Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: inmigrazioa

19/11/2009 GMT 1

Euskara eta etorkinak

martinez @ 07:38

 Iturria: www.erabili.com

XIV. Jagon Jardunaldiak egingo ditu Euskaltzaindiak datorren 2009-11-20an, Akademiaren Bilboko egoitzan, Sustapen batzordeak antolatuak. Goiz eta arratsaldez, Etorkinak eta Euskara gaia jorratuko dute jardunaldiotan. Gainera, iazko XIII. Jardunaldietako emaitza jasotzen duen Euskera agerkariaren alea aurkeztuko dute: "Euskara, Kontsumoa eta Hizkuntza eskubideak".

Unesco Etxea eta Deustuko Unibertsitatearen Euskal Gaien Institutua laguntzaile izan ditu Akademiak, jardunaldi hauek prestatzeko.

Jardunaldi hauetan Euskal Herrian azken urteotan indartu den fenomeno bat jorratuko da beren-beregi: etorkinen gaia euskararen perspektibatik, hain zuzen. Gaia zenbait ikuspegitik garatuko da, besteak beste, ikuspegi soziodemografikotik, soziolinguistikotik, juridikotik, hezkuntza alderditik etab.

Era berean, Euskal Herri kontinentalean, helduaroan, euskara ikasten ari diren ikasleen azterketa berri bat ere aurkeztuko da. Halaber, hezkuntzan garatutako zenbait esperientzia zein eskualde batzuetan etorkinen integrazioa sustatzeko egitasmo batzuen berri ere emango da.

Dolz, parte-hartzaileen artean

XIV. Jagon Jardunaldiak Joaquim Dolz irakaslearen hitzaldi batekin eta ondorioekin amaituko dira. Dolz irakaslea, Katedraduna da Hizkuntzen Didaktikan, Psikologia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Genevako Unibertsitatean. Genevako Unibertsitateko taldea (Bronckart, Schneuwly eta Dolz izanik izenik handienak) sekuentzia didaktikoen asmatzaile hartu behar da. Halaber, Dolz irakaslea, besteak beste, Andorrako Hezkuntza Eleanitz sistema berriaren diseinatzaileetako bat da.

Izen-ematea eta egitaraua

Euskaltzaindiaren XIV. Jagon Jardunaldiak irekiak izango dira, bai eta doakoak ere, eta entzule bezala nahi duena joan daiteke.

Izena emateko epea azaroaren 19an amaituko da. Izena emateko esteka hau da: http://www.euskaltzaindia.net/email/jagonjardunaldiak

Euskaltzaindiak XIV. Jagon Jardunaldietarako prestatu duen egitarau osoa, berriz, HEMEN ikus dezakezue.

25/03/2009 GMT 1

Krisiaren biktima perfektoa: emakumea, gaztea eta etorkina

martinez @ 09:23

Iturria: Qué! Nervión

Eusko Jaurlaritzaren datuak dira, Euskadiko Autonomia Erkidegoari buruzkoak, beraz, baina nago beste leku batzuetan ere antzeko samarrak izango liratekeela.

Ehun mila bat euskaldunak gorriak pasa ari direla, diru nahikorik gabe jateko, etxebizitza ordaintzeko eta jantziak edo oinetakoak erosteko. Baina denetan gaiziken dabiltzanak betikoak ditugu: emakumeak, gazteak eta etorkinak.

Krisiarekin batera, beldurra etorri zaie, halaber, enpresei. Atea ixteko arriskua aurre-aurrean dutela, betiko erabakiak hartu ohi dituzte eta betikoak kaleratu: emakumeak, gazteak eta etorkinak, gizonezkoek, zaharrek eta bertakoek eskubidea handiagoa edukiko luketen bezala, besteek baino, lanpostuari eusteko.

Emakumeok, krisiaren biktima zuzenenak garela, bazter utzi nahi gaituzte, gainera, krisialditik ateratzeko erabakiak hartuko diren lekuetatik ere bai. Eta hanka sartze ederra izango litzateke, izango da, hori, buru guztiak, adimen guztiak beharko baititugu, honetatik irtengo bagara.

Krisiak garbi irakatsi digu sistemak porrot egin duela, egiturak errotik aldatu beharra dagoela. Horregatik behar ditugu konponbide berriak, irudimentsuak, eta ez, inola ere, aspaldiko errezetetara jotzea.

