa automatikoki egina dagoela eta akatsen berri emateko eskatzen da. Itzulpenaren errore tasa % 2tik beherakoa da.

Hasiera batean zalaparta handia ibili zen Galizian horretgatik. Jendea akats bila ibili zen eta barregarri uztez aritu zen blogetan eta foroetan. Geroago auzia baretu zen eta ohiko bihurtu da kontua. Galiziako beste egunkari batzuk ere hasi dira edizio digitala Opentradez publikatzen.

Ford

1998az gero ari da Ford itzulpen automatikoa baliatzen autoak muntatzeko argibideak ingelesetik alemanera, gaztelaniara, nederlanderara eta portugesera itzultzeko.

Darabilen sistemak Systran du oinarrian eta hizkuntza kontrolatua baliatzen du. Hizkuntza kontrolatuak dira hiztegi eta sintaxi mugatua erabiltzen dutenak hizkuntza arruntaren anbiguotasuna gainditzeko eta semantikoki ahalik eta hizkuntza zehatzena izateko. Fordenak Standard Language du izena eta 5.000 hitz ditu, akronimoak, laburtzapenak, izen propioak eta Forden terminologia zehatza barne. Etengabe aldatzen den hizkuntza bizia da. Ingelesetik alemanerako itzulpenetan % 95eko zehaztasuna lortu da.

Kataluniako gobernua

Generalitatea itzulpen automatikaoren bultzatzaile sutsua da, helburu argia duelarik: katalanaren eta munduko hizkuntza nagusiaren arteko zubiak egitea, alegia.

Generalitateak zerbitzu on-line bat du herritarrek testuen eta web guneen itzulpen automatikoa egin dezaten: http://traductor.gencat.cat. Web horretan katalana gaztelaniarekin, frantsesarekin, ingelesarekin eta alemaniarekin eskaintzen da, Translendium teknologiaz baliatuta.

Gipuzkoa-Donostia Kutxa

Kutxak bulegoak Euskal Herrian, Katalunian, Galizian, Valentzian eta Estatuko beste hainbat tokitan ere baditu. Zuzendaritzak kominikazio eleanitza bermatu eta langileei aukeratzen duten hizkuntzan jarduteko aukera eskaini nahi die. Beraz, inytranetean itzulpen automatikoaz katalanez eta galegoz jarduteko aukera ematen du.

Opentrad aukeratu du Kutxak eta 2008ko udazkenean zen bukatzeko ezarpen-prozesua.

Europako Batasuna (EB)

EBko itzultzaileek lan-erreminta dute itzulpen automatikoa. Sistemak Systran du oinarrian eta 18 hizkuntza-bikote darabiltza.

Ondorio gisa. Itzulpen automatikoa hizkuntza arteko langa gainditzeko tresna egokia izan daiteke eta, helburua ondo auleratuz gero, konponbide egokia ere izan daiteke. 

26/01/2009 GMT 1

Hainbat berba eta esamolde itzulgaitz (2)

