Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: hizkuntza

23/07/2007 GMT 1

Atapuerka?

martinez @ 15:39

atapuerca.jpgTxantxetako kontua dirudien arren, Xabier Kintanak ederki argudiatu du, www.erabili.com gunean plazaratutako artikulu batean, Burgoseko Atapuerca aztarnategi ezagunaren izen horrek euskal jatorria duela.

Hasierako "ata-" horrek (inoiz "eta-" aldaeraz) euskal toponimo askotan dugu, hala aurrizki nola atzizki: Atauri, Etaio, Mendata, Etxegarate... Fililogo izan beharrik ez dago jakiteko "ate" esan nahi duela; hau da, "puerta", "puerto", mendien arteko sarrera edo irteera.

Beraz, Atapuerca "ate-puerta" geminatu semantikotik etorriko litzateke eta gero "puerta" bukaera "puerca" bilakatuko zen, gaztelaniazko "puerco, -a" berbaren eraginaz edota lehenengo eta bigarren t-en disimiliazioaz.

Toponimian anitz dira geminatu semantikoak hala gaztelaniaz nola ingelesez. Pirinioetan dugu, esaterako "Valle de Arán", "aran" (euskaraz) eta "valle" (gaztelaniaz) esanahiaz antzekoak direlarik. Malaga aldean badago halaber "Fuente de la Aina" izeneko iturri bat, "fuente" (gaztelaniaz) eta "aina" (arabieraz) iturri direlarik. Eta Galesen, azkenik, badago Mount-Pen-Hill mendixka, hiru berba horiek ("mount" latinez, "pen" galesez eta "hill" ingelesez") 'mendi' esan nahi dutelarik.

Hiztegi arruntean ere badaude geminatu semantikoak: gaztelaniaz oso ohikoa da "perro dogo" izeneko txakurra: "perro" gaztelaniaz eta "dog" ingelesez. Eta kaleko edo familiarteko euskaraz arruntak dira oso "egia verdaderoa", "antzerako parecidoa" eta "beste punta-muturrean".

25/06/2007 GMT 1

Asisco loria

martinez @ 18:44

Krispin Beovide frantziskotarrak idatzi zuen "Asisco loria", San Frantzisko Asiskoaren hagiografia, bada, 1885ean eta Klasikoak bilduman argitaratu zuen Euskal Editoreen Elkarteak 1992an.

Beovidek gipuzkeraz idatzi zuen (giputza zen bera, Zarautzen eta Tolosan bizi izandakoa), behenafarreraren ñabardura batzuekin.

Erromantzekoen antzeko joskera darabil, klasiko askok bezalaxe, eta euskal kondaira tradizionaleko formula sintaktikoak agertzen dizkigu: "Bazen behin...", "Au zan gizon bat..."

Euskara jatorra, garbia, herrikoia darabil, oso komunikatiboa, oso baliagarria gaur egun ere bai ("gaur dan egunian" dio Beovidek), alfabetatu gabeek entzutekoa, hark berak dioen bezala: "Zerorrek ezpadakizu letzen, beste bati irakur azi egiozu."

Eta nik ikasleei eman ohi diedan gomendioa bera ematen die irakurleei: nik gomendatu ohi diet euskal liburu klasiko bat hartu eta egunean zatitxo edo kapitulutxo bat irakurri eta prosodia, erritmoa, barneratzea. Beovidek gauza bera dio, baina nik baino askoz politago: "Egunean orritxo bat bedere letu biar dezu".

18/06/2007 GMT 1

Elkarrizketa Pruden Gartziari

martinez @ 16:22

Argia astekarian eta www.erabili.com gunean argitaratu dute elkarrizketa mamitsua Pruden gartziarekin. Pruden gartzia Euskaltzaindiaren Azkue liburutegiko zuzendaria da, euskaltzain urgazlea eta Filisofia-Letratan doktorea Madrilgo Unibertsitate Autonomotik. Elkarrizketako mamitsuena laburtuko dizuet.

"Historian euskararen inguruko bi jarrera izan dira: euskara etxerako eta euskara plazarako. Abertzale klasikoek (Orixe, Zaitegi...) euskara minoritario gisara izan dute beti. Laffittek, adibidez, ez zuen uste euskaraz nobelak egiterik zegoenik; haren ustez euskara zela bertso, ipuin edo herri antzerkirako. Ez zuten inondik inora uste hizkuntza hegemonikoa izan behar zuenik.

Gero, 1950eko hamarkadan, aldaketa etorri zen. Esuaka lehen aldiz normalizatu nahi izan zen. Hori da "Jakin"en belaunaldia eta "Leturiaren Egunkari Ezkutua"rena.

Apur bat lehenago, Unamuno, Ortega y Gasset, Menéndez Pidal eta beste batzuek euskararen kontra egin zuten, frantsesen antzera uste zutelako nazioak hizkuntza bakarra behar zuela. Frantsesen égalité delako horrek horixe ere esan nahi baitu: denok hizkuntza bera.