11/01/2009 GMT 1

Euskadin bizi diren etorkinek euskara ikasteko aukera dute Aisa programaz

martinez @ 09:50

Iturria: www.erabili.com

 Berrogeita hamalau herrialdetako 582 etorkin heldu aritu ziren 2008an euskara ikasten Aisa harrera-ikastaroetan. Aisa ikastaro horien helburua da etorkin helduak errazago sar daitezela gero euskalduntze-sare orokorrera.

2009rako diru-ekarpena igotzea adostu dute HABEk eta Inmigrazio Zuzendaritzak.

Bestetik, Miren Azkarate Kultura sailburuak azaldu du euskaltegi sare orokorrean hirukoiztu egin dela etorkinen kopurua azken zazpi urteetan: 2001-2002 ikasturtean 476 ikasle etorkin zeuden eta 2008-2009 ikasturtean, berriz, 1.600 daude.

Ikasleen jatorria

  • Amerikakoak % 65 (batez ere Ertamerika eta Hego-Amerikakoak)
  • Europakoak % 15 (batez ere Europa Erdialdekoak eta Portugalekoak)
  • Afrikakoak % 15 (batez ere Magreb aldekoak)
  • Gainerakoak % 5

Jatorri anitzekoak direla konturatzeko, aipa dezagun 50 herrialde baino gehiagotako ikasleak daudela Aisa taldeetan.

Benetan gozagarria izan behar du horrelako eskola batean irakasle aritzeak.

HABEk homologatutako sareko euskaltegietan ematen dira ikastaroak: udal euskaltegien sareko eta euskaltegi pribatu homologatuen sareko euskaltegiek parte hartu ohi dute.

Udalekin eta etorkinen elkarteekin lankidetzan antolatu ohi dira ikastaroak. Eskaria beti euskaltegiak edo Udalak egin behar du, eta HABEk onartu.

Hortaz ez dezagun ahaztu Inmigraziorako Euskal Planak (2003-2005) besteak beste proposatzen duela atzerritarren artean EAEko bi hizkuntza ofizialen ikaskuntza sustatzea.

26/04/2008 GMT 1

Emakumeen migrazioa eta nazioz haraindiko amatasuna

martinez @ 07:53

www.diariovasco.com gunetik datorkit informazioa. Hegoamerikako emigrante gehienak emakumezkoak dira. Haietako asko, seme-alabengandik banandu behar izan duten amak. Hala ere, urrunetik ere, zaindu egiten dituzte.

Lourdes Benería doktorearen arabera, emakume horien zereginak, rolak, aldatu egin dira, edo beste batzuk berenganatu dituzte, dirua bidaltzen baitiote familiari. Hala eta guztiz, diruaren aldetik independenteagoak izanik ere, botere handiagoa dutela sentitzen duten arren, badiraute seme-alaben ardura eta kezka edukitzen. Horri "nazioz haraindiko amatasuna" izena eman diogu.

Benería irakaslea da Cornellgo unibertsitatean (AEB). Badiosku Espainian bizi den emakume boliviarra ezagutzen duela; arratsaldero deitzen die telefonoz alabei eta den-denaz galdetzen die: Zer egin duzu gaur? Eskolako lanak bukatu dituzu? Eskolako lanak egiten ere laguntzen die batzuetan.

Seme-alabak atzera utzi izanak kalte psikologiko emozional gogor handia dakar berez. Baina inork ez dio erreparatzen, migrazioaren alde ekonomiko itzelaren aurrean: 2006an Hegoamerikak 65.000 dolar jaso zuen emigranteen eskutik. Mexiko eta Ekuadorren dibisen lehen iturria emigranteen bidalketak dira.

Gaur egun Hegoamerikako emakumeek betetzen dituzte Europan lana eta familia bateratzeko politika egokirik ezak egindako zuloak. Baina epe luzean zulo horiek berberak zabalduko dira beren herrietan.

1980ko hamarkadan Hegoamerikako emigrante tipikoa gizonezkoa zen eta Estatu Batuetara jotzen zuen. 1990ekotik aurrera, berriz, emakumezkoa da eta Europara doa.

Migrazioa, beraz, feminizatu, emetu egin da eta hegoamerikako emakumeen rola, zeregina aldatu egin da: autonomoago ikusten dute beren burua, askeago, tradiziozko roletatik urrunago. Eta abusuzko harremanetatik iheska dabiltzan emakumeak ere badauzkagu geure artean. Ez dezagun ahaztu.

17/04/2008 GMT 1

Prostituzioari buruzko txostena (2)

martinez @ 09:54

Aurreko sarreraren bukaeran bota genuen galdera: zer egin horrelako egoera aurrean dugula? Hona hemen erantzuna.