martinez @ 08:14
  • alegría. con a.: bozkarioz, pozkariz / lleno de a. y contento: atsegin-kontentuz gainezturik / el corazón le rebosó de a.: bozkarioz gaindi egin zion bihotzak / a. de vivir: bizipoza / le daba una a. en ...: ZERK NON kili-kilizko zer bat egiten zion / en las a. y en las tristezas, en la salud y en la enfermedad, en la pobreza y en la riqueza y hasta que la muerte os separe: zorionean eta zoritxarrenean, aberats nahiz txiro, osasuntsu  nahiz gaixo, heriotzaren uneraino (ETB); "Ezkontzako elizkizun-liburua": zorionean eta txarrean, osasunean eta gaixoaldian, eta maitatu eta errespetatuko duzula  zeure bizitza guztian. / la a. le desbordó, le inundó el corazón: bozkarioak bihotzetik gaindi egin zion.
  • desgraciado. zorigaitzeko, zorigaiztoko, zoritxarreko, ondikozko / (bokatiboan) gaxori, gaxorrek.
  • hoy. egungo egunean / h. hace 8 días: gaur zortzi. El calor de h. hace 8 días: gaur zortziko beroa / hasta h.: gaurdaino / de h. en adelante: gaurgero, gaurrez gero, gaur geroz, gaurgeroztik, gaurtik aurrera, aurrerantzean, aurrerontzean, hemendik aintzinera / h. por h.: gaur gaurkoz / h. en día <-> antiguamente: gaur den egunean <-> antzina.
  • pero. ordea, haatik. Pero, ¿para qué?: Zertarako ordea? / pero sí: No rechaza completamente las palabras castellanas, pero sí bastante a menudo: Erdal hitzak ez ditu zeharo baztertzen; gehiegi samar, bai, ordea. / Fue el responsable, pero por poco tiempo: Arduradun jardun zuen, epe laburrean haatik. / ¡Pero si no te había conocido!: Ez zaitut ezagutu eta! Ez zaitut ezagutu, baina! Ez zaitut ezagutu, barren! / ordean (esaldiaren hasieran): Ordean alferretan (Joannateguy).
  • reñir. kargu hartu norbaiti / gaizkiak esan: San Benoaten gaizkiak esan zizkiok Maoreri (Joannateguy).
  • raíz. echar raíces: erroak egin.
  • revolotear. hega-biraka ibili, inguruka ibili.

23/01/2009 GMT 1

Hainbat berba eta esamolde itzulgaitz

martinez @ 08:03

Zelan adierazi euskaraz?

  • acordarse. gogoratu, akordura etorri / acordándose de: -ren gomutaz / cualquier cosa me hace acordarme de una canción: edozerk eragiten dit kantu baten akordua / se acordó de: gogoan jarri zitzaion –ren oroitzapena 
  • caso. hacer c., tener en cuenta, creerse algo: aintzakotzat hartu, ondo begi aurrean eduki / hacer c. a alguien, dedicar (un rato) a: adiskide eta familiari kontu egin / sin hacer ni c.: ezertan hartu gabe / no hagas c., no prestes oído: ez entzuterik eman horren esanei / no hacer c. a: -ri gorrarena egin / nadie le hacía c.: inork ez zien konturik egiten haren esanei
  • desgracia. gaitzegoki, zorigaitz, zoritxar, zorigaitzeko gertaria / por d.: zoritxarrez, zorigaitzez, tamalez, itunki, ondikoz
  • saber. ¡yo qué sé!: Neronek al dakit! Nik al dakit!/ no lo sé: hori ez da nire jakineko / no sé qué, no sé cuántos: ez dakit zer, ez dakit zir, ez dakit zor / no saben nada de principios: ez dakite ezer printzipioei buruz ("jakin" aditzak osagai zuzena eskatzen du beti) / que yo sepa: nire jakinean / o sé si hacerme la permanente o no: permanentea egin ala ez nago / ¿Cómo supo eso?: Nola zekien horren berri? / no s. nada e inventárselo: “Horren jakintzaren aita ezjakina zen eta ama… irudikeria!” (Loidi: Urgain) / no se explicaba, no sabía lo que le pasaba: gertatzen zitzaionaren konturik bere buruari eman ezinik zebilen / ya sé bastante: aski jakinik badut (Laphitz) / s. menos que…: nire zapata zolak bezainbat ez jakin / Todo el mundo sabe, de todos es sabido que…: Kontu zaharra da …-la / sin saber cómo, qué…: zer / zelan … asmatu ezinik / sin que lo sepa el padre: aitaren isilpean / por eso lo he sabido: horretatik ezagutu dut

15/01/2009 GMT 1

Joannateguy berriz ere (4)

martinez @ 12:34

Baliagarriago jokatu nahian, Joannateguyren esamolde hautatuekin batera, saiatuko naiz gaztelaniazko itzulpena ematen, benetan uste baitut Joannateguyk konponbide ederra ematen diola euskal prosako hainbat arazo latzi.

