Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: inmigrazioa

23/01/2008 GMT 1

"Zulmaren bizitzak"

martinez @ 18:44

Halako titulua ("Las vidas de Zulma") dauka Alter Nativas elkarteak ekoiztu eta Blanca Oriak eta Juan Zapaterrek zuzendu duten film dokumentalak. Filmak hamar emakume etorkinen istorioa agertzen du, hamarrak Nafarroako hainbat herritan bizi direlarik. Asmoa da azaltzea nola bizi duten protagonistek inmigrazioa, gehienbat emozioei dagokienez.

Horretarako, emakumeen barnea saiatu dira erakusten, eta indarraz bizi izan dutela herria utzi beharra. Hainbat topiko hautsi ere nahi izan dute egileek: bakoitzaren istorioak zerikusirik ez dauka bestearenarekin; banakoak dira, paregabeak.

Emakumeak Brasil, Kolonbia, Txile, Nigeria, Ghana eta Txinakoak dira. "Zulma" arabierazko berba da; emakume indartsuaren irudia agertzen du, alai eta borrokalaria. Horrelakoxeak dira-eta emakume etorkinak.

Filma Nafarroako Museoan estrinatu dute eta hemendik gutzira iritsiko da Bilbora. Egiteko diru lagunzta eman zuten Iruñako Udalak eta Nafarroako Gobernuak.

08/01/2008 GMT 1

Azal mota bakoitzak bere gaitz

martinez @ 21:05

Euskal Herriko medikuntza kontsultetan gero eta ume gehiago daude azal ilun, hori edo beltzekoak. Kontua da azal mota bakoitzak bere gaitzak dituela eta gure medikuek gaitz "berri" horien berri jakin behar dutela.

Almudena Hernández doktore madrildarrak ikastaroa eman zien duela gutxi Bilboko pediatrei azaleko gaitz orain arte ezezagun horiei buruz.

Azal iluneo haurrek esaterako, dermatitis atopikoa eta seborreikoa pairatu ohi dute, bitiligoa edota garautxoak, birus batek infektatu ostean. Horiek guztiak oso patologia ezagunak eta sarriak dira, azal zurikoek ere badituztelako. Beste gaitz batzuk, berriz, azal ilunari baino ez dagozkio: haurren akopustulosia, kasu, pustulak sorrarazi ohi dituena esku eta oinetan eta azkura handia ematen duena. Akropustulosia benetan gogaikarria da lehenengo urtean, baina batere larria ez da eta berez sendatu ohi da, kortikoide eta ahoko sendagai batzuk hartuta.

Azal ilunekoen beste gaitz "esklusibo" bat buruko ile-larruko ezkabia dugu, oso ohikoa. Animalien eta lurreko onddoek probokatzen dute, edo beste gaixo batek kutsatuta. Adituen iritziz, harreman zuzena du beltzek ilean jarri ohi duten parafina edo baselinarekin. Ileko produktu horiek ere badakarkiete akne mota berezi bat, kopetan, nerabeei.

Jaioberrien artean sarriagaoa da melanosis pustuloso iragankorra. Hala esaten zaie gorputz osoari eraso egiten dioten zorne-garauei. Izenak dioen bezala, beraz joan ohi da, baina orbanek hilabeteetan diraute.

Gaitzak ez ezik, onurak ere badauzkate azal ilunekoek, eta oso garrantzizkoak. Arrisku txikiagoa daukate, esaterako, psoriasia, orinak eta melanomak edukitzeko, ederki baitakite eguzkitik babesten.

Zer ikasi badugu oraindik, ez da?

22/12/2007 GMT 1

Errumaniako Eguberria Patxi tabernan

martinez @ 09:29

Patxi taberna Portugaleten dago. Jabeak Aurel du izena eta errumaniarra da. Abenduaren 24an, gauean, azken orduko txikiteroek bat egin ohi dute Aurelen gonbidatuekin, hogeita hamar bat errumaniar elkartu ohi baitira. Zertara? Bada, denok bezala, ondo pasatzera, janari tipikoak dastatzera eta, afaldu ostean, abestera.

Erlijioari ere tartetxoa egingo diote. Errumaniarrak kristau ortodoxoak dira. Abenduaren 23an meza egingo dute, aitortu eta jaun-hartu ere bai, Derioko San Kristobal elizan, Bilboko Gotzaingoak lagata. Mezaren ostean, tradizioak aginduta, etxez etxe ibiliko dira kantari hala umeak nola helduak. Umeek jostailuak eta fruta jasotzen dituzte. Etxeetan Gabonetako arbola eta Jesus Haurra ezartzen dute, kandelaz inguraturik.

Hona hemen Patxi tabernako menua Eguberrirako: Errumaniako entsalada (urdaiazpiko egosia, artoa, gazta, esne-gaina eta piperbeltza), csarmale tradiziozkoa (aza-bilkariak, txerrikiaz beteak arroz eta barazkiekin), gerezi zopa eta intxaur erroskoa. Edateko, Errumaniako ardoa, tsuica eta champagne.