Prostituzioaren aurrean, bi erantzun desderdin eman dira egunera arte. Batetik dago abolizionismoa, hau da, prostituzioa eta proxenetismoa babesten dituzten legeak baliogabetzearen aldeakoa; eta bestetik dugu legalizazioa eta erregularizazioa.

Emakundek erdibideko hirugarren irtenbidea proposatzen du. Lehenengo eta behin dio prostituzioa ez dela desiragarria, hobe genuela betiko galduko bazen; eta bigarrenik, genero desberdintasunean eta pobrezia eta herrialde garatu eta garatzeko bidean daudenen arteko desberdintasunean datzala. Prostituzioak gizakia gauza bilakatzen du eta emakumearen objektu sexualaren rolari eusten dio.

Hala ere, onarturik eta normalizaturik dago prostituzioa gure gizartean, gehienbat historia guztian egon den zerbait delako. Betidanik existitu izanak, ordea, ez du esan nahi etorkizunean ere existitu behar denik. Horregatik da beharrezkoa usteak aldatzea, hala pentsakeran nola jokaeran, beste fenonemo batzuekin, genero indarkeriarekin, kasu, egin den bezala.

Hitz batean, prostituziorik gabeko gizarterantz abiatu behar gara, beti ere prostituten eskubideak bermatuta.

Horrexetarako lan ildoak izango litzateke berdintasun politikak, garapenerako kooperazioa, inmigranteen aldeko neurriak eta pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren aurkakoak. Halaber da beharrezkoa prostituzioaren kontsumoa jaistea, kontzientzazio kanpaina eginez gizonezkoei begira eta, batez ere, puteroei begira, begi-bistan eduki ditzaten, batetik, prostituzioak emakumeengan dauzkan ondorio kaltegarriak, eta bestetik, haiek eurek horretan duten erantzukizuna.

Aldi berean, prostituzioaren diharduten emakumeen giza bazterketa ekidin behar da, ahalduntze, osasun, lan, gizarteratze, lege-aholkularitza, etxebizitza, segurtasun eta abarreko nerurriak hartuta.

Horra hor Emakunderen proposamen interesgarri baliagarria. Ni, ordea, horren guztiaren balioa ukatu barik, abolizionismoaren aldekoa naiz.

23/03/2008 GMT 1

Gehiegi ikasitakoak

martinez @ 08:52

Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) gezurtatu berri du Arias Cañete Espainiako ministro ohiak esandakoa, 2007ko nazioarteko migrazioei buruzko ikekerketa batean adierazi berri baitu Espainian etorkinek oro har beren lan kualifikazioaren azpiko lanpostuetan ohi dihardutela.

Ikerketaren arabera etorkinen ikas-maila, hartzen dituen gizartearen bataz bestekoaren gainetik ohi dago, herrialde aberatsetan biztanleen % 20 eta langile atzerritarren % 25 baitira unibertsitateko lizentziadunak. Hala eta guztiz, ELGAk ziurtatu du etorkinek zailtasun handiagoak dituztela beren gaitasunarekin bat datorren lanpostua lortzeko. Grezian, dena den, Espainian baino okerrago daude etorkinak ikas- eta lan-maila desberdinei dagokienez.

Espainian 4,5 milioi atzerritar daude erroldaturik. Horrek esan nahi du hamar biztanleetatik bat datorrela beste herrialde batetik. Espainiako Estatistika Institutuak badio, hala eta guztiz, gero eta etorkin gutxiago doazela Espainian: 2005ean ia 700.000 erregistratu ziren; 2006an, 413.000 eta 2007an, berriz, 375.000. Ez da, beraz, egia gero eta gehiago datozenik.

15/03/2008 GMT 1

Etorkizuneko familia

martinez @ 07:45

Begi-bistan dugu gizarte aldatzen ari dela. 1996tik 2006ra bitartean Euskadin 104.000 familia sortu ziren, aurreko hamar urteetan baino % 15 gehiago, Eustaten arabera.

Familia motei erreparatzen badiegu, bi mota handitu dira gehienbat: gizaki bakarrak eta seme-alabarik gabeko bikoteak, alegia. Horiek biok batuta, gehiago daude tradiziozko familiak (ama edota aita eta seme-alabak) baino.

Hala da, bai. Bakarrik bizi direnen kopuruak % 61 egin du gora; seme-alabarik gabeko bikoteenak, berriz, % 51. Izugarrizko igoera kasu bietan.

Familia guztiak kontuan hartuta, bakarrik bizi direnak % 22 dira; seme-lalabarik gabeko bikoteak ere, % 22; tradiziozkoak, % 40,8; orain hamar urte, % 50 ziren: 30.000 bat familia gutxiago ditugu mota horretakoak.