Hamabi komentu egin behar izan zituen anitz denbora laburrik barnean -> en muy poco tiempo

Haurrideak bortxatuak ziren jaustera ur handira, bidexka gaizto batzuetatik, euri ala ateri izan zedila -> hiciera buen o mal tiempo

Eta San Benoatek erran zioten orduan, zohazila beren mendi bizkarrera, eta non ere atxematen baitzituzten hirur harri ttiki, bat bertzearen gainean ezarriak, han zilha zezatela harroka pixka bat, eta izanen zutela behar zen ura. -> y donde ..., allí ...

Ur negar bat bazariola harroka hari. -> un chorro de agua manaba de la roca

Gazte bat, adimendu laburrekoa, ... -> de pocas luces, de corta inteligencia

Hari zaite orai lanean, bihotza laxorik! -> tranquilo

Eta hark ekarri zuen bakea, solas honetaz: ... -> con estas palabras

03/11/2008 GMT 1

Itzulpena eta euskararen normalizazioa Administrazioan (eta 3)

martinez @ 11:08

Ikus lehen eta bigarren atalak.

Itzulpengintzaren mugak Administrazioan

Funtzio sozial jasoko testu batzuk ez dira kaltegarriak izango, ez eta maila horretako itzulpen-jarduera bat ere, baldin eta argi badaukagu gehienbat funtzio sinbolikoa betetzen dutela. Euskarak funtzio apalagoko testuetan hartzen du arnas, ez Administrazioaren aldizkari ofizialetako testuetan, ez arkitektura-tratatuetan, ez neurokirurgiakoetan. Unibertsitatean ere ez dute horrelako testu jasoen beharrik?

Atzean talde-hizkera bat ez daukan itzultzaile trebeak, maisu lana eginez, gai jakin baten gaineko idiolekto bat sortuko du, ez espezialitateko hizkera bat, eta ez die espezialistei balioko. Espezialistek sortu behar dute beren espezialitate hizkera, dagokien arloan arituz. Linguisten laguntza ere jaso dezakete (nahitaez jaso beharko luketela esango nuke nik) hizkera horren corpusa apur bat moldatzeko, baina haiena izan behar da ekimena.  

Administrazio Orokorraren bigarren plangintzaldia ebaluatzeko txostenean arrazoi nagusi hauek ematen zituzten normalizazio-prozesuaren hutsak azaltzeko:

  • Giza baliabide eskasak.
  • Baliabide ekonomikoen falta.
  • Agintarien inplikazio eskasa.
  • Zenbait derrigortasun-data txarto ezarrita, beraz, hutsak lehentasunak zehazterakoan.

Nik, gutxienez, beste akats pare bat ikusten dut: bata, langileen interesa eta inplikazioa; bestea, gehiegizko helburuak. Hizkuntza-politikako organoek beti baldintza bi ezinbestekotzat jo izan dituzte unitate administratibo batean euskararen erabilera normalizatzeko: langileek hizkuntzaren ezagutza-maila egokia edukitzea eta maila hori daukatenak dentsitate egokian egotea. Ez nator bat, baldintza soziala falta delako. Horrela, beste baldintza bat, gutxienez, bete behar da: euakararen erabilerak nahiko dentsitatea izatea administrazioko jardunari sostengua ematen dioten sare sozialetan.

Tokian-tokian erabaki beharko da Administrazioa euskaldundu behar den, noraino egin behar den eta noraino utzi behar den erabilera sinboliko batean. Horren arabera erabakiko da itzulpenak izan behar duen tokia. Okerra iruditzen zait euskararen erabilera normalizatzeko ezintasuna itzulpenaren bidez estali nahi izatea.

---Akabantza---

28/10/2008 GMT 1

Itzulpena eta euskararen normalizazioa Administrazioan (1)

martinez @ 10:25

Horretaz ari da Roberto Manjón-ek Senez aldizkarian argitaratu berri duen artikulua: Itzulpen-politika euskal administraziozn euskararen erabilera normalizatzeko planetan. Edukiaz berria, balentriatssa eta zorrotza iruditu zaidanez gero, laburpena eskainiko dizuet eta agian neure komentarioak ere bai.