Lazarragak XVI. mendean gertatutakoa ezagutzen lagundu digu: euskal eliteek Espainiako erregearen inguruan lobby moduko indartsu bat sortu zuten. Zeren hitzari beldurrik eduki gabe esan daiteke euskal eliteak espainolak zirela. Horrek euskarari kostu izugarria ekarri zion.

Euskal eliteek gazteleraz egiten zuten, gaur negozioetan ingelesez egiten dugun bezala. Etxean, berriz, euskaraz mintzo ziren eta sistema horrek 300 urtean iraun zuen. Ezinezkoa da denbora horretan euskararen mugalk mugitu ez izana, eliteek erabil ez balute. Euskara uko egin baliote, XVII. menderako galduta egongo zen hizkuntza.

Batzuetan esan izan da euskarak iraun duela hizkuntza isolatua izan delako, mendietan galduta ibili delako. Ez da egia. Euskal Herria Europako leku urbanizatuenetakoa zian da XVI. mendetik hona. Esukaldunak mundu osoan zebiltzan: San Frantzisko Xabier Japoniara ailegatzea ez zen txiripa izan.

Baserri idilikoaren mundua existitu zen, bai, baina sare urbanorik ere bai. Frankismoak moztu zuen euskarak hiriarekin zeukan lotura eta galera ikaragarria ekarri zuen: Nafarroan belaunaldi bakar batean galdu zen hizkuntza.

(...) Arabako Iruña-Veleiako erromatar aztarnategiko oraindik oso berde dago eta ez dakigu nora joko duen. Oraindik ez dago emaitza ofizialik, inork ez du ezer esan nahi eta urtebete eman dugu horrela. Erakunde publikoek badute erantzukizuna, politika gardenagoa bultzatu beharko luke-eta.

Oraindik jende asko defendatzen du euskara kanpotik ekarria delako teoria hori. Duela gutxi Salamancako katedratiko batek Araban ez ezik, Hegoalde osoan euskara berria zela zioen, frantsesek ekarria-edo.

Iruña-Veleiaren berritasuna ez dago euskaran bakarrik, Erromatar Inperioaren historia ere ez da ondo ulertzen, ez dator bat orain artekoarekin."

12/06/2007 GMT 1

Diglosiaren ondorioak Garateren iritziz

martinez @ 16:47

Gotzon Garatek 2007ko ekainaren 11n, San Bernabe egunean, www.erabili.com gunean plazaratutako artikulu batean Euskal Herrian frantses, espainol eta euskararekin bizi dugun egoera diglosikoaz hitz egin digu.

Garateren kezka da gazteek ez dutela euskaraz egiten, espainolez errazago egiten dutelako. Eta nik horri gehitzen diot espainolez gustorago, aiseago egiten dutela. Hona hemen datu benetan kezkagarria: Bermeon, hau da, herri benetan euskaldun batean, gazteen herenak baino ez du euskara ahotan.

Spektrum der Wissenschaft (Zientziaren Aukera) aldizkari entzutetsuko lerro pare bat dakar aipura Garatek: "Gizaldi honetan munduko hizkuntzarik gehienak galdu egingo dira, ehunetik 70 edo 90".

Hemen dago koska: euskaldun askokespainolez pentsatzen dute. Horregatik idaztean euskal egitura pikutara igortzen dute. Askok uste duten ez bezala, lexiko arrotzak ez dio hain kalte handirik egiten hizkuntzari; egitura aldrebestea da askoz ere kaltegarriagoa.

Honela bukatu du Garatek artikulua: "Frantsesez pentsatzen duenak sekula ez du alemanez ongi idatziko. Ez eta espainolez pentsatzen duenak euskara zuzena erabiliko. Estrukturan hutsak egingo ditu."

Nire erantzuna: Garate jauna, itzultzaile onak badaude munduan. Eta jaiotzetiko elebidun eta hirueledunak ere bai.

09/05/2007 GMT 1

Hizkuntzaren egoera

martinez @ 20:28

Bittor Hidalgo Izagirreren artikulu batetik hartu ditut datuok, euskararen egoerari buruzkoak. Hona hemen:

  • Euskaldun kopurua hazi egin da: 800.000 bat gara orain.
  • Ia-euskaldunen kopurua ere ez da ahuntzaren gaueko eztula, 600.000 bat dira-eta.
  • Hizkuntzaren erabilera, ordea, ez da horren neurrian hazi. Hidalgoren esanetan, hiztun gazte irabaziak ez ditugu euskaldun bihotzeko bihurtu eta gero eta gehiago gara erdaraz hobeki (eta maizago) moldatzen garenak.
  • Haboro ez dago euskaldun elebakarrik. Hil egin dira denak.
  • Administrazioak erdaldun dirau.

Horra hor diagnostikoa. Datuon gaineko gogoetak luze joko luke. Beste egun baterako utziko dugu, bada.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!