Zeintzuk dira aldaketa horien kausak? Funtsean bi. Batetik, nagusiak gehiago bizi dira: seme-alabek alde egiten dute etxetik eta gurasoak lehen baino urte gehiagotan gelditzen dira bakarrik. Lehen, berriz, gurasoetako bat bakarrik gelditzen zenean, bestea hilda, seme-alaben etxera joan ohi zen. Hori ez da gaur gertatzen. Nagusia ondo eta indartsu sentitzen denean, bere etxean gelditu nahiago izaten du. Bigarren kausa, behin-betiko ezkongabeak izango lirateke.

Gazteek, bestalde, gero eta seme-alaba gutxiago daukate. Tradiziozko familiak orain dela hogei urte 4,3 lagun zeukan; gaur, berriz, 3,7 baino ez dauka. Gazteek oso berandu uzten dute gurasoen etxea. Bikoteak berandu eratzen dira eta seme-alabak beranduago eta urriago datoz.

Guraso bakarreko familiak ere gutxiago dira. 2001etik 2006ra bitartean aita eta seme-alaben talden kopuruak % 30,4 egin zuen behera eta ama eta seme-alabenak, aldiz, bakarrik % 15,4.

Gizon alargun gehiago ditugu: lehen % 48 eta orain % 68. Emakume alargunen kopurua, ordea, ia berdin gelditu da: % 58tik % 60ra. Emakume banandu eta dibortziatuek, bestetik gora egin dute: % 21etik % 26ra. Azalpen modura dio Eustatek 2001eko guraso bakarreko familia asko 2006an gizaki bakarreko familia bilakatu dira, seme-alabek etxea utzi dutelako.

Azkenik, "nukleo anitzeko familiak" ditugu. Hala esaten da, behintzat, familia bat baino gehiago etxe bakarrean bizi denean, etxebizitza erostea eta alokatzea garestia izanik. 2001ean nukleo anitzeko 12.000 familia bizi ziren Euskadin; egun, berriz, 28.000 ditugu. Horrelako familia gehienak etorkinenak dira. Eta etorkinek berez ekarri duten beste familia mota bat ere badugu: hots, ahaidetasunaz edo ahaidetasunik gabe, baina familia nukleorik gabe (hau da, ezkondurik egon gabe eta neba-arreba izan gabe) elkarrekin bizi direnena. 21.300 familia dira horrelakoak Euskadin.

12/03/2008 GMT 1

Etorkinei buruzko inkesta

martinez @ 17:43

Espainiako Estatistika Institutuak etorkinei buruzko aurreneko inkestaren emaitzak plazaratuko ditu 2008ko apirilean. Horren arabera, etorkinen gizarteratzea Espainia "heldutasun" aldian sartu da, ezkontza misto eta elkarbizitzarako beste hainbat formulari esker.

Inkesta horretan 15.500 atzerritarrek hartu dute parte lau urtetan. Haren asmo nagusia da aurreneko ikuspegi orokorra eskaintzea Espainian urtebetea baino gehiago eman duten etorkinei buruz.

Horren arabera, aurrera egin omen dugu hainbat aldetan eta horietako bat giza harremanak dira. Hortaz badiote espainiarren eta atzerritarren arteko elkarbizitza uste baino handiagoa dela eta gizarteratzeko bide nagusia, ezkontza edota elkarbizitza. Espainiarren eta atzerritarren arteko elkarbizitza eta harremanak konplexuak dira eta gaur egun Espainian denbora luzea emandakoek nazioko egiteko joera erakusten dute. Horietako batzuk, gainera, espainol egin dira bertoko batekin ezkondu delako edo seme-alabak eduki dituelako.

Bestetik, datozen etorkin gehienak ordenaz datoz eta atzerritarrei buruzko legeak betetzen dituztelarik. Cayuco edo patera-z datozenak, beraz, oso gutxi dira.

Zergatik erabakitzen du batek emigratzea? Zergatiak estereotipoa baino konplexuagoak dira beti. Ez dira bakarrik diru arazoak, baizik eta herri aberatsetatik ere badoaz Espainiara bizitzera, behin erretiroa hartuta. Ikasle eta helduek ere, lan egiteko adina eta ikas maila altua dutela, Espainiara jotzen dute negozio bati ekitera.