Senez aldizkaria, itzulpen aldizkaria izanez, EIZIEren web gunean topa ohi daiteke normalean; momentuz, ordea, iazko alea baino ez dute weberatu. Baina nire artikulutxo hau irakurtzen duzunerako, irakurle maitea, baliteke ageri-agerian edukitzea.

Administrazio publikoek badute itzulpen politikarik?

Osakidetzaren Euskera Plana diseinatu dugunok gogoan eduki dugu itzulpen-politika hizkuntza-normalizazioaren giltzarrietatik bat dela, erakundeko buruen aitzindaritzarekin eta giza baliabideen hornikuntzarekin batera.

Herri erakundeetako normalizazio-planen emaitza urriei erreparatzea baino ez dago susmatzen hasteko itzulpen-politika gehienek ez dutela lortzen literaturaren mundutik ateratzea, alegia, erakundeek ez dutela itzulpen-politika seriorik, edo itzulpen politika batere.

Euskera Plana erakundeetako agintari eta erdiko mailako arduradunek jasan beharreko zerbait da, ideologiak ordainarazten dien kostua, bidesari ideologikoa, eta horrek normalizazio-prozesuaren epidermisa, azala, gehien ikusten dena zaintzeko eskatzen du. Horretarako nahikoa izango da nominan teknikariren bat edukitzea eta itzultzaile taldetxo bat.

Horien kostua, ordea, ez da makala. Horregatik, aldi berean itzultzaile eta normalizazioko teknikari den langilea edukitzea da onena.

Normalizaizo prozesuaren osasunak baditu adierazle garrantzitsu bi: giza baliabide nahikoak egotea eta baliabide horietan itzulpengintza eta normalizazio teknikaritza behar bezain espezializatuta eta bereizita egotea.

Itzulpengintza aitzakia eta ihesbide erraza bihurtzen da euskera normalizatzeko ahaleginetan azalean gertatu nahi dutenentzat.

Arazoaren beste agerpen bat izaten da langileen euskera-erabilera itzulpenez ordezkatzea. Gehiegitan teorian euskeraz jarduteko gaitasuna dutenak ez du horrela jokatzen, eta itzulpenak estaltzen du gabezia.

Arazoa izaten da hainbat lantegitan: noraino doa itzultzailearen lana?, noraino langile elebidunena? Langile guztiak ele bietan ondotxo moldatzen badira, zertarako itzultzailea? Erantzuna bigarren atalean.

06/09/2008 GMT 1

Horrorea

martinez @ 07:22

Beste parentesi bat egingo diogu Joannateguyren saiakerari, literatur pieza polit bat tartekatzeko; polita bezain ikaragarria, esan dezagun bide batez. Neuk euskaratu dut frantsesetik. Ia gustukoa duzuen.

Mutiko txiki bati ebakuntza arriskurik gabea egin behar zioten. Anestesistak, ordea, huts egin zuen eta mutikoa gor, itsu, mutu eta paralitiko atera zuten kirofanotik, sendatzeko modurik gabe.

Mutikoa ilunean zen, anestesiatik esnatu zenean. Ez zuen ezer entzuten, ez zuen ezer ikusten, ez zuen ezer sumatzen hatzamarren puntan. Ur beltzetan murgildua zen betiko. Mundu guztia zeukan inguruan eta bera ez zen ezertaz konturatzen. Harengandik hurbil, baina betiko bereiz, gurasoak eta medikuak, ikaraturik, haren aurpegi zurbilari begira gelditzen ziren adi-adi, begi erdi itxi haien atzean ezer sentitzen edo ulertzen ote zuen jakin gabe.