Gabon zaharrean, berriz, iñuzenteen eguna ospatuko dute: ikatza sartzen dute zapatetan, gezurrezko armiarmak... Mahatsik ez dute jaten. Gaueko hamabiak jo baino lehen, daukaten janari guztiak jartzen dituzte mahai gainean, hastear dagoen urtea oparoa izan dadin.

Aurelek dio izugarri gustatzen zaizkiola kaleko argiak eta jai-giroa tabernetan. Eguberri on izan dezatela. Eta zuek ere bai.

13/12/2007 GMT 1

Ghanatik Euskadira

martinez @ 17:55

Augustine Bukari Ayaab-win (Bukari hemendik aurrera) txiki-txikitan hasi zen modelatzen. Aitite eskulangilea zeukanez gero, beraren laguntzan aritu ohi zen Ghanako herrixka batean. Horrelaxe ikasi zuen artegintzan eta lokatza, porlana, burdina, zura eta brontzea moldatzen. Bukarik berak dioenez, haren lanabes nagusia bihotza da.

Bihotzak hain zuzen ekarri zuen orain dela lau bat urte Euskadira, portugaletetar batekin maitemindu zelako. Portugaleten ezarri zituen, beraz, etxea eta lantegia.

Inspiragarri ditu munduarekin zerikusia duen guztia, kulturen batasuna, elkarbizitza, bihotzez jardun beharra, inmigrazioaren mina (inork ez du gogoko bere herria utzi beharra; nahitaez egiten du beti; gizaki gisara onartu behar gaituzte) eta Afrikako emakumeen indarra: Emakumeak eragiten dio munduari; Afrikan eta hemen ere bai; hemen tabernak gizonez beteta daude-eta.

Haren lan batzuk ditugu ikusgarri Bizkaiko hainbat txokotan. Bukarirena da, esaterako San Pedroren irudia Loiuko parrokiakoa, "Ama Afrika" izeneko eskultura bat Portugaleteko Casiñlda Iturrizar kalekoa ere bai, eta bi dinosaurio Karrantzako Karpin Abentura parkean.

Eta zertan dabil orain Bukari lanean? Bada eskultura bat bi metro luze ari da prestatzen, hau ere Karpin parkean ezartzeko. Eta beste bat ere badauka erdi egina, Bihotzaz pentsatzen duen gizona, alegia

Ghanan ere badauzka Bukarik eskultura batzuk hiri garrantzizkoenetan.

01/12/2007 GMT 1

Atzerritarrak pozik Euskadin

martinez @ 09:36

Euskadin bizi diren atzerritarrak pozik omen daude hemengo bizimoduarekin. Lauetatik hiruri ez zaio damutzen herria utzi izana; are gehiago, berdintxe egingo lukete, atzera jo ahal izanez gero. Hala dio behintzat Eusko Jaurlaritzako Inmigrazioaren Euskal Behatokiak (Ikuspegi) azaroaren 20an aurkeztutako ikerketa batek. Ikerketak badio halaber Euskadiko atzerritarren % 60k sekula ez edo oso gutxitan sentitu duela bere kontrako diskriminazioa. Era berean ez du arbuiorik sumatu, ez eta adierazpen negatiborik entzun ere.

Ikuspegiren txosten horren arabera, 107.000 bat atzerritar bizi dira Euskadin; biztanleriaren % 5 dira, beraz. Gehienek 2-5 urte bitartea eman dute hemen, boliviarrek izan ezik, duela gutxi iritsi dira-eta.

Txostena aurkezteko ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Inmigrazio zuzendariak, Roberto Marrok, azaldu zuen galde egindakoen % 70ek badiotela euskaldunok adeitasunez hartu dugula; % 3k, aldiz, jaso du erasoa edo iraina.

Horren pertzeptzioa, dena den, etorkinen nazionalitatearen arabera aldatu ohi da: asiar eta europarrek ongi harturik sentitzen dute; amerikarrak eta afrikarrak, ordea, ez dira hain baikor.

Gizarteratze-mailari dagokionez, gehienek uste dute ongi gizarteratu direla, eta are hobeto amerikarrek. Horregatik nahiko nuke gehiengoak hemen betiko bizi.

Bizimoduari ematen dioten bataz besteko kalifikazioa 6,96 da. Horretan ere daude hoberen amerikarrak (7,37); atzerago datoz asiarak (6,86), afrikarrak (6,57) eta europarrak (6,31).

batz bestez 810 euro kobratzen dute hilean. % 17,8 lanik gabe dago; ehuneko hori, beraz, askoz altuagoa da etorkinei bagagozkie, bertokoon kasuan baino (% 3-6). Lanpostua duten gehienek beste batzuen kontura dihardute; hamaretako batek bakarrik egin du bere negozioa; gehienbat txinarrek eta pakistandarrek. Langabetu gehienak afrikarrak dira.

Espainiako Lan eta Kanpo Arazoetarako Ministerioaren arabera, Euskadin 48.469 atzerritar zegoen 2007ko urrian Gizarte Segurantzan afiliaturik; urtearteko hazkundea % 17,8koa da.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!