Etorkin gehienez, aurreneko aldi batean behintzat, herrira itzultzeko asmoa dute, emigrazioa aldibaterako zerbait da haientzat, dirua egin eta itzuli nahi izaten dutelako. Hala eta guztiz, hainbatetan, ezkondu egiten badira eta seme-alabak edukitzen badituzte, askoz litekeenagoa da ez iztultzea.

Epe luzean migrazio-politikek ez dute eragin handirik, munduan indar global ekonomikoak dabiltzalako eta indar horiek dakarte berenez orokorreko dinamika eta joera mugikortasun eta malgutasunerantz.

Atzerritarrak Espainian: Maroko (582.000), Errumania (527.000), Ekuador (427.000), Erresuma Batua (314.000), Kolonbia (261.000), Bolivia (200.000), Alemania (164.000), Argentina (141.000), Italia (135.000), Txina (106.000), Peru (103.000), Portugal (100.600), Frantzia (100.400), Brasik (90.000), Ukrania (69.000), Dominikar Errepublika (65.000), Polonia (61.000), Venezuela (51.000), Paraguay (46.2000), Uruguay (46.000).

05/02/2008 GMT 1

Kontratu mugagabe gutxi etorkinentzat

martinez @ 19:31

2006. urtean Euskadin ia 80.000 kontratu izenpetu zuten etorkinek. % 9,5 baino ez ziren mugagabe izan. Hala dio behintzat Langile Komisioak sindikatuak.

Kontratu gehienak (& 61,8) zerbitzuen sektorean izenpetu ziren, batez ere emakumeenak (% 91) ostalaritzan eta etxeko zerbitzuan. Eraikuntzan, ordea, % 23 baino gutziago dira atzerritarrak eta are gutxiago dira industrian eta nekazaritzan.

Enpresa-buruek aitzakiztzat darabilte etorkinek gehienezko epe mugatua dutela gurean egoteko eta horregatik ez diete kontratu mugagaberik egiten. Baina horrek zerikusirik ez dauka egoteko baimenarekin; aitzakia baino ez da, esan bezala, ahul eta pobreenak zapaltzeko.

Emakume etorkinak bizi dira prekarietate egoera larrienean. Gehienek hamar ordu baino gehiago ematen dute lanean egunean. Bost ordu eskasetan hartzen dute etseden egunean, beti egon behar dira erabilgarri eta soldata eta oporrei babagozkie, legetik kanpo ohi dabiltza.

Urte horretan 211 kontratu bakarrik izenpetu ziren etxeko zerbitzuen sektorean. Behar-beharrezkoa da, beraz, sektorea behingoz arautzea.

29/01/2008 GMT 1

Inmigranteen tristezia

martinez @ 21:11

Tristezia, beldurra, gizartetik baztertzeko joera, motibazio eza, haserrea... Horra hor inmigranteek pairatu ohi dituzten sintomak. Herria utzi eta egun batzuk, edo hilabete batzuk geroago, bizimodu normala egiten hasten direnean agertzen zaie umore iluna, herriminaz baino haratagokoa, are arriskutsuagoa.

Eztabaidan hasiko dira guztiekin, negarrez ere bai, eta familia eta laneko gatazkek txarrera egin dezakete. Hortaz jakin behar dute hori guztia erabat normala dela, dolua baino ez dela maite zuten zerbait galdu dutelako. Claudio Maruottoko argentindarrak azaldu digu. Berak badaki zertaz ari den, Argentinatik Bilbora etorri baitzen orain dela urte asko.

Jakin behar dute herria ez dutela galdu, urrundu baizik. Horrela pentsatuta, ez da hain traumatikoa izango. Baina alde txarra ere eduki dezake horrek: baliteke-eta arreta guztia urrundutako hartan jartzea eta orainaldiaz ez gozatzea. Gainera, inmigranteak gauza asko galtzen ditu: familia, adiskideak, kultura, hizkuntza, janaria, ingurukoekin har-emateko modua... Kolpe handia da hori guztia batera.

Dolu-aldia iragan behar da derrigor, apurka-apurka, presarik gabe, aldi guztiak bizi izanez: lehendabizi, ukazioa dator; inmigranteak berehala egokitu nahi izango du, galdu edo ahaztu egingo ditu bere herriko ezaugarriak. Gero frustrazioa etorriko da, herria idealizatu eta herria ez den guztia arbuiatu. Hirugarrenik, egoera berria onartu egingo du azkenik. Une horretantxe bukatuko da dolu-aldia eta hasiko da benetako egokitzea.

Gure esku ere badago hori guztia erraztea: eskuzabal, malgu jokatzen badugu etorkinekin, are zoriontsuago biziko dira gurean.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!