Mutikoak hasiera batean pentsatu zuen begiak estalita zituela eta gorputzean agian igeltsua ezarri ziotela; gela ilun isil batean zegoela, baina baten batek argia piztuko zuela inoiz. Sinismen osoa zuen luze gabe aita eta ama etorriko zirela eta hortik aterako zutela. Baina denbora aurrera zihoan, neurtzeko modurik gabe; minutuak, orduak edo egunak, ilunean eta isilean.

Mutikoak oihu egiten zuen, baina bere garrasia ere ez zuen aditzen. Beldur geldo adieraztezin hartan burmuina azalpen bila aritzen zitzaion. Bizirik lurperatu ote zuten? Besoa luzatzerik ere ez zeukan, ordea, bere gainean hilkutxako estalkia ikutzearrren. Konturatuko al zen inoiz errealitateaz?

Emmanuel Carrère: La classe de neige

24/06/2008 GMT 1

Berri ona Alemaniatik

martinez @ 12:07

El País egunkariak ekarri zuen berria ekainaren 20an. Alemaniako argitaratzaileak eta herri zerbitzuen sindikatua ados jarri dira, literatur itzultzaileei ordaintzeko sistema berria ezartzeko.

Erabakia, dena den, itzultzaileen biltzar batean onartu beharko dute irailaren 20an eta urriaren 1ean hasiko da indarrean. Horren arabera, itzultzen duten orrialde bakoitzeko, oinarrizko ordaina jasoko dute itzultzaileek eta, horretaz gain, 5.000 ale baino gehiago kaleratuz gero, liburuen fakturazioaren % 0,25etik % 1era jasoko dute eta saldutako lizentzien % 7,5 ere bai.

Orrialde bakoitzeko oinarrizko ordaina, bataz bestez, 17 eurokoa izango da azal gogorreko liburuei bagagozkie, eta 13 eurokoa, berriz, poltsikoko liburuak baldin badira. Edonola ere ez da izango 12 eurotik beherakoa lehenengo kasuan eta 10etik beherakoa bigarrenean.

Oso itzulpen berezi eta bitxien orrialdea baliteke 20 eurokoa edo garestiagoa izatea.

Berri ona dudarik gabe. Zabal dadila!

12/05/2008 GMT 1

Hizkuntza gutxituen literaturei buruzko topaketa

martinez @ 09:29

"Euskara Berripapera"tik hartuta.

Euskal Herriko eta Ameriketako hainbat idazle eta literatur aditu bilduko dira Renoko Unibertsitatean egingo den topaketan.

Center for Basque Studies-ek (Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroa) antolatuta, "Writers in between Languages: Minority Languages in the Global Scene" topaketa egingo da maiatzaren 15etik 17ra Renoko Unibertsitatean (AEB). Bertan hizkuntza gutxituen literaturei buruz eta hizkuntza horiek mundu globalizatuan betetzen duten lekuari buruz hitz egingo dute AEBtako unibertsitateetako eta Euskal Herriko zenbait idazlek eta literatur adituk. Han izango dira, besteak beste, Bernardo Atxaga, Mariasun Landa, Rikardo Arregi, Iban Zaldua, Miren Agur Meabe eta Aurelia Arkotxa idazleak eta L. Fernández Cifuentes, J.R. Resina, M. Santana, T. Vilaros, E. Delgado, A. Martín, A. Sosa Velasco, X. Pla, M. Ugarte eta N. Arruti adituak. Lehenengo egunean, besteak beste, Mario Santanak "On Visible and Invisible Languages: Bernardo Atxaga's Soinujolearen semea in Translation" (Ageriko Hizkuntzak eta Hizkuntza Ikustezinak: Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea itzulpenean) hitzaldia eskainiko du. Hurrengo egunean izango diren hizlarien artean, Mariasun Landak "Identity, Language, Creation (An Autobiographical Approach)" (Identitatea. Hizkuntza. Sorkuntza. (Ikuspegi autobiografikoa)) eta Miren Agur Meabek "Five Reasons to Write in the Language of the Negihborhood" (Auzoko hizkuntzan idazteko bost arrazoi) hitzaldia emango du.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!